Denbora luzea igaro da Espainiako eskuin tradizionalak, hedabide eta epaileen laguntzaz, Vox alderdi ultraeskuindarra zuritzea erabaki zuenetik. Abascalen taldeak label demokratikoa ez gainditzeko adina meritu egin arren, Genova kalekoek argi izan zuten hasieratik ezinbestekoa zitzaiela eskuin-muturrekoen babesa, hauteskunde-aritmetika alde jarriko bazuten, eta halaxe egin ere: hilabete gutxiren buruan alderdi faxista zeharo homologatu zuten.
Ordutik, franko gara Abascalen alderdiaren xelebrekeriekin etengabe lotsagorritzen garenak: estatuaren barruan gogoz kontra bizi behar dugun abertzaleok, hala nola Espainiaren luze-zabaleko aurrerakoiak. Extremadurako Asanbleako Voxeko bozeramaile Oscar Fernandez Calleren azken kirtenkeria dugu xelebreetan xelebreena; izan ere, bertako erkidegoko presidente berriaren inbestidura-ekitaldian lehentasun nazionala izan zuen hizpide, hain zuzen adierazi zuenean zerbitzu publikoak jasotzeko orduan espainiarrak artatu behar direla lehendabizi, eta migratzaileak gero; esan nahi baita, lehen mailako herritarrak eta bigarrenekoak.
Lehentasun Nazionalaren atzean, funtsean, eskuinak beti lau haizeetara zabaldu duen mezu bera dago; alegia, migratzaileak Espainiara joaten direla kolpe zorririk jo barik dirulaguntza publikoei esker bizitzera. Hala ere, datuek egiazko errealitatea islatzen dute klarki: espainiarren %80k jasotzen du Gutxieneko Bizi Sarrera. Bistan da, beraz, Voxek gezurra baliatzen duela, herritar arrazista, homofobo eta matxisten botoak erdiesteko.
Euskal lurraldean ere badirudi sozialistek begiz jo dutela Voxen estrategia. Maiatzaren Lehenean UGTko manifestazioan Anduezak egindako adierazpenek ere gezurra dute oinarri; izan ere, ez da egia EAEko hiru alderdi nagusiek, hizkuntza-eskakizunen sistema bermatzekotan, Enplegu Publikoaren Legean egin nahi dituzten aldaketak langileen eskubideen aurkakoak direnik.
Ezaguna da Espainiako Botere Judizialak, UGT eta CCOO sindikatuen ekimenez eta sostenguz, aspaldi ekin ziola Euskadiko administrazio publikoaren hizkuntza-eskakizunak arautzen dituen lege-arkitektura eraisteari. Anitz dira atzera bota diren lehiaketa publikoak, euskara gehiegi eskatzen zutelakoan. Nolanahi ere, hauxe da langile publikoaren definizioa: «Euskal enplegatu publikoa: profesional kualifikatua, inpartziala eta arduratsua, herritarren zerbitzura bideratua; legea eraginkortasunez aplikatzen du, tresna administratiboak erabiltzen ditu eta, askotan, euskara egiaztatzen du». Hala, nola eman dakioke herritar bati zerbitzu egokia, hark erabaki duen hizkuntzan ez bada egiten? Bilbon, esate baterako, 100.000 herritarrek aukera dezakete euskara erakundeekiko harremanetan, hori baita zehazki Bizkaiko hiriburuan bizi diren euskaldunen kopurua.
Hortaz, ez da egia Enplegu Publikoaren Legea eguneratzea langileen aurkakoa denik, ezpada EAEko alderdi nagusiek bermatu egin nahi dutela herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuko direla.
Sozialistek ere badute euren lehentasun nazionala: euskara arma gisa erabiltzen ari dira PSEtik harago ere botoak eskuratzeko, alegia, euskarafoboenak
Gure erakunde publikoen pertsonal ataletako langileek ondo baino hobeto dakite lanpostu bakar bat ere ez dela betetzeke geratzen euskaraz ez jakiteagatik. Osakidetzako ospitaleetatik bueltatxo bat eman besterik ez dugu frogatzeko gero eta mediku eta erizain atzerritar gehiago ditugula lanean.
Errealitate hori begi-bistakoa delarik, zergatik ari da PSE hain sutsu bazterrak nahasten? Zer dago jarrera erasokor horren atzean? Sozialistek ere badute euren lehentasun nazionala: euskara arma gisa erabiltzen ari dira PSEtik harago ere botoak eskuratzeko, alegia, euskarafoboenak.
Ez da nolanahikoa euskaldunok bizi dugun egoera. Vox zuritzeagatik, ohiko bihurtu dira Espainian diskurtso xenofoboak eta arrazistak. Hala, Hego Euskal Herrian Anduezaren eraso euskarafoboari aurre egin ezik, laster zerbitzu publikoetan euskaraz artatzeko eskubidea bera ere ezbaian jarriko da.
Nola aldarazi PSEren diskurtsoa? Euskararen aurka egiten duenak ez du lekurik eduki behar euskal gobernuetan: ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Nafarroako Foru Erkidegoan, ezin onar baitaiteke euskara biziberritzeko prozesuaren aurka egiterik.