Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitatearen izenean

Jaurlaritzaren eskolatzea: oreka hitzetan, desoreka erabakietan

Maria Albisu eta Eneko Lasa
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den martxoaren 24an, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak kezka eta harridura handiz jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2026‑2027ko ikasturterako matrikulazio‑prozesuan egindako esku‑hartzea. Azken urteotan behin eta berriz salatu den eskola‑segregazioko egoeraren aurrean neurri eraginkorrak hartzea espero genuen. Baina gertatutakoak, eta atera berri diren behin betiko zerrendetan berriro agerian geratu denak, erakusten du berriz ere norabide okerrean goazela.

Hezkuntza Sailak aurten lau familiaren eskolatzean esku hartu du egoera larriaren konponbide moduan: horietako bi eskola publikotik itunpeko ikastetxe batera bideratu ditu, eta beste bi, berriz, eskola publikora. Erabaki horrek ezinbestean galdera bat sortzen du: zein logikari erantzuten dio esku‑hartze honek?

2026-2027ko matrikulazio datuei begiratuz gero, Eskola Publikoan matrikulatzeko eskaera egin duten familien %58k jatorria atzerrian dute eta familien %63k ez dute euskara-ezagutzarik. Egoera sozioekonomiko zailean dauden familietako ikasle gehienek Eskola Publikoan eman dute izena. Baina, azken datuak horiek izanda ere, Eusko Jaurlaritzak dio Ikastetxe Publikoaren zaurgarritasun indizea soilik %25ekoa dela; eremukoa, berriz, %21,43koa. Datu horiek ikusita, zaila da ulertzea Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea, baldin eta helburua benetan desoreka murriztea bada. Are gehiago, azken urteotan agerian geratu denez, Ordizian jatorriaren, euskara-ezagutzaren eta egoera sozioekonomikoaren araberako desoreka handiak daudela funts publikoekin finantzatutako ikastetxeen artean.

Hezkuntza-sistema publiko baten helburua aukera‑berdintasuna eta gizarte‑kohesioa bermatzea da. Horretarako, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek partekatu behar dute erantzukizuna, modu orekatuan eta bidezkoan

Egoera hori ez da berria. Arartekoak berak, bi ebazpen irmotan (597/2019/QC eta 2025R-11-24), Ordiziako eskola‑segregazioaren inguruan ohartarazi du, eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari. Bere azken txostenean, gainera, argi adierazi du: desoreka justifikatzen duten azalpen formalek ezin dituzte ordezkatu benetako neurri eraginkorrak. Legeak berak —LOMLOE legeak eta Euskal Hezkuntza Lege berriak— administrazioari eskatzen dio ikasleen banaketa orekatuagoa bermatzeko jardutea.

Horregatik, ez da erraza ulertzen zergatik jarraitzen den erabaki isolatu eta zailak justifikatzen dituzten esku‑hartzeekin, arazoaren muinari heldu beharrean. Are gehiago, Ordiziaren errealitate demografikoa kontuan hartuta: Euskal Herrian migrazio‑tasarik altueneko herrietako bat da (%21,5), eta azken urteetan tasa hori etengabe handitzen ari da. Izan ere, 2‑3 urteko adin‑tartean, bi ordiziarretatik ia batek familiaren jatorria atzerrian du. Testuinguru horretan, aniztasun hori gure hezkuntza‑sisteman modu orekatuan kudeatzea ezinbestekoa da.

Hezkuntza-sistema publiko baten helburua aukera‑berdintasuna eta gizarte‑kohesioa bermatzea da. Horretarako, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek partekatu behar dute erantzukizuna, modu orekatuan eta bidezkoan. Bestela, desoreka ez da murrizten: betikotu egiten da.

Eusko Jaurlaritzak modu orokorrean hartu dituen neurriak eta orain arte harturiko erabakiak ez dira nahikoak izan Ordiziako desoreka bideratzeko. Gure herriko eta antzeko egoeran dauden herri eta auzoetan premiazkoa da desoreka hauek modu nabarmenean gutxitzeko esku-hartze bereziak egitea, ikasleak familien jatorriaren, euskara-ezagutzaren edo egoera sozioekonomikoaren baitan modu orekatuan banatuz. Posible den heinean, familien ikastetxea aukeratzeko askatasuna kontuan hartzea komeni da, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe. Neurri hauek ezinbestekoak ditugu herriko aniztasuna modu aberasgarrian bizitzeko eta elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea bultzatzeko.

Horregatik, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatetik dei argia egiten diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari: gardentasunez jokatu dezala, datuak modu sinesgarrian azal ditzala eta, batez ere, benetako neurriak har ditzala Ordiziako eskola‑segregazioari aurre egiteko. Ez dugu adabaki puntualik behar; plan sendo eta ausarta behar dugu.

Herriko ikastetxeen egonkortasuna eta ikasleen banaketa orekatuagoa bermatuko duen plan bat behar dugu. Bada garaia horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA