Otsailaren 23ko goizaldean, Kerman hil zuten, Gasteizko Mitika diskotekaren kontrol gunearen ondoan. Gure lehengusua, gure iloba, gure laguna... betirako galdu genuen. Baina bizitza kentzearekin aski ez, eta baten batzuk Kermani egia lapurtzen ere saiatzen ibili dira ordutik.
Hilketaren biharamunean dagoeneko, gertatutakoaren errelato interesatu bat zabaldu zuten, Kermanen heriotza gaueko giroan izan ohi diren liskarren ondoriozko istripua izan zela aditzera emanez. Batzuek horrela itxi nahi izan zuten kapitulu ilun hori, inor zipriztindu ez zezan. Baina epaile instruktorearen ikerketari eta, neurri handi batean, familiak egindako esfortzu izugarriari esker, errelato interesatu horren sinesgarritasuna bertan behera geratu zen. Kerman ez zen hil; hil egin zuten. Gau hartan, bera eta bere lagunak Mitika diskotekara bertaratu ziren, baina Kerman atetik zenbait metrotara zegoen kontrol postuan gelditu zuten diskotekako atezainek. Beranduago sartuko zela esan zioten, eta pixka bat itxaron behar zuela. Minutu batzuk beranduago, eta inolako liskar edo eztabaidarik egon gabe, atezain batek ustekabean eta koldarki ukabilkada gogorra eman zion masailean Kermani, bera lasai eta babesgabe zegoen une batean. Ukabilkada eman eta berehala, atezain hori diskoteka barrura sartu zen, Kerman lurrean botata utzi eta inolako laguntzarik eman gabe. Hori guztia toki zehatz batean gertatu zen, atezainak Kermani egoteko agindu zion tokian; diskotekaren kamerek grabatzen duten eremutik kanpo dagoen tokian, hain zuzen. Aurretik ere atezainek beste eraso batzuetarako erabili ohi zuten tokian, baina oraingoan distantzia txiki batengatik kalitate eskaseko beste kamera batek grabatzea lortu zuen tokian.
Bestalde, hilketa horren benetako erantzukizunak estaltzeko edo zuzenean desbideratzeko saiakerak ere etengabeak izan dira. Eta berriki, Kermanen memoriaren aurkako beste eraso bat jasan dugu gertukook. Kasu honetan, Arabako Probintzia Auzitegiaren partetik. Orain dela bi aste eman zuten ebazpenean, gertatutakoaren errelato aldatua hauspotu zuten, autopsiari, segurtasun kameretako irudiei eta epaile instruktoreari berari ere kontra eginda. Gertaerei larritasuna kendu eta azpikeriazko hilketaren kalifikazioa zalantzan jartzeko. Ondorioz, hiltzailea aske utzi zuten, 6.000 euroko fidantza irrigarria jarrita. Ebazpen iraingarri horren aurrean, ezin gara ahoa itxita gelditu. Egoera honek Kermanen memoria defendatzera behartzen gaitu. Jendeak ulertuko duenez, gertukoentzat horren mingarria den gai bat publikoki salatzera irtetea ez da gauza erraza, ezta atsegina ere, baina Arabako Probintzia Auzitegiak hartutako jarrera eta erabakia onartezinak iruditzen zaizkigu, eta geure burua behartuta ikusten dugu egiaren alde egin eta kalera ateratzera. Dolua igaroezina baita egiarik eta justiziarik gabe.
Gauzak horrela, larunbat honetan, abenduaren 13an, elkarretaratzea egingo dugu Gasteizko Arka Plazan, 12:00etan. Kermani errespetua eta maitasuna adierazteko ekitaldia egingo dugu bertan, eta batu nahi duen orori bertaratzeko gonbita egiten diogu.
Bizitza lapurtu dizute, baina egia ez dizute kenduko.