Gizarte antropologoa

Kolonizazio algoritmikoa

2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muturreko neoliberalismoak bultzatzen duen erdiguneko gaitz bat, bestea-ren presentzia fisikoa saihesteko edota desagerrarazteko egungo joera bizia da. Izan ere, gailu birtualak gure bizitzaren parte banaezin bihurtu direnetik, norbanakoen portaeran eta izateko moduetan eragin nabarmena izaten ari direla begi bistan dugu. Tresna horiekin sortu dugun sinbiosi estuaren ondorioz, elkarbizitza arauak aldatu egin dira (hots, baita etxe barrukoak ere), eta bizibide digitalak eskaintzen duen mundu bikoitzaren eraginez, mundu errealeko elkarrekintzak, gorputzak eta harreman fisikoak lurruntzen doaz; esan liteke deserosoak egiten zaizkiola egungo gizateria neoliberalari.

Estimulu bizkorgarrien, pantailen eta informazio zatikatuaren etengabeko fluxuen eraginpean bizi garen honetan, gure pentsamenduaren moldaera kognitiboa zein afektiboa birmoldaketa etengabera behartzen dute: algoritmoen abiadura eta azelerazio logikatik ulertzen da mundua, eta gu gailuen logika operatibo horren baitan katigaturik bizi gara. Gailuen erabilera orokortuaren ondorioz, bestearekiko enpatia sakona lantzeko uneak edota hari arreta emateko gaitasuna murriztu egin ditugu.

Funtsean, ingurune teknologikoak bultzatu duen giza portaera ulertzeko modu berri baten aurrean gaudela azpimarratu nahi dugu; izan ere, gizaki hibridazioaren eta gizaki areagotuaren itzala ate joka baitugu. Zenbat eta osagai teknologiko gehiago erabili edota gorputzean txertatu, orduan eta zailagoa izango da gizakiaren eta makinaren arteko muga bereiztea. Hortaz, gizaki/makina hibridazioa ez da etorkizuneko kontua, gaur egun bizi dugun prozesu bizkorgarria baizik, eta mestizaje horrek bere giza ondorenak ditu.

Goi teknologiak barne bizitza kolonizatzen duenean, gizakiak bere bizitzako eragile aktibo izateari uzten dio, eta sistema baten barruko eragile interaktibo bihurtzen da

Alajaina, gailu adimendunen bitartekaritza egungo giza eraldaketa sozial eta kulturalaren erdigunean dago, hots, «teknologiaren bitartekaritzak gu aldatzen gaitu» (Echeverria, 2020). Smartphonea gure fetitxe erregetik hasi, eta orotariko gailuen erabilera bizkorgarriak bizi gaitu, hala nola gure portaera digitalak «kolonizazio algoritmikoaren» (Benasayag, Zuboff, Couldry… ) bidea erraztu baino ez du egiten. Hain zuzen, sistema informatikoek eta plataforma digital erraldoiek (GAFA), gure informazioa eta datuak ateratzeaz gain, adimena, emozioak, nahiak, identitatea eta pentsamoldeak etengabe birkonfiguratzen dihardute.

Migel Benasayag filosofo eta psikoanalistak «kolonizazio algoritmikoa» terminoan sakontzen du, eta dioenez, «algoritmoa ez da idazmakina bezalako tresna soil bat, mundua moldatzen duen indarra baizik, aldi berean mundua estandarizatu eta desarautzen duelarik. Horrela, neoliberalismoarekin eta eskuin berriarekin bat dator».

Esparru estrukturalean, zerbitzari erraldoiek, datuen atzemate sistemek, monopolio teknologikoek arautzen dute algoritmoen portaera, baina ondorio sakonenak maila psikologikoan, kulturalean eta existentzialean gertatzen dira, ezen algoritmoen logika operatiboak menderakuntza era berria ekar lezake berekin, norbanakoaren barne bizitza makinen logikaren arabera gobernatuz.

Haatik, algoritmoa mundua eraldatzen duen tresna gisa ulertu beharrean gaude, berebiziko garrantzia du egitate horrek. Lurralde fisikoak indarrez suntsitu edo bereganatu izan diren bezala, kolonizazio modu horrek baliabide ukiezinak eta datuak erauzten ditu, pentsatzeko moduak irentsi, eta eredu kultural global eta bakarra inposatzen. Zalantzarik gabe, goi teknologiak mundu berri bat eraikitzen dihardu, baina haren barrutian kulturek bizirauteko zailtasunak izan ditzakete, kultur asimilazioaren prozesuen bizkorgarriak ere badirelako.

Mundu algoritmikoa egungo neoliberalismoari erabat funtzionala egiten zaio, kultur aniztasuna ezabatzeaz gain logika guztiak eredu merkantil bakarrera murrizten baititu. Kultura eta bizitza desarautzeko duen gaitasuna automatismoak sortzeko ahaletik datorkio, hala nola mundu algoritmikoak gure eta munduaren arteko pantaila moduko bat sortzen du, mundu erreala haren logikatik katigatzea helburu duela.

Goi teknologiak barne bizitza kolonizatzen duenean, gizakiak bere bizitzako eragile aktibo izateari uzten dio, eta sistema baten barruko eragile interaktibo bihurtzen da. Kolonizazio modu horri aurre egiteko baina, pentsamendu kritikoa, dezelerazio digitala eta subiranotasun teknologiko indibidual eta kolektiboa behar-beharrezkoak dira.

Soziologia eta pentsamendu kritikoak aztertzen duen «kolonizazio algoritmikoak» balio digu ohartarazteko eraldaketa digitala ez dela berez prozesu neutral edota demokratizatzailea baldin eta behar bezala arautzen ez baldin bada. Subiranotasun digitaleko politika sendoen babesik gabe, erregulazio juridikorik gabe, edo tokian tokiko kontrolik gabe, elite boteretsuen interesen alde jokatzen duen tresna bihurtzen baita. Horregatik makina adimentsuen erregulazioa, mugak, kontrola eta balizko eskubideen arautzea berebiziko garrantzia duen auzia bihurtzen da. Hain zuzen, hori da adimen artifizialaren demokratizazioa sakontzeko egungo erronka etiko eta juridiko handienetakoa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA