Santi Leone.

Iruñeko Hizkuntza Eskolako matrikulazio librea dela eta

2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Urtero, ikasle ofizialek ez ezik, hainbat ikasle librek ere azterketak egiten dituzte Iruñeko Hizkuntza Eskolan, bai maiatz-ekainetan, bai irailean, hizkuntza maila jakin baten ziurtagiria erdiesten saiatzeko. Aurten, halere, Hezkuntza Departamentuaren jarrera arduragabearen ondorioz, Eskolako Euskara Departamentuan ezin kudeatu dugu jaso dugun ikasle libreen kopurua, betiere kalitatea ziurtatze aldera gutieneko irizpide batzuei eutsi nahi badiegu.

Iaz izan genuen ikasle kopuruak eginahal berezia egitera behartu gintuen, eta, ikasturteko memorian —2014ko ekainean idatzia—, adierazi genuen matrikulazioak goiti eginen balu —eta litekeena goiti egitea zela azpimarratzen genuen—, Euskara Departamentua, dituen irakasleekin eta denborarekin, ez litzatekeela gauza izanen aztertu beharreko ikasle kopuru horri aurre egiteko. Horregatik, bi aterabide proposatzen genizkion Hezkuntza Departamentuari: edo maila altuenean, C1en alegia, ikasle librerik ez onartzea, EGA azterketa eginez maila horren titulua eskuratzeko aukera baitute ikasleek gure eskolatik kanpo; edo azterketa egitera onartuko ziren ikasleen kopurua gure baliabideen neurrira mugatzea.

2014-2015eko ikasturte hasieran, formalki eskatu genion Hezkuntza Departamentuari edo C1eko matrikulazioa librea bertan behera uzteko, edo, horren ordez, gehieneko ikasle kopuru bat ezartzeko. Ezetza izan zen erantzuna; hori ikusita, 2015eko otsailean, matrikula librea hasi baina astebete lehenago, hirugarren aldiz igorri genizkion Hezkuntza Departamentuari, idatziz, gure aurreikuspena eta gure eskaerak. Berriz ere ezetza jaso genuen.

Hondarrean, matrikulazio librea ailegatu zen eta, guk iragarri bezala, Hezkuntza Departamentuko arduradunei hiru aldiz gaztigatua genien problema sortu da. Matrikulazio libreak goiti egin du, eta iaz 750 ikasle baino gehiago izatetik aurten 1.100 ikasletik goiti izatera pasatu da: hau da, iaz izan genuen denborarekin eta genuen langile kopuru berberarekin, iaz baino %45 ikasle libre gehiagori eman beharko genioke arreta. Ezinezkoa da. Gehien handitu den kopurua, gainera, C1ekoa izan da (370 bat ikasle izatetik 500 ikasletik goiti izatera pasatu gara), hau da, zuzenketa zorrotzena eta finena eskatzen duen maila, C1eko titulua lortzeak —edo ez lortzeak— batzuetan hautagaiak lanpostu batera sarbide izatea —edo ez— ekar baitezake. Ikasleek maila guzietan merezi dute zorrotz eta egoki ebalua ditzagun, baina C1 mailako azterketa bat zuzentzea ez da inolaz ere arin hartzen ahal den zeregina.

Arazoa sortutakoan, Euskara Departamentuan, alde batetik, saiatu gara lortzen —alferrik saiatu ere— Hezkuntza Departamentuak heldu den urteko problema honi behin betiko konponbidea emateko konpromisoa har dezan, eta ikasle libreen kopuru mugatu bat jar dezan; bertze aldetik, aurtengo problemari begira, proposatu genuen, salbuespen gisa eta badaezpadako aterabidea zela aitortuta, ikasturte akabera maiatzaren 20tik maiatzaren 7ra aitzintzea eta bi laguntzaile kontratatzea.

Azterketak gure ikasle ofizial eta libreek merezi duten seriotasunez zuzentzeko manera izan dezagun denbora edo langile kopurua handitu beharrean, Hezkuntza Departamentuaren erantzuna hauxe izan da: astia hobeki «aprobetxatze aldera», zuzenketaren kalitatea ziurtatzen duten mekanismo guziak deuseztatu behar ditugu. Orain artio, C1eko ahozko probetan, hiru irakasle aritzen ziren epaimahai bakoitzean (ikasleak ere hirunaka aztertzen dira); aurten, bik osatuko dute epaimahai bakoitza (ikasleak hiru izanen dira, halere); C1en azterketa idatzi guziak binaka zuzentzen ziren orain artio, zalantzazko kasuak ugari izaten baitira; aurten, bakarka zuzendu beharko ditugu azterketa guziak, baita zalantzazko kasuak ere. Hezkuntza Departamentuak onartu du irakasle eta erdi kontratatzea, azterketa idatziak zuzentzen laguntzeko. Hartara, baliteke aldez aurretiko esperientziarik gabeko bi lagunek, irakasle guziendako nahitaezkoak diren irizpideak bateratzeko saioetan parte hartu ez dutenek, bakarka zuzendu behar izatea C1eko azterketa multzo handi bat —lanpostu bat erdiesteko funtsezkoak izan daitezkeen azterketak, ez dezagun ahaztu—.

Adierazpen publikoetan, Hezkuntza kontseilariak maiz hezkuntzaren kalitatea aipatzen du bere politikaren ardatz; praktikan, bistan da kantitatea dela axola zaion bakarra. Izan ere, ikasturte akaberan nolanahi zuzentzea eskatzen ari zaigu, lana aurrera ateratzea baita inportanteena; lan hori nola egiten den, ordea, ez da hain garrantzitsua, antza.

Hezkuntza Departamentuak dio herritarrei zerbitzua eman behar zaiela: paradoxikoki, iduri du zerbitzua ematea dela azterketa egiteko nahi adina ikaslek izena eman dezaten onartzea; ez, ordea, beharrezkoak diren giza baliabide eta baliabide materialak paratzea, ikasle horien probak behar bezain ongi baloratuak, kalifikatuak eta zertifikatuak izan daitezen. Prentsan, kontseilariak maiz aipatzen du hitz egiteko eta entzuteko prest dagoela; gure esperientzian, ordea, Hizkuntza Eskolaren inguruko erabakiak gure iritziak eta ikuspuntuak kontuan hartu gabe hartzen dira —anitzetan, gure iritzien eta ikuspuntuen kontra—, eta Eskolarekin deus ikustekorik ez duten eta hizkuntza azterketa bat zuzentzeak zer-nolako ardura dakarren ez dakiten pertsonek hartzen dituzte erabaki horiek. Ez gure ikasleek ez guk ez dugu merezi gure lana kudeatzeko tenorean Hezkuntza Departamentuan erakusten duen fribolitatea —edo, batzuetan, ozta-ozta disimulaturiko mespretxua—.

Aurten, Hezkuntza Departamentuaren aginduz, Iruñeko Hizkuntza Eskolako Euskara Departamentuko irakasleok kalitatea ziurtatzeko ezarriak genituen protokolo guziak bazter utzi behar ditugu, helburu bakarrarekin: Hezkuntza kontseilari jaunak prentsan erran dezala aurten ikasle askori eman diogula arreta Nafarroako Hizkuntza Eskoletan. Nolanahi ere, gure ikasleei eta geure buruari zor diogun errespetuagatik, argi utzi nahi dugu erabakia ez dela gurea izan.

Artikulu hau Euskara departamentuko irakasle guziek ere sinatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.