Musikaria

Koktel autoktono bat

2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mestizajearen seme-alabak gara. Sinbiosi etengabe baten lagin soila. Esentzien pitxerrei gorazarre egiten dieten puristei historiaren joanak kontraesan propioak begi aurrean jartzen dizkie. Inbasioen lorratzak, exodo behartuen aztarnak. Berritik baino zaharretik aiseago du gure problematiken zamak. Aberrazioa baita aberri esklusiboen arazoek aztoratzen gaituztela pentsatzea. Sinestea bizilagunari ez diola loa kentzen geuk buruan darabilgun katramila berberak. Guztiok berdintzen gaitu heriotzak. Guztiok batzen, bizitza bizitzeak eragiten digun beldurrak. Ipuin baten kontaketak beti berekin dakarren eszenaratze liturgikoa baliatuta —kontalaria zaigu apaiz, oratzaile erakusle; entzuleria, audientzia orojale— kontakizun hibrido bat oparitzen digute Adarbakarra lanean Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek. Idazle eta antzezle atrebitua bata, musikari eta soinu eragile abila bestea. Atrebentziatik ugari eta trebetik aise izan beharra baitu batek zortzikoaren erritmo sustraitua, narratiba garratz eta satirikoa, larru sintetikodun jaka koloretsu bat, apaingarri gisa jantzitako zakil mehatxaria edota errenazimentu garaiko rapsoden polifonia argiak koktelontzian sartu eta irreberentea izanik, dramatikoki estimulatzailea eta erakargarria den pieza bat ontzeko.

Erakargarria, taula gaina partekatzen dutenen artean nabaria den ezberdintasun osagarria. Aizpurua karnabaleko erregina, esajerazioaren partzelan jaun eta jabe. Berari dario obran zehar hitzaren aroma limurtzaileak. Navas orkestrako azken atrilean esertzen den biolin jole haren pare, nabarmendu nahi gabe baina beti hor, partiturak zer eskatuko zain. Bata barrokoa, adornuz betea. Bestea soila, fokupean aritzearekin erabat larritua. Irudi lezake osagai hauekin kozinatutako bizkotxoari kostatu egingo zaiola forma eskuratzea, legamiari goia jotzea. Baina mestizajea, lagunok. Elementu heterogeneoen batuketa miragarria, alajaina. Musika egiteko akordeoilari bizkaitarrak hain berea duen fisikotasuna ezin hobeki datorkio Aizpuruaren hitz jarioari. Eta azken horren presentzia eszeniko boteretsua bide zaio Navasi espresio molde berriak esploratzeko, musikaz harago doan parte hartze bat eskaintzeko lanari. Mitologiaren pasarte jakin bat du abiapuntu antzezlanak, eta mendez mende iritsi zaizkigun kontu zein ipuinek dituzten hutsuneak eta zuloak argitara atereaz, unibertsalak diren gaiei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Oraintxe umore ironikotik, oraintxe epai moralak azaleratuz. Arina eta dentsoa uztartuz, sakona arinkeria ustezkoz tratatuta.

Sonoritatearen lanketa zentrala da obran. Navasek oholtzan eskaintzen digun errekurtso paleta txundigarria da. Melodia antzinakoak, atonalitate ausartenak, nota bakar bat ez duten pasarte perkusiboak. Ez da apaingarri soil musika, soinua. Joko eszenikoak eragiteko lehen txinparta baizik. Espazioa soinu bilakatzeko saiakera txalogarria. Enlatatutik ugari izan ohi dute antzerki obretan baliatzen diren musika askok. Zuzenekoak parekorik ez duela planteatzeko ere balio digute zumaiarrak eta usansolotarrak elkarrekin kantuan eginiko joko harmonikoek. Bizirik aurkitzen du batek aurrean ekintza artistikoa, purutasun zintzoan, makillaje izpirik gabe. Aizpuruaren esfortzua goraipatu beharrekoa da alor honetan. Akademikotik bezain esperimentaziotik asko duen musikari baten ibilbidearekin kontatu nahi izateak arriskuren bat ere izan beharra baitzuen. Baina estilo gurutzaketa horrek —eskolastikoa eta undergrounda, barnerakoia eta kanpokoa— makina suitzarren pare funtzionatzen du. Zertan jarri jada gorririk agertzen zaiguna eroso sentiaraziko ez duen zerbait egiten. Aritu dadila beretik, zaurgarritasun bistakotik. Eta berbera ortzadarra zeharkatzea amets duen trobadore utopikoarekin. Oparitu diezagula bere zorakeria pertsonala, horretarako beharrezkoak dituen arma eszentrikoak —ipurtzulo bistaratua, zakil gardena, estetika ez normatiboa— are arrotzagoak zaizkionaren altzoan erabiliz.

Beraiek txalo osteko hitzaldian aipatu gisan, fusiotik sortutako artefaktua behatzen dabiltza oraindik, eginiko bidea aztertuz. Nora iritsi diren jakin gabe, gailurren bat hertsi izanaren esperantzaz. Izango dute, bai, katalizazio kimikoa gertatzerako elementuek elkarrekin nola egin duten topo analizatzeko parada. Goza dezatela bitartean —publikoa beraien festara batuz— aho zapore gozoa uzten dizun koktel autoktono honetaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.