Euskara irakaslea

Kooperatiben elkartasunaren mitoak desparekotasuna ostentzen du

2025eko abenduaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Asmakari bikaina», pentsatuko dute askok kooperatiben inguruan berba egiten denean. Kooperatiba hitzak berak elkartasun, komunitate eta kooperazio espiritua iradokitzen du, ezta? Anitz urtez, gizarteak enpresa eredu hori miretsi du, erakusleihoaren atzean zer dagoen begiratu gabe. Eta gainera, kontzeptu txit idealizatu horren atzean, Euskal Autonomia Erkidegoko legediak sistema bidegabea eraiki du. Bazkide diren langileei pribilegio atsegingarri anitz ematen dizkien sistema, eta bazkide ez direnak bigarren edota hirugarren kategoriakoak balira bezala tratatzen dituena.

EAEn kooperatibei buruzko hiru arau nagusi egon dira indarrean: 1/1982 Legea, 4/1993 Legea eta egungo 11/2019 Legea, ustez aurreko bien hobekuntza izango zena. 1982ko lehen arau hark, euskal kooperatibismoaren loraldi betean sortua, «enpresa-egitasmo handien garapenaren» espirituari heldu nahi izan zion. Borondatea ona izan zela ez dut zalantzarik, baina… geroago egiaztatu ahal izan den bezalaxe, ez zuen kontuan hartu bazkide ez diren beharginen ongizatea. 1993ko eta 2019ko legeek, zoritxarrez, ildo berari oratu diote alderdi horri dagokionez. Hau da, azken lau hamarkadotan kooperatiben funtzionamendua arautu duen legedia sano kaltegarria izan da bazkide ez diren langileen babeserako.

11/2019 legea —EAJ, EH Bildu, PSE eta PPren baiezko botoekin onartua— kooperatibetan partaidetza eta autogestioa bultzatzeko panazea bezala saldu zigun María Jesús San José orduko Lan sailburuak. Erreforma ederra paperaren gainean, bai, baina tranpaz josia praktikan. Izan ere, legearen aterkiaren azpian bazkideak baino ez dira kabitzen; gainontzekoak —kontratupekoak, bitartekoak, probaldian daudenak—, larrera doazela.

Hasteko, bazkideek beren araubide juridiko propioa dute, erraztasun eta onura ugari ematen dizkiena. Langileen Estatutuaren radarretik landa daude eta, aldi berean, haiek beraiek elaboratu eta bozkatutako barne arauen babespean. Kontratupekoek eta bazkide ez diren bestelako beharginek, ordea, ez dute bazkideenak bezalako onura edo hobaririk, hierarkia zurrun bati estekaturik daude eta, kasu ugaritan, enpresa pribatu gehienetako langileek baino lan baldintza okerragoak dituzte. Badirudi beste maila batean daudela, eskubide gutxituko beharginen kategorian, alegia. Muturreko kasuetan, bazkideen mirabe bilakatzen dira, pribilegiatu horiek beren gain hartu nahi ez duten lan zikina egitera behartzen baitituzte.

11/2019 Legearen 103.8 artikulua da polemikoenetakoa, bere interpretazio eta aplikazio praktikorako arazo larria planteatzen du eta. Xedapenak erabateko askatasuna ematen die kooperatibei, oso kontu arantzatsu baten inguruan erabakitzeko: Gizarte Segurantzarekin lotutako ondorioetarako bazkide diren langileak autonomoak ala soldatapekoak izango diren. Halere, ez du ezer aipatzen bazkide ez direnen inguruan eta, omisio horren ondorioz, arauaren erabilera estentsiboa nagusitu da zenbait kooperatibatan. Debeku espliziturik ez dagoen estakuruan, eta analogia hutsean oinarrituta, logika berbera aplikatzen dute bazkide ez diren langileen kasuan. Hortaz, autonomo gisa erregistratzen dituzte nahiz eta enpresarekiko erabateko menpekotasun egoeran egon: kooperatibak inposatutako ordutegiak bete, metodologia propiorik ezin erabili, enpresaren azpiegitura eta materiala enplegatu…

Horren guztiaren emaitza: Kooperatiben Legeak zeharka zilegitu ditu beste edozein testuingurutan autonomo faltsutzat joko liratekeenak. Biziki kezkagarria da indarrean dagoen araudiak, langile horiek gerizatu beharrean, inolako babes juridikorik gabe uztea. Aipatutako hutsarte legalak juridikoki onargarri bihurtu du zeharo arbuiagarria den praktika bat eta, horrekin batera, ahalbidetu du kooperatibek beren esplotazio gurari nardagarria inpunitate osoz ase dezaten.

Elkartasunaren eta partaidetzaren bandera besapean jaio zen eredua, kooperatibena, prekarizazio mekanismo isil bilakatu da. Gure lurretako legegileen laguntzaz, kooperatibek, teorian kapitalismo basatitik ihes egiteko ostendera, desagerrarazi nahi omen dituzten desparekotasunak erreproduzitu dituzte. Araudia deblauki aldatu arte, kontrol publiko zorrotza ezartzeko eta abusu laboralik egongo ez dela bermatzeko, euskal kooperatibismoa bere kontraesan propioan harrapatuta biziko da: komunitateaz hitz egingo digute, baina pribilegioa praktikatu; berdintasuna predikatuko du, baina lan esplotazioa sustatu. Justizia soziala ez da sekula lortuko, erreformen norabidea kanbiatzen ez badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.