Zer gertatzen da osasun mentaleko krisi bat zaintza behar duen sufrimendu gisa ulertu beharrean segurtasun arazo gisa tratatzen denean? Santurtziko Ander Saenzen, Astigarragako Eneko Valdesen eta Hondarribiko Babacar Welleren heriotzek galdera bera planteatzen dute: zer gertatzen da zaurgarritasunari hertsaduraz erantzuten zaionean?
2026ko ekainean, Ander S. T. hil zen, Santurtziko Udaltzaingoak taser bat erabili eta bi egunera. Familiaren arabera, laguntza eske joana zen poliziarengana. Ia bi ordu igaro ziren laguntza eskatzetik ospitalera iritsi arte, eta hasieran ez zitzaien osasun langileei deskarga elektrikoaren berri eman.
2024ko otsailean, Eneko Valdes hil zen Astigarragan, Ertzaintzaren esku hartze batean, eldarnio eta paranoia pasarte baten ondoren. Familiak indarkeriaz menderatu zutela dio, eta autopsiak lesio ugari jaso zituen, heriotzaren kausa zehatza argitu gabe. Bertsio instituzionalak jokabide autolesiboak eta immobilizatzeko beharra nabarmendu zituen.
2026ko irailean, Babacar Welle, osasun mentaleko arazoak zituen 46 urteko gizon senegaldarra, poliziaren tiroek hil zuten Hondarribian. Bertsio ofizialaren arabera, ertzain bati arma zuriz eraso egiten saiatu zen. Erakunde antirrazistek eta ingurukoek esku hartzea zalantzan jarri eta ikerketa eskatu zuten.
Arriskugarritasuna sozialki eta instituzionalki ere eraikitzen da. Jatorriak, arrazializazioak, klaseak, migrazio egoerak edo etxerik ezak eragina dute jokabideak interpretatzeko moduan. Kontua ez da esku hartze oro arrazakeriari egoztea, baizik eta aztertzea gorputz batzuk zergatik hautematen diren mehatxagarritzat.
Krisi psikotikoak beldurra, asaldura, blokeatzea, ihesa, oihuak edo aginduak betetzeko zailtasunak eragin ditzake. Sintomak desobedientzia gisa interpreta daitezke. Tyson Alkerrek eta lankideek (2026, Journal of Police and Criminal Psychology) hogei ikerketako berrikuspenean prestakuntza urria eta jarraibide argirik eza aurkitu zituzten, baita krisian zeuden pertsonen beldurra, mesfidantza eta gaizki-ulertuak ere. Topaketak atxiloketekin, indarraren erabilerarekin edo borondatearen aurkako lekualdatzeekin amai daitezke.
Polizia agenteen prestakuntza hobetzea ez da nahikoa. Galdetu behar dugu zer krisik utzi beharko lioketen poliziaren erantzunaren mende egoteari, eta zer baliabide komunitario, sanitario eta sozial behar diren arreta esku hartze potentzialki hilgarri baten bidez gerta ez dadin
Amy Kerrrek, Melissa Morabitok eta Amy Watsonek (2010, Journal of Police Crisis Negotiations) ohartarazi zuten krisian dagoen pertsona batek aginduei jaramonik egiten ez diela eman dezakeela ulertzen ez dituenean, eta sintomak etsaitasunarekin nahas daitezkeela. Lesioak urriak eta, oro har, arinak ziren. Esku hartze denak ez dira indarkerian amaitzen, baina obedientzia nola eskatzen den aztertu behar da.
Ayobami Laniyonuk eta Phillip Atiba Goffek (2021, BMC Psychiatry), AEBetako bederatzi polizia departamenturen datuekin, kalkulatu zuten nahasmendu mental larria zuten pertsonek poliziaren indarra jasateko 11,6 aldiz arrisku handiagoa zutela, eta zaurituak izateko 10,7 aldiz handiagoa. Datuak ezin dira Euskal Herrira estrapolatu, baina desberdintasuna erakusten dute.
Shannon Doddek eta lankideek (2025, International Journal for Crime, Justice and Social Democracy) Australian poliziaren esku hartzeei lotutako 26 heriotza aztertu zituzten. Ez zen osasun mentaleko profesionalik edo esku hartze bateratuko talderik izan; %42an egoera hitzez baretzen saiatu ziren, eta %65ean heriotza poliziaren tiroek eragin zuten. Hildakoen %89 osasun mentaleko zerbitzuek aurretik ezagutzen zituzten. Horrek arretaren gabeziak eta poliziarekiko mendekotasuna iradokitzen ditu.
Polizia krisi batzuen lehen erantzule da, baina ez du zertan egokiena izan. Zoe Lindenfeldek (2026, Community Mental Health Journal), AEBetako 2.646 polizia agentzia aztertuta, erakutsi zuen %14,4k soilik zutela unitate espezializatua, %27,7k horretarako izendatutako langileak eta %51k ez bata ez bestea. Euskal Herriko datuak ez badira ere, hemengo prestakuntzaz, osasun taldeez eta krisien tratamendu polizialaz galdetzera garamatzate.
«Hilgarritasun txikiagoko» armek, taserrek bezala, pertsona fisikoki ezgaitzea dute helburu, baina ez dute krisia artatzeko alternatibarik eskaintzen. Armekin, immobilizazioekin edo borrekin erantzuten denean, galdetu behar dugu zergatik heltzen zaion sufrimenduari gorputza menderatuz. Osasun mentala eta arrazializazioa gurutzatu egiten dira: krisian dagoen pertsona arrazializatu bat aurreikusezintzat eta mehatxagarritzat har daiteke, aurreiritzi arrazisten ondorioz. Horrek ez ditu kasu guztiak azaltzen, baina ezin da errealitate hori baztertu.
Poliziaren esku hartze baten ondoren heriotza gertatzen denean, ez da nahikoa azken segundoak berreraikitzea. Aginduak ez betetzeak edo erresistentzia jartzeak ez du heriotza justifikatzen. Jakin behar da nork eskatu zuen laguntza, zer zekiten larrialdi zerbitzuek, krisiaren berri bazuten, zer profesional zeuden, zenbat saiatu ziren egoera baretzen, zer indar erabili zen eta zer alternatiba aztertu ziren.
Polizia agenteen prestakuntza hobetzea ez da nahikoa. Galdetu behar dugu zer krisik utzi beharko lioketen poliziaren erantzunaren mende egoteari, eta zer baliabide komunitario, sanitario eta sozial behar diren arreta esku hartze potentzialki hilgarri baten bidez gerta ez dadin.
Anderren, Enekoren eta Babacarren heriotzak ez dira berdinak, baina hiru kasuetan poliziaren indarraren erabilera neurrigabeak heriotza eragin du. Egungo polizia eredua zalantzan jartzea ezinbestekoa dela uste dugu, baita jardunbide horiek eta haien ondorioz gertatzen diren heriotzak normalizatzeari utzi eta salatzea ere. Izan ere, zaurgarritasun egoeran egoteak edota erresistentzia adierazteak ezin du inoiz heriotza ekarri.
Gure maitasun eta elkartasun osoa haien senide eta lagunei.
SINATZAILEAK: Magdalena Bobowik, Koldo Callado Hernando, Iduzki Soubelet, Uzuri Castelo, Sheila Azcoitia Pampin, Leire Amenabar Larrañaga, Maria Cañas, Xavi Minguez, Aitziber Pascual eta Elia Soler Pastor