Bizi izan ginen etxe batean, non arropa zabaltzeko soka sukaldeko leihoan zegoen paratua, justu arropa garbigailuaren ondoan. Praktikoa zen, oso. Sukaldeko leiho horrek parke asfaltatu batera ematen zuen, non bazeuden kirolerako pistak, bankuak eta zuhaitzak. Bertan eserita edo jolasean zeudenek begiratuko zuten igual gora lantzean behin eta ikusiko zuten han goian geure intimitatea, baina nik neuk ez nuen inoiz pudorerik sentitu neure barruko, kanpoko eta erdibideko arropak haize eta eguzki goxora lehortzearren; harik eta etorri zen arte lagun bat bisitan eta errealitate soziokultural muturrekoetan biziko bagina bezala, harriduraz eta lotsa puntu batez galdetu zidan ea arropak modu horretan lehortzen genituen. Baietz, nik. Ez nuela sekula pentsatu horren inguruan, nik. Eta ea zergatik ez, nik. Denon bistara, esan nahiko zuen berak. Edo hain ebidente, ez dakit.

Kontua da ari naizela irakurtzen elkarrizketa bat egin diotena Manuel Delgado antropologoari, atera duen liburu berriaren harira —Todas las ciudades estĂ¡n poseĂdas (CapitĂ¡n Swing)—, eta bertan aipatzen dio elkarrizketatzaileak Erroman hasiak direla auzo batzuetan arropa faltsua esekitzen balkoi eta bentanetan, turistek ikus dezaten eta har dezaten auzo tradizionaleko ohiko estanpatzat. Ez da nahikoa astean zehar garbitu, eseki eta batu beharreko arropen betebehar egiazkoarekin, eta gezurrezkoak egiten hasi gara. Ostia, nik. Zientzia sozialak ostia ez, zientzia sozialak «antzeztutako benetakotasuna» deitzen dio horri, Dean MacCannellen definizioan: helmuga turistikoetan gertatzen den fenomenoa litzateke, bidaiariari benetako eta tokiko bizitza bizitzen ari delako sentsazioa emango dion eszenifikazioa bultzatzen duena.
Ez da geurea bereziki turistikoa den herria, eta ez zen habitatu genuen etxe hura arropa lehortzeko beste aukera zabalagorik ematen zuena: geneukan espazioarekin eskura geneukana egiten genuen. Ez genuen egundo pentsatu ordenantzarik bazegoen ala ez hori ere arautuko zuena, baina egon badaude herri eta hiri askotan arropa besteen bistara esekitzeko debekua ezartzen dutenak: estetikaren mesedetan, uniformizazioaren mesedetan, ordenaren mesedetan. Horren denaren mesedetan eta bai beste gauza guztien kontra ere: bizitzaren kontra, aniztasunaren kontra, kolorearen kontra, klase sozialen kontra —behekoena, noski—. Ordenantza munizipaletan dago klase borrokaren parte handi bat. Eta Manuel Delgado leitu bitartean, pentsatzen hasi naiz ea zer egiten nuen nik kuleroak banderan esekitzen nituenean: igual ariko nintzen iraultza egiten, edo ariko nintzen kapitalaren aurka.
Egon badaude arropa besteen bistara esekitzeko debekua ezartzen duten ordenantzak: estetikaren mesedetan, uniformizazioaren mesedetan, ordenaren mesedetan. Eta bai beste gauza guztien kontra ere: bizitzaren kontra, aniztasunaren kontra, kolorearen kontra, klase sozialen kontra —behekoena, noski—
Elkarrizketarekin jarraitzeko, antropologoaren ustetan, alkateek, oro har, salgaitzat dauzkate gobernatzen dituzten herri eta hiriak, eta kaleak, karreterak, etorbideak, plazak eta bestelako aukera urbano guztiak kapitalismoari irekitako aukeren arabera zerrendatu, arautu eta ordenatzen dituzte, trafikoaren eta autoaren erabilera unipertsonal libre omnipresentea barne. Eta arautu arautu beharko da, ordenatu ordenatu beharko da, baina Delgadoren tesia da —eta egunerokotasun hain eguneroko honek garbi erakusten diguna— arautu behar dutena arautzeari utzi diotela eta askotan arauetatik kanpo gelditzen den bizitza urbano hori guztia fiskalizatu dela gehiegi: «Merkatuaren eskuetan utzi da etxebizitza eta kalearen bitalismoa da arautu dena, alderantziz behar lukeen arren».
Botere ekonomikoen kontrol saiakerek zeharkatzen dute hirigintza plangintza oro, hori dio Delgadok: badaude hirigintzakoak diruditen politikak, baina ez dira higiezinen politikak baino. Eta hori horrela bada, eta hori horrela izanda, eta hori horrela dela jakinda: ordenantza batek esaten badu kuleroak bistan esekitzea ez dela egokia eta punitu egin behar dela, zer ari da esaten ordenantza hori? Zer esan nahi dit, bidez batez, buzoian jaso berri dudan aurrekontu parte-hartzaileen prozesurako gonbitak? Badaukadala aukera minuskulo bat neure herrian gertatuko den gauza transzendentalen bat erabakitzeko? Eta menturaz praketako poltsikoren batean ahaztu eta garbigailura sartzen badut, non eseki behar dut, kuleroen ondoan?