Irakaslea eta ELAko militantea

Lanbide Heziketako ikasle errepikatzaileek ere ez dute kontatzen Hezkuntzarentzat

Mikel Larraza Arbizu
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ikasturtean ohartarazi genuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturentzat, gutxiengo sindikalean sinatutako itunaren arabera, ikasle errepikatzaileek ez dutela kontatzen, ez dutela lekurik hartzen eta ez dutela premiarik, ez Lehen Hezkuntzan eta ez Bigarren Hezkuntzan.

Ikasturte berri honen hasieran egiaztatu ahal izan dugu, zoritxarrez, Lanbide Heziketakoek (LH) ere ez dutela kontatzen. Azalduko dut.

Kontseilariak askotan harrotasunez hitz egiten du Nafarroako LH dualari buruz. Sistema horrek, oro har, LHko ikastetxeen eta praktikak egingo diren enpresen arteko harremana indartzen du. Horren ondorioz, praktikaldia ikasturte bat lehenago hasten da. Gertatzen dena da, gaur egun, duala aurreko sistemarekin batera dagoela, ikasle batzuek aurreko sisteman errepikatu egin dutelako eta programa horretan ikasten jarraitu behar dutelako.

Horreraino dena normala litzateke, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe horietako langileen plantilletatik azken ikasle horiei erantzuna emateko behar duten ordu-esleipena kentzea erabaki izan ez balu. Kontuan hartu beharra dago, gainera, Hezkuntzak dualerako esleitutako orduak ere ez direla nahikoak.

Hau da, irakasleek sistema bateko zein besteko ikasleak artatu behar dituzte, baina horretarako behar diren ordurik gabe. Esan gabe doa horrek izugarrizko frustrazioa dakarrela kolektiboan, jabetzen baitira ezinezkoa zaiela euren ikasleei merezi duten erantzuna ematea.

Horrelako egoeren aurrean, kontseilariak, beti bezala, datu sorta bat jaurti ohi dio iritzi publikoari. Hizkuntza teknikoegiaren ondorioz herritarrentzat ulertzeko zailak diren arren, bere kalkuluetan beti esaten du ordu-esleipena handiagoa dela aurreko ikasturteetakoekin alderatuta. Oraingoan, parlamentuan esan zuen ikasturte honetan zehazki aurrekoan baino berrehun ordu gehiago daudela Lanbide Heziketarako.

Beraz, zentroetan baliabideak galdu direla antzematen bada —hau da, murrizketak daudela—, edo Departamentuak emandako datuak faltsuak dira edo, aitzitik, egiazkoak badira, bitarteko horiek kudeatzeko araudia egiten duten pertsonen gaitasun falta nabarmena da. Kasu batean zein bestean, argi dago zerbait —baliabide gehiago— edo norbait aldatu behar dela.

Jarrera hauen aurrean, ELAn sinetsita gaude erantzunik eraginkorrena greba dinamika dela, aurreko ikasturteetan ikusi ahal izan den bezala. Oraingoan, gainera, intentsitatea areagotu beharko litzateke, hala eskatzen baitu Lanbide Heziketak duen muturreko egoerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.