Asteazkenean mobilizazio jendetsuak izan genituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Tokian-tokian, lanuzte, greba edo mobilizazio arrakastatsuak izan ziren Israelen genozidioaren aurka. Ehundaka mila langilek ahotsa altxatu genuen, sindikatuen arteko giroak gutako asko haserretu bagaitu ere.
Hamaika emozio ezberdin izan genituen egun horretan: lasaitu egin gintuen gure inguruko batzuen jarrerak, beste hainbatekin agian haserretuko ginateke. Poztu egin gintuen mobilizazioaren mailak, nahiz eta askok greba giroaren falta sumatu zuten. Oraindik garaiz gaude, flotillak eta Palestinarekin Elkartasuna Plataformak esan bezala, greba orokorrera salto egiteko. Asteazkena atzean geratzen ari da, ordea, eta normaltasuna dator. Normaltasuna ei dator 78 urteotan palestinar herriak pairatu duen genozidioan, eta ez da lehen normaltasun aroa ezinbestean sinaturiko akordio honek dakarrena. Gordintasuna eta krudelkeria arinduko zaizkie Gazako herritarrei, eta nola ez gara ba poztuko. Baina Gazan partida amaitu ez den bezala, Zisjordanian, legez edota legez kanpo okupatutako lurraldeetan, goi mailako egituretan, sionismoaren krudelkeria da nagusi. Bistan denez, baita haren inpunitatea ere.
Beraz, nola ez, errudunak seinalatzen jarraitu behar dugu: Trump seinala dezakegu. Munduaren sasijabearen jarrera ezagutzen dugu. Are, seinala ditzakegu EB edota gobernuak ere, seinala dezakegu arma industria, eta seinala dezakegu (guri dagokigu, nori bestela) CAF enpresak egiten duen garbiketa etnikorako trena (NBEk berak hala dela ebatzi duena). Kalean jarraitu behar dugu, seinalatze horiek egiten eta palestinar herriaren erresistentzia bide guztiak defendatzen. Eztabaidan eta kalean jarraitu behar dugu, palestinarren hitzak gurera ekarriz: erresistentziaz, deskolonizazioaz, Ekialde Hurbilaz, inperialismoaz eta giza eskubideez hitz egin beharko dugu.
Palestinaz hitz egiten jarraitu behar dugu. Horrez gain, ordea, boikotaz hitz egin behar dugu. Hitzetatik haratago, boikota egin behar dugu. Horretarako, sionismoak gure bizitzan duen arrastoari jarraitu behar diogu. Langileok geure buruari, gure kideei, gure ordezkariei eta gure arduradunei galdetu behar diegu: Non dago Israel gure lantokian? CAFeko edo arma enpresetako langileen kasua bistakoa da, bai. Baina horrez gain, azter ditzagun gure lantokien esportazio eta inportazioak, nor aterpetzen duen turismo industriak, ea gure bulegoetan HP ordenagailurik edo AXA asegururik dagoen, Carrefourren kontsumitzen ote den, Israelgo enpresekin aliantzarik dagoen... eta borroka gaitezen hori eteteko.
Hori baita gure ekarpen onena: Espainiako Vueltan eta Maccabi Tel Aviven aurka egiten duguna, baita AMC eta Sidenorrek gerra genozidaren merkataritza eten izana ere. Mundu mailako BDS mugimenduaren web orrian irakur dezakegu boikotak zer kalte eragiten duen, eta Euskal Herriko BDZ mugimenduak bere web orrialdean badu informazioa. Sare sozialetan ere jar gaitezke haiekin harremanetan, Euskal Herri osoa apartheidik eta genozidiorik gabeko gune bilakatzeko.
Azken bi urteotan, argi eta garbi geratu da palestinarren kausa gizateriaren kausa dela, munduko herri askeena eta langileena. Bat egin dezagun, bada, gizaki, herri eta langile bezala, nork bere lekutik, genoziden bakartzean.