Aitziber Sarobe Egiguren.

Kirol ikuskizuna eta politika, Orian

2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Maialen Chourrautek Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi berritan,Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ahotik entzun dugu, Oria ibaian (Usurbilen, Orbeldiko zentralaren inguruan), ur-lasterren kanala egiteko asmoa oso aurreratua dagoela.

Hasteko, zorionik beroenak Maialeni, ez baita balentria makala lortutakoa. Gertaera pozgarri horren ondorioa, baina, kezkatzeko modukoa da. Ez baita normala, inondik inora, Olinpiar Jokoetako dominak izatea Oria ibaian sekulako eragina izango duen kanal artifiziala eraikitzeko aitzakia. Panem et circenses (ogia eta zirkuko ikuskizuna), aginte-eredu bihurtuta.

Kanal artifizialaren ideia ez da berria, antza. Euskal Kanoe Federakuntzako presidente ohiak Aquel proyecto en Oxinbiribil (Oxinbiribileko proiektu hura) izenburua duen prentsa-artikuluan argitu duenez, Irungo Udalak onartu eta Jaurlaritzako Ingurumen Sailak atzera botatako proiektu hura auzipetua izan zen eta kontrako epaia jaso zuen; artikuluaren arabera, Oxinbiribil naturgune babestura urteko 500.000 pertsona gehiago bideratuko zirelako. Oxinbiribilerako gehiegizko giza presioa dena onargarria al da balio agroekologiko handiko lurzoruak dituen Orbeldirako?

Kanal berria egiteko, zentralaren hondakinak eraitsi eta 195 metro luzeko kanal berriaz gain,pabiloi bat eraikitzea da plana: alegia, ibaiertza urbanizatzea, presa bere horretan utzita. Hori gutxi ez, eta Oria ibaitik segundoko 12.000 litro hartzea ere aurreikusten da.

Proiektuak administrazio batzuen onespena behar du. Hasteko, Udalarena, jarduera baimena bere esku baitago. Alkateak argitzera eman duenez, Udalak Plan Bereziari hasierako onespena eman dio, nahiz eta Udalaren 2016ko Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean Orbeldiinguruaren leheneratzea proposatzen den (horretarako ezinbestekoa litzateke presa eraistea). Jaurlaritzaren EAELAB batzordeak ere aldeko txostena igorri omen du, proiektua egokitzeko baldintzapean eta, arreta merezi duen kontua: Foru Aldundiak «interes orokorrekoa» izendatu behar du proiektua.

Azken urteotan, gure ibai eta erreketako uren kalitatea asko hobetu da, baina kanalizatutako erreka-ibai eremu handiak ditugu han eta hemen, eta horiei lotuta, erreka eta ibaietako bizidunen mugikortasuna oztopatzen eta kaltetzen duten presa eta bestelako egiturak. Aldundiaren arabera, gutxi gorabehera, 750 oztopo daude Gipuzkoako ibaietan, gehienak gaur egun funtziorik eta erabilerarik gabeak. Horregatik, berriki aurkeztu du Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035), 8,5 milioiko aurrekontuarekin. Nola ezkontzen da plan hori Orbeldin egin nahi den ur-lasterren kanal berriarekin?

Bestalde, Alemania eta Europa erdialdeko uholdeek berriki erakutsi dizkigute ibai eta erreken urbanizazioek eragiten dituzten ingurumen arriskuak. Aldian-aldian errekek beren lekua hartzen dute, eta zenbat eta urbanizatuagoak egon ibilguak, orduan eta handiagoak eragindako kalteak.

Bada, horratx galdera: zerk du interes orokorra Orbeldin (Oria ibaian), natur kontserbazioak edota ur-lasterren kanalak? Bata ez da bestearen osagarri, ezta bata bestearekin bateragarri ere.

Klima larrialdi egoeran gaudela sinesten badugu, gure osasuna baldintzatzeraino iritsi den biodibertsitatearen galeraren testigu izanda, natur ingurunearen erabilera pribaturen aurrean,bioaniztasuna kontserbatu edota berreskuratzeak lehentasuna izan beharko luke. Horixe baita, interes orokorreko proiektua ez ezik, interes orokorreko helburua ere.

Erabil dezagun teknologia lehendik urbanizatutako, eremuetan. Kirol ikuskizunen eraginak aparra bezala desagertzen dira; aldiz, halako obrenak luzaroan dituzte ondorio larriak. Ikuskizunak ez al du errealitatea (bioaniztasunaren galera jasanezina) ezkutatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.