Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Justizia Soziolinguistikoa

Patxi Saez Beloki
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako inperialismo linguistikotik «euskaldunei beren bizitza pertsonalean eta publikoan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzea», gaur eta beti, helburu «akastun» eta «pentsaezina» dela diote: lorrezina (Diario Vasco eta El Correo, 2026-07-27). Izan ere, horretarako, gizarte osoak elebidun beharko lukeelako eta hori, espainolismo linguistikoaren ustez, ez delako sekula gertatuko, gaur bezala, bihar eta etzi ere, izango direlako euskararik ez dakiten herritar gaztelaniadun eskubidedunak (euskara ez jakiteko eskubidea dutenak). Halaxe diote espainolismoaren supremazismotik. Hizkuntzen Europako Kartak argi uzten du, ordea, norbanakoak bere hizkuntza erabiltzeko duen askatasuna oinarrizko eskubide bat dela. Kartak bere hitzaurrean aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat bizitza publikoan nahiz pribatuan erabiltzeko eskubidea besterenezina dela. Eskubide hori NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunarekin eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin lotzen du Europako Kartak.

Ukazioaren ildo horri jarraikiz, espainolismo linguistikotik zera aldarrikatzen dute: eskubideak pertsonenak direla eta ez hizkuntzenak, ezta herrienak ere. Alegia, espainolismoaren arabera, Justizia Soziolinguistikoak hemen eta orain bizirik dauden pertsona errealak hartu behar ditu kontuan eskubideak esleitzeko, eta ez hizkuntzak edo herri abstraktuak. Eskubideen jabe bakarrak, zuzenbide subjektu bakarrak, pertsonak direla azpimarratzen dute eta jartzen dute agerian. Isil-gordean uzten dute, ordea, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (Bartzelona, 1996) justizia linguistikoa lortzeko gako nagusia hizkuntza komunitate guztien berdintasuna bermatzean jartzen duela, haien estatus politiko edo administratibotik harago. Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, justizia linguistikoa ezin da indibidualki bakarrik ulertu. Pertsonalki hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea soilik da eraginkorra talde osoaren eskubide kolektiboak errespetatzen badira. Hizkuntza eskubideak pertsonalak eta kolektiboak dira aldi berean, bi dimentsio horiek banaezinak baitira hizkuntza bat bermatzeko orduan. Nazioarteko adituek eta testuek (1996ko Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, besteak beste) defendatzen dute eskubide horien izaera duala.

Justizia Soziolinguistiko horren mozorropean euskarari bizkar emanda bizi direnentzat lortu nahi dituzten hizkuntza pribilegioak ezkutatzen baitituzte. Hots, euskara ez jakiteagatik, abantaila, eskubide esklusibo, salbuespen edo mesede bereziak lortu nahi dituzte

Ondoren, gizartearen baitan, zuzenbide subjektu horiek, pertsona horiek, gazteleradun elebakarrak edo gazteleradun/euskaradun elebidunak direla azpimarratzen dute espainolismo linguistikotik eta, guztiok, elkar ulertzeko, hizkuntza komuna gaztelania dugunez, oso bidegabea litzatekeela elebakarrak euskara ikastera behartzea (Jose Maria Ruiz Soroa zuzenbide katedradunaren hitzetan, Diario Vasco eta El Correo, 2026-07-27: «Ez da bidezkoa hain karga astuna apeta emozional bat asetzeko»). Alegia, apeta emozionala dugula euskaldunok euskaraz egiteko eta apetaldi hori asebetetzeko erdaldun elebakarrei euskara ikasaraztea zama eta zigor astunegia dela. Eta, elebakar gaixo horiek zama astun horrekin ez nekarazteko, nork egin behar dio uko bere hizkuntzari? Euskaldunok, jakina. Horretan zalantza eta erreparo izpirik ez dute espainolismo linguistikotik. Hor ez dute Justizia Soziolinguistikoren urraketarik ikusten.

Baina hori esanda, zera uzten dute tolesean: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa ere zuzenbide subjektuak direla eta ahalmen legegilea dutela euskararen ofizialtasuna ezartzeko eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horrela, lege bidez ezar dezakete, besteak beste, enplegu publikora sartzeko, euskara jakitea derrigorrezko eta legezko baldintza izatea, irakasleentzat, medikuentzat eta polizientzat. Hau ere espainolismo linguistikotik gaztelaniadun elebakarrentzat aldarrikatzen duten Justizia Soziolinguistikoaren guztiz kontrakoa iruditzen zaie; izan ere, azken batean, aldarrikatzen duten Justizia Soziolinguistiko horren mozorropean euskarari bizkar emanda bizi direnentzat lortu nahi dituzten hizkuntza pribilegioak ezkutatzen baitituzte. Hots, euskara ez jakiteagatik, abantaila, eskubide esklusibo, salbuespen edo mesede bereziak lortu nahi dituzte. Alegia, gainerako herritarrei eskatzen diete euskaraz egiteko duten eskubideari uko egitea euskararik ez dakiten medikuekin, poliziekin edota, nola ez, euskararik irakatsi ezin duten irakasleekin, herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) berdintasunean ikasteko eta erabiltzeko duten eskubidea urratuta eta ukatuta.

Gaur egungo Euskal Herrian 10 herritarretatik 9 erdalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistiko elebidunetan bizi dira. Alegia, egungo Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten du. Espainolismo linguistikotik inertzia soziolinguistiko horretaz baliatzen dira, gaztelaniaren eta euskararen arteko asimetria soziolinguistikoa areagotzeko eta Justizia Soziolinguistikoaren mozorropean gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.

Justizia Soziolinguistikoak bide bakarra du gurean: nork bere hizkuntzan eginez elkar ulertzeko arazorik ez izatea. Horretarako, euskararen ulermen pasiboa ezinbestekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA