Lamiakoko ibaipekoaren proiektua Ibaizabaleko itsasadarraren azpian hiru kilometro baino gehiagoko luzera duten bi tunel eraikitzean datza, Getxo-Leioa eta Sestao-Portugalete-Trapagaran lotzeko. Azpiegitura hori Artatzako eta Ballontiko ahoen artean ibilgailuen zirkulazioa errazten saiatzeko diseinatuta dago. Hala ere, itxurazko mugikortasun-irtenbide horren atzean gure auzoei zuzenean eragiten dien errealitate kezkagarria dago. Izan ere, tuneletan sortutako kutsadura guztia bi aho horietatik irtengo da, Artatzatik eta Ballontitik.
2024ko urrian, Europako Parlamentuak airearen kalitateari buruzko zuzentarau berria onartu zuen. Araudi hori beranduenez 2030eko urtarrilean jarri behar da indarrean estatu kide guztietan. Helburua argia da: giza osasuna eta ingurumena babestea, kutsadura atmosferikoa nabarmen murriztuz. Horretarako, muga askoz zorrotzagoak ezartzen ditu gaur egungoak baino.
Kontuan hartu behar da Europako eskakizun berri horien aurretik diseinatu zela ibaipeko proiektua eta Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenak ez zuen aztertu muga berriak benetan betetzen diren. Beraz, Europako legedia ez betetzera kondenatuta dagoen proiektu baten aurrean egon gaitezke.
Esate baterako, PM2.5 aire kutsatzaileen partikulentzako muga berriak bereziki zorrotzak dira. Urteko batezbestekoa ezingo da 10 μg/m³ baino handiagoa izan (milioi bat mikrogramo -μg- gramo baten baliokidea da). Gainera, eguneko batezbestekoaren muga 25 μg/m³ izango da, eta ezingo da urtean 18 egun baino gehiagotan gainditu. Era berean, nitrogeno oxidoei dagokienez, urteko batezbestekoaren muga 20 μg/m³ izango da, eguneko batezbestekoaren muga 50 μg/m³, eta hori ere ezingo da urtean 18 egun baino gehiagotan gainditu. Azkenik, orduko batezbestekoaren muga 200 μg/m³ izango da, eta urtean hiru aldiz gainditu ahal izango da gehienez.
Artatzako eta Ballontiko inguruak benetako sakrifizio-eremu bihurtuko dira. Alde batetik, obretan zehar, zaratagatik, bibrazioengatik eta ingurumen-kutsaduragatik. Beste aldetik, ibai azpiko autobidea funtzionatzen hasten bada, etengabeko kutsaduragatik
Ibai azpiko autobidearen isurketen aurreikuspenek aurrez aurre talka egiten dute muga berri horiekin. Proiektuaren beraren datuen arabera, 2048an, isuritako nitrogeno oxidoak urteko 70.01 tona eta PM partikulak urtean 2.51 tona izango dira. Gainera, karbono monoxidoaren isuriak ere zifra kezkagarriak ditu, 195.52 tonara igoko da 2048an. Hau da, eguneko milaka miloi mikrogramoz ari gara eta tunelaren ahoetatik aterako dira, Artatzatik eta Ballontitik.
Emisio horiek Europako araudien mugen barruan mantentzeak ia ezinezkoa dirudi. Pentsa dezagun haizerik gabeko edo oso haize ahuleko egunetan. Kutsatzaileak mugitzen dituen aire-korronte barik, tunelaren ahoen inguruan gera daitezke. Gertu bizi, lan egin edo ikasten dugunok poluzio-maila oso altuen eraginpean egon gaitezke.
Horregatik guztiagatik, Artatzako eta Ballontiko inguruak benetako sakrifizio-eremu bihurtuko dira. Alde batetik, obretan zehar, zaratagatik, bibrazioengatik eta ingurumen-kutsaduragatik. Beste aldetik, ibai azpiko autobidea funtzionatzen hasten bada, etengabeko kutsaduragatik.
Baina ibaipeko proiektuaren arazoak ez dira hor amaitzen. Subflubiala EZ! plataformatik denbora luzea daramagu beste alderdi kezkagarri batzuk salatzen. Besteak beste, proiektu honek berotegi-efektuko gasen emisioak areagotuko dituela, administrazioek defendatzen omen dituzten helburu klimatikoen aurka eginez. Eta, Bilboko metropoli-eremuko mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integralik gabe gauzatu nahi dela. Badirudi lehentasuna ez dela pertsonen osasuna edota pertsonak eta merkantziak mugitzea, autoak baizik.
Era berean, kostu ekonomikoa ere oso handia da. Bostehun milioi euro baino gehiago ditugu, larrialdi klimatikoari aurre egiteko balio duten beste irtenbide batzuk hipotekatzen dituztenak.
Amaitzeko, gogorarazi nahi dizugu mobilizazioekin jarraituko dugula, hala nola apirilaren 25erako antolatzen ari garen manifestazioarekin. Gainera, beste bide bat irekitzea erabaki dugu. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dugu, zentzugabekeria hori geldiarazteko. Baina, lege-kostuak oso handiak dira. Hori dela eta, zure laguntza behar dugu. Gure kezka zurea ere bada, dohaintza egin dezakezu.
Artatza eta Ballonti defendatzeaz gain hiri-eredu osasungarriagoa, iraunkorragoa eta bidezkoagoa defendatzea da kontua. Ingurumena eta pertsonen osasuna errespetatzen dituen hiri-eredu bat. Azpiegitura kutsatzaile batengatik auzo osoak sakrifikatzen ez diren hiri-eredu bat. Zure laguntza funtsezkoa da. Ekarpen bakoitzak, txikia izanda ere, helmugara hurbiltzen gaitu. Oraindik proiektua geldiaraz dezakegu. Lagunduko al diguzu?