Irakaslea

Iristea

Aster Navas
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Astelehena. Fotokopiak egiten ditudan bitartean El Repe-z gogoratu naiz. Repe haurtzaroko laguna da; bere bikia baino minutu batzuk beranduago jaio zena. Horrexegatik klasekideok bera Repe bataiatu genuen, Juliorengandik, izena mantendu zuena, bereizteko. Gaurtik ikusita anker samarra baderitzot ere goitizen hori inolako gaiztakeriarik gabe sortu zen; umeon logika hutsa: El Repe bere anaiaren ostean iritsi zen mundura, haren kopia balitz bezala, jatorrizko originalaren kopia bat. Aditz horri —«iritsi»— erreparatu diot. Gaur egun iristea dugu helburu nagusi: udaberrira, udara, batxilergora, erretirora, hilaren amaiera, Europara, Bruselara, zahartzarora —ufff, Biden eta bere jaka; Bidenen nahasketak...—, Moncloara, Etxe Zurira, ilargira, orgasmora... Puntu batetik bestera doan distantzia presaka zeharkatzen dugu, egin behar dugun bidaia horretako —astelehenetik ostiralerakoa, esate baterako— uneez jabetu gabe. Tomate urdin pare bat erosi ditut; kuriositatez. Aurten ere ez naiz mozorrotu. Whatsappa eguneratu behar izan dut. Hemezortzi gradu.

Asteartea. Sarean saltseatuz zartaginak bakarrik saltzen dituen webgune bat aurkitu dut. Azpitituluan diotenez, 1824tik belaunaldiz belaunaldi igaro da fabrika gurasoengandik seme-alabengana. Urte hartatik hona badillotarrek —holan deituko diegu publizitaterik ez egiteko— zartaginak besterik ez dute egin. Izugarria iruditzen zait sikiera badillotar bakar batek ere familia-tradizioa hautsi ez izana eta zartaginetatik haratago bizitza dagoela deskubritu ez izana; gizakia ez dela zartaginez bakarrik bizi konturatu ez izana. Ikaragarria iruditzen zait familia horretan jaiotzeagatik, tradizio hutsagatik zure patua mugiezina izatea. Bere webgunetik nabigatzen dudan bitartean, Badillo familiakideak mahai gaineko solasaldietan zartaginei buruz hitz egiten imajinatzen ditut, burdinazko, altzairuzko, tefloizko, indukzioko zartaginekin ametsetan... 200. urteurrenera iritsi dira. Ailegatu behar da. Kiko El Cabra zen ustez narkotxalupa gidatzen zuena. Kikori ordaindu egiten zioten heltzeagatik, hondartza galdu batera iristeagatik.

Asteazkena. Goizean Fernandorekin topo egin dut. Badakit gezurra dirudiela, baina garai batean, Fernando eta bion gaztaroan, aparaturen bat hondatzen zenean, konpondu egiten genuen. Oso ideia argitsua zen bigarren edo hirugarren aukera bat hozkailuari, irabiagailuari ematea. Izan ere, nire lagun Fernandok konponketa tailer —lonja— bat zuen, eta bertan mota guztietako etxetresnak pilatzen zitzaizkion, leku hartan egon izanaren justifikazio txiki bat zeramatenak: «Gelditu egin zen eta ez da berriro martxan jarri», «UHF bakarrik ikusten da», «batzuetan funtzionatzen du eta beste batzuetan berriz ez», «piztean erre usaina dago», «ikusten da, baina ez da entzuten», «entzuten da, baina ez da ikusten», «gauez baino ez dabil!». Udaran eta oporraldian C15 zuri batean ia berrogei kilo pisatzen zuten telebistak —«koloreak galdu ditu», «ez dago amatatzerik»— horraino garraiatzen lagundu nion. Lonjak, espazio horrek Ehun urteko bakardadea eleberritik ateratakoa ematen zuen. Hori guztia eta istorio liluragarri gehiago gertatzen ziren zaharkitze, obsolestzentzia programatura iritsi, heldu, ailegatu aurretik. Nola iritsi diren puntu horretaraino Castroko bi anaiak? Zein kale edo kalezulotatik heldu diren haraino? Langabezian dago; Antonio, diot. Aspalditik.

Osteguna. «Deitu iristen zarenean», entzun diot emakume bati esaten bere alabari Bilboko Intermodalean. Euria ari du. Azkenean depresioa iritsi da isobarek iragartzen zuten baino lehen. Egunkariak dioenez, iritsi zaizkion kritikek gogoeta eragin diote Alberto Garzoni kargu, pelotazo horri ez «heltzeko».

Ostirala. Etxera gidatzen dudan bitartean, sirena bat entzun dut nire atzetik, Karlos VII.aren etorbidean bidea irekitzen saiatzen. Irratian tertulianoek Antonio Tejadori buruz eztabaidatzen dutelarik eskuinera jo dut anbulantzia lehenbailehen iritsi ahal izateko. Tomate urdinak entsaladan afaldu ditut. Tripako mina izan dut gauez: ikusmena eta dastamena akordio batera iritsiko ez balira bezalaxe.

Larunbata. Badatozkit burura Madrilen bizi izandako urteak. Lan egiten nuen institutua gure egongelako leihotik ikusten zen. Oinez El Pilar auzora iritsiko nintzatekeen hamabost minutu pasatxoan, baina ezinezkoa zen: M-30 eta M-40 errepideak zeharkatu beharko nituzkeen. Ikastetxea, IES Manuel Chaves, hantxe bertan zegoen, eskueran; patioa eta geletako gortina horiak ere ikusten ziren, baina hiru transbordo egin behar nituen haraino —agian horraino, sofatik begiratuta— iristeko. Autobiei esker etxeko atean geneukana Toledo baino urrunago zegoen. Lehenago iristen, heltzen, ailegatzen ginen Segoviara Malasañara, Cibelesera baino. Alvaro Djaló, Bragako aurrelaria, laster iritsiko, helduko, ailegatuko omen da Athleticera. Dirudienez, jokalaria Basaurin erroldatuta dago bost urte zituenetik; bai, askoz lasaiago geratu naiz.

Igandea. Egun ikusgarria. «Ez dakit, laztana, udaberria den gugana heltzen dena edo gu garen udaberrira iristen garenok», esan diot emazteari Portuko kaitik paseatzen gabiltzala, farora heltzerakoan. «Pues anda que no queda invierno, gordi...», erantzun dit berak.

En fin.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.