Filosofiako katedraduna

Jabego pribatuaren ipuina

Julen Goñi
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nik ez dakit gauza asko, egia da,

baina ipuin guztiekin lokartu naute…

eta ipuin guztiak dakizkit.» León Felipe

Gure haurtzarotik (ez dut samurra esaten, haurtzaro asko izugarriak direlako), jabetza pribatuaren ipuina kontatu digute. Liberalismo ekonomikoak, hau da, kapitalismoaren defendatzaileak diren Adam Smith edo F. Hayek bezalako pentsalariek esan digute naturala dela eta edozeren gainetik, bizitza barne, defendatu behar dela. Horregatik, legeak egiten dituztenak tematu dira munduko konstituzio gehienetan eskubide gisa jaso dadin jabego pribatua, baita Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean ere. Baina edozer justizia eskaera lortzeko aipatzen diren giza eskubideek kontraesan nabaria dute beren barnean, zeren jabetza pribatua baldintzarik gabeko eskubide bihurtzea, 17. Artikuluak biltzen duen bezala, bateraezina da garrantzitsuena den lehen artikuluarekin, zeinak hau dioen: «Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasunean eta eskubideetan berdinak, eta, arrazoimenez eta kontzientziaz horniturik, anaitasunez jokatu behar dute elkarren artean». Jabetza pribatuaren existentziak bideraezinak egiten ditu hala askatasuna nola berdintasuna eta, ondorioz, baita duintasuna ere.

Smithek Nazioen aberastasuna idatzi zuenetik 250 urte igaro dira. Kapitalismo modernoaren fundazioaren agiri gisa jaso da idatzi hura, baina erakusten dena da agintzen zuena ez dela gertatu. Esaten zuen esku ikusezina delakoak lortuko zuela merkatuaren autorregulazioa eta gizartearen ongizatea. Kontrakoa gertatu da, ordea. Gertatu dena izan da aberastasun pilaketa esku gutxiagotan eta alde ekonomikoak handitzea eskandaluzko muga ez-moraletaraino.

Esan gabe doa, beraz, jabetza pribatua kapitalismoaren funtsa dela, eta hori gabe eraikin ekonomiko eta ideologiko osoa eroriko litzatekeela. Hala ere, bere izaera naturalari buruzko ipuina horixe da, ipuina defendatzen dutenek mendeak daramatzatela jabetzarik ez duen gizateria gehien-gehiena engainatzen. Izan ere, homo generoaren hasieran, duela ia hiru milioi urte, gizataldeek gobernatzen zuten lurraren eta ehizatzen edo arrantzatzen zuten animalien jabetza komunaren arabera, eta nekazaritzaren etorrerak, duela 10.000 urte inguru, nomadismoa munduko eremu zabaletan desagertzea ekarri zuen. Hesitutako lur-eremuak sortzea bultzatu zuen, nahiz eta familiari, tribuari edo etniari lotutako komunitatearen usufruktukoak izan. Beraz, ezin da inola ere esan jabetza pribatua naturala denik, eta hori erakusten dute, halaber, jabetza komunala, kolektiboa edo usufruktuan zuten bost kontinenteetako zibilizazioek (maiak, inkak...), gizarteek (Australiako aborigenak, Afrikako boskimanoak...) eta herriek (akawaio, ovahimba...). Hau da, ez dute zerikusirik ipuin kapitalistak kontatzen duenarekin.

Jabetza pribatuaren existentziak bideraezinak egiten ditu hala askatasuna nola berdintasuna eta, ondorioz, baita duintasuna ere

Bestalde, ipuinean ez dira bereizten erabiltzen eta kontsumitzen dugun jabetza pribatua (etxea, janaria edo erabiltzeko gauzak…) besteren lanaren bidez lortzen den jabetzatik (enpresen, lurren edo bankaren jabeen onurak, adibidez). Lehenengo jabetzak ez du zapalkuntza eragiten; bigarrenak, bai. Ondorioz, ez dago jabetza pribatu mota bakar bat ere, ipuinak kontatzen duen bezala, eta jabetza pribatu guztiak ere ez dira arbuiagarriak.

Azken egun hauetan, etxebizitza eskuratzearen aldeko mobilizazioek enpresariei, talde kapitalistei oro har, eta haien ordezkari politikoei (PP, Vox eta Junts, estatu mailan, batez ere) egonezina sorrarazi diete. Hauek, erantzuteko-edo, jabetza pribatuaren ipuinera jo dute berriro jendea etxegabetzeko eta alokairuen prezioa jende askorentzat buru gainean duen gillotina bilaka daitekeela justifikatzeko, zeren, haien arabera, jabetza duena askea da nahi duena kobratzeko.

Alferrik itxarongo dute bidegabekeria horiek jasaten dituztenek esku ikusezina laguntzera etor dadin, ipuin bat ere badelako. Jakina, etxebizitza kapitala bereganatzen duen aberastasunaren pastelaren zati bat baino ez da, baina ez bakarra. Honako hauek ere badira: osasuna, hezkuntza, zerbitzuak, garraioak, energia, komunikabideak, banka, eta abar. Bizi garen mundua, azken batean, pastel horren beste hainbeste zati da, horietako asko dohainik edo diru-kopuru barregarrien truke emandakoak, gobernatzen gaituztenek edo gobernatu dutenek, ipuin honen aitzakiarekin: betiere sinetsarazi nahi izanda komunitateari zerbitzu hobea ematen diotela eta, batez ere, jabetza pribatua irmo defendatu behar dela.

Ez gaitzatela ipuinekin lokartu!
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA