Noiz hartu genuen euskaldunok Irlandako galbidea? Irlandan bertako gaelikoa berreskuratzearen aldeko politiken galbide bertsuetan omen gabiltza euskaldunok. Arantxa Iraolak Conchur o Giollagaini egindako elkarrizketan irakurri dugu.
Hauxe dio hitzez hitz: «Igual Euskal Herriko agintariek gutxietsi egingo dute Irlandan gertatzen ari dena: ‘Gu ez gaude horrela’, esan dezakete. Baina han egiten denaren antzeko gauzak egiten ari dira hemen».
Han eta hemen bertako hizkuntza nazional gutxietsi eta baztertuaren aldeko «politika sinbolikoa» egiten omen da. «Baikortasun faltsuan» oinarritua. Euste politika ere badarabil itxurakeriazko hizkuntza politika sinboliko engainagarria izendatzeko. «Diglosia bikoitza»-ren esapidea ere aipatzen du adituak euskararen egoera definitzeko. Bien bitartean, han eta hemen hizkuntza maioritarioko alderdiek «onartu eta edo toleratu egiten dituzte [bertako hizkuntzaren alde hartutako neurriak], badakitelako sinbolikoa dela dena, eta hori ez doala inora».
Gure Iparraldean egiten ari diren hizkuntza politika publikoak definitzeko ez legoke modu egokiagorik. Orobat Hegoaldean egiten den hizkuntza politika ofiziala definitzeko ere aski zuzena da. Izan ere, batean zein bestean egitura soziolinguistikoaren statu quoa iraultzeko ez asmorik ez borondaterik duen glotopolitika baita nagusi Euskal Herri osoan. Botere soziolinguistikoaren oinarrizko egiturak dauden-daudenean utzita egiten den hizkuntza politika baita gurea. Botere soziolinguistiko bidegabeari men egiten diona.
Azaleko faktore errazetan oinarritutako glotopolitikak omen dira Irlandan eta hemen indarrean daudenak. Sinbolikoak eta xaloak. Errealitatea «ukatzen» duen ideologia negazionistaren ezpalekoak. Zinezko botere soziolinguistikoaren «zuztar aski sakonekin» zerikusirik ez dutenak. Hori dio O Giollagainek. Ondorioa berez mintzo da: «Hizkuntza gutxitu sendoenak ere, katalana, euskara eta galesa, krisian daude; beraz, horrek esan nahi du zerbait oker dagoela diagnostikoan, eta zintzo jokatu behar da hiztunekin, alde handia ikusten baitute zer esaten den eta zer gertatzen ari den».
Irlandako eta Euskal Herriko agintariak negazionistak omen. Mendekotasun soziolinguistikoei bizkarra emanda bizi bide dira. Ez dira gai errealitate soziolinguistikoa bere gordinean hautemateko. Ez dute hango eta hemengo hizkuntza nazionalen egoeraz zinezko diagnostiko bat egiteko kontzientziarik. Beste era batean esanda, agintari asimilatuak lirateke ideologia nazionalari dagokionez. Hizkuntza eta kultura politika kolonialaren uztarripean bizitzeak ez dielako ondoezik eragiten. Hizkuntza eta kultura arrotzaren hegemoni(smo)ak ez die ezinegonik sorrarazten. Bertan goxo, beraz.
Ados. Baina nazio asimilazio kolonialaren zurrunbiloak ez ditu nazio zapalduko agintariak soilik irensten. O Giollagainek dio «zintzo jokatu behar» dela «hiztunekin», horiek gai omen dira agintariek esaten dutena eta egiten dutena bereizteko. Eta, oker ez banago, hementxe dago betiko hutsunea: hizkuntza eta nazio ukatuen historia soziala eta politikoa zirriborratzerakoan, asimilazio kolonialaren radarrak ez die funtzionatzen aditu eta ikerlari gehienei. Izan ere, komunitate nazional minorizatutako herri guztia irensten eta asimilatzen du goiz edo berandu estatu nazional kolonialaren identitate-politikak. Goikoak eta behekoak. Erreakzio gaitasuna iraungi egiten du asimilazio kolonialak, azpilana tarteko. Horregatik ari dira hiltzen munduko hizkuntza eta kultura gehienak, edo horregatik hilko dira mende honetan barrena.
Edonola ere, hitz aipagarriak esaten ditu O Giollagainek delako elkarrizketa horretan. Adibidez, hobbyen inguruan: «[….] espainiarrentzako hobby edo zaletasun bihurtuko da [euskara]. Hainbat zoriontsu egingo ditu euskara hobby modukoa izateak, kirolak-edo egiten dituen moduan, baina galdetu behar zaie euskaldunei hizkuntza bizia nahi duten, edo hobby bat. Hizkuntza politikak, gaur egun, hobbyaren bide horretan daude, ez kultura bizi baten alde».
Zorioneko aisialdia eta euskara. Euskararen erabilera bideratu behar zuen esparruaren dohainak azpimarratzen ari gara aspaldi honetan. Euskara ondo pasatzearekin eta plazerarekin lotzen dituen gure kultura soziolinguistikoaren urrezko arau bihurtu dugu aisialdia. Hizkuntzaren egitekoa inoren gozamenera eta atseginera mugatuko balitz bezala. Hizkuntza, ezer izatekotan, ordea, giza ekintza ororen tarteko eta kondizio da. Hizkuntza «kultura bizi» baten mintzabide eta pentsabide ez bada, bizitzaren gazi-gozoen espresio eta bizipen ez bada, hots, noranahikoa ez bada, soberan baitago.