Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Justizia itsu, mutu eta gor

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara hirugarren mailako hizkuntza gisa tratatzen duen justizia berbera da Estatu terrorismoari ez ikusiarena egiten diona. Torturaren kasuan, inkomunikazioak ia beti guztiz ezinezko egiten dituen frogak exijituz. Gerra zikinarenean, itsu, mutu eta gor jokatuz begi bistan dagoenaren aurrean. Horregatik ezagutzen dugu denok Estatu terrorismoaren arduradun nagusia, X jauna, espainiar justiziak izan ezik.

Covitek dio «ETAren 379 erailketa argitu gabe» daudela. Ezkutatu egiten du, ordea, baieztapen hori egiteko darabilen irizpide bera aplikatuz, Estatu terrorismoaren kasu bakar bat ere ez dagoela argitua. Bat bera ere ez.

Coviteren iritziz kasu bat ezin baita argitutzat eman baldin eta ez badira egile eta arduradun guztiak identifikatu eta kondenatzen, eta horrelakorik ez da inoiz gertatu ez torturarekin, ez gerra zikinarekin. Inoiz ez dituzte egile eta arduradun guztiak identifikatu eta are gutxiago kondenatu. Inoiz ez.

Guztiz argitutzat daukaten kasu ezagunena Segundo Mareyren bahiketa da. Bada, hamaika gauza daude oraindik argitzeke GAL sigla erabiliz bere gain hartu zuten lehen ekintza hartaz. Are okerragoa dena: bahitzaile, epaile eta agintariek, denek, gezurretan jardun zuten, lotsarik gabe.

Adibidez, denek esan zuten bahitzaileen benetako helburua Mikel Lujua errefuxiatua zela, eta berehala ohartu zirela egindako hanka-sartzeaz. Espainiar Justiziak frogatutzat eman zuen hori, baina guztiz ezinezkoa da halakorik gertatu izana.

Izan ere, El País egunkariak argitaratu zuena ez zetorren inolaz ere bat bertsio horrekin. Egunkariak «espainiar Poliziaren goi kargudunak» iturri gisa jarriz, esan zuen, gatibu zuten bitartean, bahitzaileak Mareyri «informazioa atera nahian aritu zirela; bereziki, ETAri iraultza zerga ordaintzen zioten pertsona, enpresa eta entitateei buruz, eta baita hala lorturiko diruarekin ETAk egiten zuenari buruz ere».

El País-ek argitaraturikoa zeharo bat zetorren, gainera, Marey bahitu eta bi egunera bahitzaileek zabalduriko komunikatu batek zioenarekin, «iraultza zerga kobratzen jarduteagatik» bahitu zutela. Ondorengo komunikatuetan ez zen jada halakorik aipatzen.

Segundo Mareyk argi eta garbi salatu zuen torturatu egin zutela: «Tortura sistematikoa jasan nuen. Profesionalak ziren […] Nire posturaz eta minaz barre egiten zuten. Haluzinazioak nituen, geroztik errepikatu diren amesgaizto ikaragarriak». Hala ere, Marey kasuaz Auzitegi Nazionalak emandako ebazpenean ez ziren hark jasandako torturak ezertarako aipatzen. Gainera, epaileek esan zuten bahitzaileek ez ziotela galdeketarik egin. Hortik atera kontuak nola argitzen dituen espainiar Justiziak halako kasuak.

Amedok, Cal viva bere liburuan, gezur galantak bota zituen Mareyren bahiketari buruz. Esan zuen bahitzea erabaki zutena Mikel Lujua izan zela, «ETAren finantza arduraduna». Non eta nola hartu zuten erabaki hori ere esan zuen: «Guy Metge frantziar poliziak Lujuaren Hendaiako helbidea eman zienean Bilbon egindako bazkari batean. Hura mertzenario batzuen bidez bahitzeko plan bat ere azaldu zien».

Gaur egun, Amedok jarraitzen du esaten bahiketa hura «akats erlatiboa» besterik ez zela izan, sobra dakien arren itzelezko hanka-sartzea izan zela. Seguru badakiela zergatik pentsatzen zuten Marey ETAren diruzaina zela, baina hori ziur hilobira eramaten saiatuko dela, betiko egia-erdiak eta gezur lotsagabeak botatzen jarraitzen duen bitartean.

Amedok sobra daki Mikel Lujuak ez zuela inoiz zerikusirik izan ETAren finantzekin. Ederki asko daki, halaber, Metgek ez ziela eman Lujuaren Hendaiako helbidea, Mareyrena baizik. ETAren diruzaintzat baitzeukaten bazkari hartan izandako guztiek. Marey oso gogor torturatu ondoren baizik ez ziren ohartu gizon hark ezin zezakeela batere zerikusirik izan ETArekin.

Mareyren bahiketa partzialki argitu bazen, Amedok egindako hanka-sartze sinestezinengatik izan zen. Mertzenarioak kontratatzean, froga andana utzi zuen eta espetxeratu egin behar izan zuten. Orduan, espainiar agintariak Amedoren isiltasuna erosten saiatu ziren, diru askoren truke, baina azkenik zekienaren zatitxo bat kontatu zien epaileei.

Ondorioz, frogak ukaezinak zirenez, epaileek garrantzi handiko hainbat goi-kargudun kondenatu zituzten; tartean, Barrionuevo Barne ministroa. Hori bai, Mareyk jasandako torturei dagokienez, eman zuten epaia betikoa izan zen. Ez omen zegoen frogatzerik torturatu egin zutela.

Kasu horrek oso argi utzi zuen, berriro ere, tortura bidez lorturiko norberaren kontrako adierazpen soiletan oinarrituriko kondenak ezartzen dituzten epaile horiek oso bestela jokatzen dutela akusatuak agintariak direnetan. Kasu hau, eta beste hainbat, horren lekuko.

Aspaldi hil zen Marey, eta oraindik ere espainiar Justiziak ez du onartu torturatu egin zutela eta jasandako tortura haiek izugarrizko eragina izan zutela haren bizitzan. Zor zitzaion egia jaso gabe hil zen, estatu terrorismoaren milaka biktimari, bereziki torturatuei, ukatzen zaien egia jaso gabe.

Noiz jasoko dute Estatu terrorismoaren biktima guztiek hain beharrezko zaien egia osoa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.