Musikaria

Isidro Ansorena: 50 urte

2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Isidro Ansorena 1975eko abuztuaren 20an hil zen, orain 50 urte. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko Domina eman ziotenean, eskertza hitzetan honela esan zuen: «Uste dut, Tagorek zioenez, natura askoz hobeto mintzatzen dela txori baten kantuan kanoien eztandetan baino. Uste dut herri baten ahotsa artean hobeto bizi dela bere historiako orrialdeetan baino, horiek gizon eta klase menperatzaileek hainbestetan antolatu izan baitituzte, euren interesekin arduratsuagoak herriaren bizitzarekin baino. Herria izan da historiako isil handia, baina, artean, berak du ahots nagusia. Eta atzo gure herriaren boza entzun genuen. Denok entzun genuen eta horrexek hunkitu gintuen. Txistu batek jo dezan bitartean, euskarazko hitzik entzun dadin bitartean, gure musika batek begiak lausotu diezazkigun bitartean, izaten jarraituko dugu».

Soilik hamabi urte arte ibili zen eskolan, eta hortik aurrera igeltsero eta txistulari lanetan jardun zuen. Aurrerago, udaletxeko bulegoetan. Ez zen beste ikasketarik. Baina bizitzatik zuzenean ikasteko izan zuen gogoak eskolarik onena eman zion.

Soldaduska San Telmo kuartelean bete zuen, eta makina bat guardia burutu Kañoietan Plazan. Aste Nagusiaren hasiera kanoikada batez markatzea ez dut uste gogoko izango zuenik. Tolosarra zen alkate baten kapritxoa izan zen, Ramon Labaienena, soldadutxoen oso zalea zelako. Eta betidanik Pastelero deitzen zen abestiari Artillero goiburu jarri zioten. Hain zen ederra pastelero zaharraren eta Praisku mozkorraren alaba gaztearen arteko amodio kontua!

Egia da, baina, artilleroarena ongi uztartzen dela Donostiako oraingo festen eta egunerokoaren buila neurrigabearekin. Inork jarri omen du salaketa eta eskaera su artifizialak programatik ken daitezen, animaliei sufrimendua sortzen dielako. Arrazoi gehiago aipa litezke. Baina gaixoa hiritarra itxaropenik badu udaletxean kasu egingo diotenik. Zaraten kontuan ordenantza barregarria onartu zuten eta hortik aurrera… Hor konpon, hiritar on! Parte Zaharreko Auzo Elkarteak urteak daramatza auzoko zarata kontrolatzen has daitezen, eta, kasurik ez egiteaz gainera, handiagotzeko kolaboratzaile paregabea da gure erakundea.

Eskaera egin duen hiritarrarekin erabat ados, donostiar gehienok animaliak garelako, batzuk arrazionalak. Oraingo alkate donostiarrak eskaerari erantzun dio su artifizialen lehiaketa orain 60 urte ospatzen hasi zela, beste hirietan ere antolatzen direla, eta, eskaera onartuz gero, agian dena bertan behera utzi beharko litzatekeela. Tentagarria! Hurrengo udal hauteskundeetarako programan su artifizialik eta festetako antolamendu zaratatsurik ez egitea jartzen duen hautagaiari emango diot botoa. Odon Elorza prestatzen ari omen da berriro alkategai aurkezteko. Ideia erregalatzen diot. Gainera, azken urteetan, eta itxuraz gehiagora joango da, hainbeste suk jaten gaituztelarik, ez al da makabro samarra su artifizialetan dirua gastatzea, arriskua handiagotzea eta gure jendeak horretara ohitzea?

Kanoikada ederrak botatzen ari zaizkie euskarari epaileak eta laguntzaileak. «Ez dira ari euskararen aurka», diote eurek eta sindikatu salatzaileen ordezkariek. Gezurra. Gerra txikitzaileen ondoren, zapaldutakoaren alde egin behar da. «Diskriminazio positiboa» deitzen zaio, eta hori ez egitea aurka jardutea da. Gaza txikitu eta juduz bete ondoren, zer eskatuko du han Netanyahuk, hebreera eta arabiera palestinarraren hizkuntzen arteko berdintasuna? Ez pentsa hizkuntzaren kontua bigarren mailakoa denik. Beste askoren paraleloan doa beti. Ez gara jabetzen honek guztiak duen arriskuaz. Berandu etorriko zaigu damua.

Txoriaren txorrotxioak ia ez dira entzuten. Aldiz, kanoikaden edo antzekoen burrunba gero eta gehiago. Isidrok esango zigun: «Zuek bai padera kirtenak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.