Politologoa

Kontinente zaharretik, mundu berria

Iker Laka Barandika
2026ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamaika arrazoi ditut europazale izateko, nahiz eta jarrera horri eusteko gorabeherak eduki ditudan tarteka. Europako Batasuna proiektu zaurgarri eta konplexua da, estatuen subiranotasun klasikoaren eta horien gainetik eraikitzen ari den gobernantza-egitura baten arteko etengabeko tentsioan dagoena.

Ekonomiaren mundializazioaren garaian, batasuneko estatuak ez dira gai beren kabuz erantzun eraginkorrak emateko. Aldi berean, baina, erakunde komunitarioek ez dute nahikoa indar herrialde eta enpresa handien enbatei aurre egiteko. Begi-bistakoa izan da Ukrainako, Gazako eta Irango kasuen kudeaketan, edo Google, Meta eta Tiktok-ekin dabiltzan norgehiagokan. Eta ezintasunen artean, ongizate-estatua eta klase ertaina ahulduz doaz.

Barne-politikatik tiraka, bi klabe azpimarratuko nituzke. Batetik, estatu kideetako gobernuek jar ditzaketen oztopoak daude, eta, bestetik, estaturik gabeko nazioen errealitatea dago. Azken hauek bigarren mailako papera badute ere, egiten duten ekarpena ezinbestekoa da. Are gehiago, hizkuntza eta kultura aniztasunaren babesleku ere badira. Beraz, nazio hauen izana eta ahotsa erabakiguneetara helarazteko, eta horietan eragiteko gaitasuna eduki dezaten, bideak jorratzea besterik ez dago. Hortxe dago Euskadi, eta hortxe dago euskara. Aurten betetzen dira 90 urte lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik, eta horrekin amestu zuen, hain zuzen, Agirre lehendakariak: Europa batu eta federala, betiere, historian zehar ehundu diren estatu-sareetan harrapatuta dauden herri guztiak politikoki aitortzen baditu.

Balio partekatu batzuez ari gara, zuzenbideko estatu demokratiko eta sozialak babesteaz, eta giza eskubideak eta egonkortasuna bermatuko dituen ordena bat egituratzeaz. Munduari esperantza emango dion alternatiba garatzea dago jokoan

Sarritan deitu naute ameslari europar proiektuan sinistearren, baina benetan pentsatzen dut gaur egunera arte mundu mailan pertsonon askatasuna eta berdintasuna uztartzea ondoen lortu duen eredua dela. Ez al da Europa ongizate-estatuaren etxea? Ez al da izugarrizko historia eta kultura ondarea duen kontinentea? Ez al da bizitza ulertzeko eta munduari begiratzeko modu berdingabea? Demokrazia ez dago modako, eta Trumpen anabasak egiaztatu du Mendebalde guztiak norabide bera ez daramala. AEB-Israel eta Txina-Errusia artean aukeratzera behartuko gaituen mundu batera bagoaz, nik argi daukat Europako Batasunak eta bere balizko aliatuek hirugarren bide bat eskaintzeko betebeharra dutela. Momentu zailenetan, agerian geratu da batasunak duen potentzialtasuna. Autonomia estrategikoa delakoan sakontzea geroraezina da bide horren eraikuntzan. Argi esanda, energian Errusiarekiko menpekotasuna dugu oraindik, ekoizpenean Txinarekikoa, eta defentsan AEBrekikoa. Historikoki, proiektu hau arrotz ikusi dutenak ere —Espainiako ezker konfederala eta ezker abertzalea kasu— konturatzen hasiak dira autonomia horren garrantziaz. Hori bai, horrek defentsa arloan ere burujabetzarako bidea egin behar dugula onartzea dakar.

Integrazio-prozesua azkartzea eta Erresuma Batuarekin, Kanadarekin eta Australiarekin tratatu estrategikoak lotzea funtsezkoa izango da Europar Batasunaren etorkizunarentzat. Azken batean, balio partekatu batzuez ari gara, zuzenbideko estatu demokratiko eta sozialak babesteaz, eta giza eskubideak eta egonkortasuna bermatuko dituen ordena bat egituratzeaz. Munduari esperantza emango dion alternatiba garatzea dago jokoan. Ez da ezer berria asmatzen tematu behar: daukagunari balioa eman, elkarrekin eraiki dezakegunean sinistu eta mekanismo demokratikoak indartu. Esaera zaharrak dioen moduan, iturri zaharretik, ur berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA