Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Lularen liluraz

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tximeleta-efektua: «Aurreikusgarritasuna: pinpilinpauxa baten hegoen astinaldiak Brasilen tornado bat sorraraz dezake Texasen?». Kaosaren teoria. Brasil eta Texas. Lula eta Trump. Txantxa dirudi, ezta? Edward Norton Lorenz matematikari eta meteorologoak termino zehatz horiek erabili zituen 1972an Washingtonen —batzar zientifiko batean— eskaini zuen hitzaldi famatuan (Predictability: Does the Flap of a Butterfly’s Wings in Brazil Set Off a Tornado in Texas?). Lulak irabazi du Brasilen, Donald Trumpek porrot mingarria izan du AEBetan, baita errepublikanoen feudo den Texasen ere! Pinpilinpauxaren magia, udazken koloretan.

Zein paradoxiko eta interpretatzeko zaila den mundu arraro hau! Une oro betiereko gaztetasuna sakralizatzen duen gizartean, Amerikako azken borroka politikorik interesgarriena bi laurogeitakakoen artean erabaki da (gizonak biak): ahots kraskatuko agure samurrak partida irabazi dio zakar mintzo den ahobero laranjatuari. Itxura apalak gaina hartu dio gorbatadun mundu zurrunari. Jatorri apaleko 1,68 metroko langileak zaplateko galanta eman dio 1,90eko enpresaburu ahalguztidunari. Hanka puntetan jarri gabe, behetik gora, txikiak bere ezkerreko uppercutik gogorrena —prast!— luzatu dio erraldoiari. Ziplo erori da. Madarikazioen artean, baina lurrean da. KO. Bai, Ruper: munduak baitu onik.

Kaosaren teoriak Atlantikoa zeharkatuko al du? Mitxirrikaren magiak ukituko al du Pedro Sanchez azaroaren 29an? Zaila dirudi. Maricarmen Abascalen efektua Urdako tragediarekin katramilatu da. Sorpresa: Oscar Puente ministroak dimisioa emateko erakutsi duen estilo dotore, koherente eta hunkigarriak —komunikazio politikoaren eskoletan erakutsi beharreko bideoa da— hankaz kontra harrapatu ditu den-denak: komunikabideak, analistak, gorrotoaren siamesak (PP-Vox), baita tertulia espainiarretako solaskide eskuindar amorratuenak ere.

Metaforak alde batera utzita, garbi dago tren istripuak alderdien agenda hankaz gora jarri duela. Leloak ere aldatu beharko direla pentsatzen dut. Nago Sanchezen maitasunaren indarra —la fuerza del amor— liluragarri horrek, honezkero, beste norabide bat hartu beharko duela: jendearen indarra akaso? Izan ere, doluaren itzala hain gertu izanik, tragediak karameliza baino gehiago besarkada zintzoa eskatzen du. 

Zarata larregi eta mami gutxi. Frenetikoa den mundu hau are kaotikoagoa egin nahi dute batzuek. Eta kazetaritzan gorrotoa ari du

Sentimenduak puri-purian. Goriegian. Asko dago jokoan. Ezinezkoa badirudi ere, hurrengo asteetan hiperboleak eta erraietara zuzendutako mezuak areagotuko dira; baita liluramendu saiakerak ere. Ezer ez da berria. Egiak, gezurrak eta egiaren antza duten sasi-albisteak.

Artifizioak eta amarruak betidanik erabili izan dira arma gisara arreta desbideratzeko. Agintea lortzeko edozein bide da zilegi. Gu bai demokrata inozook! Aspalditik dator kontua. Erroman K.a. I. mendean Virgilio poeta handiak ere aztikeriak erabili zituen bere helburuak lortzeko. Ai amigo!

Virgilioren eulia

Elezahar batek dio, Augusto enperadorearen garaian, Virgilio olerkariak izugarri maite zuen euli bat hartu zuela maskotatzat. Bai, euli bat. Hainbeste maite zuen ezen intsektua hil zenean hotsandiko hileta antolatu zion bere etxeko lur-orubean, Esquilino mendian. 800.000 sestertzio erabili zituen horretarako. Monumentua eta guzti egin zion euli gajoari. Garai hartako agintariak hurbildu ziren hileta-zerbitzura. Cayo Cilnio Mecenas aristokrata, politikari eta diplomatiko erromatar ezaguna ere bertaratu zen eta otoitz ederra eskaini zion zendutako euliari. Virgiliok berak epitafio hau idatzi zion monumentuan: musca: sit tibi urna levis et molliter ossa quiescant — «Eulia: arina izan bekizu hilobia, eta gozo atseden har bezate zure hezurrek»— (latinean adituok: barka AAk lagundutako itzulpen hau).

Virgilioren portaera xelebre honek azalpena behar zuen. Kontua da garai hartan agintean zegoen triunbiratua Erromako hiritarren artean lurrak konfiskatzen ari zela gerrako beteranoei emateko. Legeak salbuespenak zituen: besteak beste, ezin ziren desjabetu bere baitan hilobi-monumentuak zituzten lurrak. Virgiliok euliaren panteoia etxe ondoan zeukan. Beraz, ezin izan zuten bere lur-orubea desjabetu. Azti ederra Virgilio! Istorio liluragarri bezain harrigarria. Miresgarri bezain salgarria.

Sentitzen dut irakurle: aurrera jarraitu aurretik, jakizu bitxikeria hau goitik behera asmatua dela. Pasadizoa XX. mendeko hainbat hamarkadatan errealtzat hartua izan da, baita Internet garaian ere, harik eta Nestor F. Marques arkeologoak —2019an— agerian utzi duen arte Fake news de la antigua Roma (Antzinako Erromako fake news-ak) izeneko liburuan. Nolatan izan da posible fake-news hau guganaino iristea? Zergatik? Liburuaren egileak berak azaltzen du: XX. mendeko erdialdean AEBetan oihartzun handia zuen Robert Ripley komikigileak sinesgarritasuna eman zion batere oinarri zientifikorik ez zuen sasi gertaera honi —prentsan, irratian eta telebistan agertu zen honen berri ematen— bere obraren eta egoaren gorazarrerako. Pasadizoa, egia bailitzan, bolo-bolo transmititu da ia-ia gaur arte.

Lilura da gakoa. Lilura, gure bizitzaren ardatza. Lilura garaiak dira gureak: bidaiatzeko lilura, pertsona berriak ezagutzeko lilura, auto arranditsua eskuratzeko lilura, kontzertu ahaztezin batera joateko lilura… ustelezina dirudien lider baten ideia berriak besarkatzeko lilura.

Lilura, baina, iragankorra da. Une bat, istant bat, tarte bat irauten du. Gure hatz erakusleak pantailan scroll egin arte. Denok —neurri batean edo bestean— liluratzen gaitu fokuen distirak. Fokuak itzaltzen direnean gelditzen den panorama da errealitatea. Ederra, gordina edo arrunta izan daiteke. Ez dugu ahaztu behar. Bestela, hurrengoan guk ere Virgilioren istorio asmatuaren amarruari kosk egingo diogu.

Tximeleta eta eulien artean ibili gara. Egia eta gezurren artean. Lularen lilura hemen eta Trumpekiko arbuioa han. Era guztietako altxafuego, suziri eta su-artifizial ikusten ari gara egunotan. Zarata larregi eta mami gutxi. Frenetikoa den mundu hau are kaotikoagoa egin nahi dute batzuek. Eta kazetaritzan gorrotoa ari du. Zorroztu ditzagun filtroak. Gogora dezagun Gabriel Garcia Marquezi esleitzen zaion aipua: «Etika eta kazetaritza bat datoz, eulitzarrari burrunba darraion legez».

Utikan sasi-kazetari eta komunikabide ustelak. Betoz berriemaile zintzoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA