Euskaltzaleen Foroko kidea

Iruñea eta Nafarroa, norentzat eredu?

Jon Aleman Astitz
2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroa eredu? Lehengo batean, hara zer esan zuen ETBn EH Bilduko legebiltzarkide batek: «Iruñeko eta Nafarroako itunak beste erakunde batzuetan egin daitekeenaren adibide praktikoak dira», edo «Nafarroako ereduak Euskal Herriko beste lurralde batzuetarako balio diezaguke». Jakitun ote da Nafarroan eta Iruñean euskararen auzian gertatzen ari denaz? Aspaldidanik Iruñean bizi den nafar euskalduna naizelarik, ez nago batere ados EAEko legebiltzarkide horrek esandakoekin. Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin-ek osatua eta EH Bilduk babestua) euskarari jarritako oztopoak etengabeak izan dira. Izan hezkuntzan, izan administrazioan, oro har. Ikaragarria da gertatzen ari dena eta PSN egiten ari dena «nafar guztien berdintasunaren» eta «errealitate soziolinguistikoaren» izenean, hori bai. Eta alderdi abertzaleak isilik?

PSNk UPN, PP eta VOXekin bat egin ohi du euskararen (aurkako) auzi guzietan, nafar euskaldunon hizkuntz eskubideen kaltetan. Eskuintzarrak bezala, PSNk ere nafar euskaldunon hizkuntz eskubideak eremuka antolatzen ditu. Labur-labur, euskaldunok euskal eremuko zerbitzu publikoetan euskarazko arreta jaso dezakegu (nahiz anitzetan ez), baina Iruñerrian oso nekez, eta eremu erdaldunean inola ere ez. Bestela esanda, nafar euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara Nafarroako bi herenetan, baita gobernu «aurrerakoi» delako honekin ere. Aurrerakoi, euskaldunok baztertuz? Gobernu honek burututako erasorik larrienetako bat merituen dekretua izan da (97/2024 Foru Dekretua). Honen eraginez, eremu mistoko udaletako lanpostu publikoak eskuratzeko lehiaketetan euskara gehienez ere %2 murritz batekin saritu ahalko da. Komeni da azpimarratzea Nafarroako lan eskaintza publiko gehienak oposizio edo azterketa hutsez ebazten direla, eta ez dela inongo meriturik aintzat hartzen, ezta Nafarroako berezko hizkuntza den euskararentzat ere.

Agintaldi honetan 76 lan deialditan ez du euskara aintzat hartu Iruñeko Udalak. Ia Tuterakoak (UPN) bezala jokatzen du hizkuntzaren auzian, eta administrazioa elebidun bihurtzeko bidea zeharo blokeatuta dauka

Iruñeko Udaleko kasuak arreta berezia merezi du. Iruñeko Udalean EH Bildukoa da alkatea, baina gehiengoa biltzeko PSOE behar du, eta horrek eragin zuzena du udalaren hizkuntz politikan. Iruñeko Udaleko 2026ko plantilla organikoan lanpostu elebidunak %0 dira Hirigintza Gerentzian, eta %4,8 gainontzeko udal arloetan.

Euskara meritu gisa puntuatzeko orduan inoiz baino okerrago jokatzen ari da Iruñeko Udala, orain arteko agintaldirik okerrena bihurtzeraino. Izan ere, euskara ia sistematikoki ez da puntuatu ere egiten. Udal honek lau lan deialditan besterik ez du puntuatu euskara: behin %0,5 puntu emanez, bitan %1 eta beste behin %1,65. Hutsaren hurrengoa, beraz, eta hori Poliziaren Lege bereziak behartuta.

Agintaldi honetan 76 lan deialditan ez du euskara aintzat hartu Iruñeko Udalak. Beste modu batez esanik, Iruñeko Udalak ia Tuterakoak (UPN) bezala jokatzen du hizkuntzaren auzian, administrazioa elebidun bihurtzeko bidea zeharo blokeatuta dauka, eta iruindar euskaldunon hizkuntz eskubideak zokoratuak.

Eta bukatzeko, zer esan Espainiako Parlamentuan gertatu denaz eta amaieran den agintaldi honetaz? Zertarako balio izan digute Espainiako Parlamentuan ditugun botoak? EAJren bostak eta EH Bilduren seiak PSOEk nahitaezko zituenak? Euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzearen alde omen dauden Geroa Baik eta EH Bilduk lehenik eta behin badute garaia hitza bete, fikziozko ipuin baikorrak zabaltzeari utzi eta euskaldunok baztertzen gaituzten eragile eta gobernuen bazkide edo bidelagun izateari uzteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA