Marea antinuklearra zabalduz doa

2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Italiarrak , ekainaren 12 eta 13an burutu den erreferendumean onartu dute energia nuklearrik ez erabiltzea italiar lurretan, energia ekoizteko bitarteko gisa.

Erreferendumaren emaitzak ez du zalantzarako biderik utzi, botoen % 95etik gora izan baitira energia nuklearraren aurkakoak. Parte hartzea %57 ingurukoa izan denez —erroldaren %50+1 zen beharrezkoa—, baliagarria da erreferendumaren emaitza.

Energia nuklearraren inguruan erreferendum bat egitea ez da gauza berria Italian , 1987an italiarrak era horretara erabaki zuten ez zutela zentral nuklearrik nahi. Zehatzago esateko, Txernobylgo istripu-hondamendia gertatu zenetik urtebetera , 1987an, herritarrek zentral nuklear gehiago ez eraikitzea eta martxan zeuden lau zentral nuklearrak ixtea erabaki zuten, eta agindua 1989 eta 1990 bitartean gauzatu zen.

Seguruenik nuklearren aurkako italiarren jarrera horrengatik, emaitza ez da ezustekoa izan, eta horren adierazgarri dira Berlusconik azken hilabeteotan erabili dituen trikimailuak erreferenduma geldiarazteko. Berlusconiren kezka areagotu egingo zen Fukushima-Daichiiko istripuak eraginda, Italian zabaldutakonuklearren aurkako marea berria ikusita. Horregatik, «il cabaliere» erreferenduma gelditzen saiatu da trikimailuak erabiliz. Lehenik, erreferenduma ospatzea saihestuz, horretarako energia nuklearraren bi urteko luzapena edo moratoria dakarren legea onartaraziz erreferenduma baztertzeko asmoz, baina Konstituzio Epaitegiak galdeketa ospatzera behartu du. Bigarrenez emaitza baliagarria —loteslea— izan ez dadin ahaleginduz, batetik erreferenduma udal hauteskundeekin batera egitea ekidin du, horrek erreferendumean parte hartze handia ziurtatzen zuelako; bestetik , herritarrak botoa ematera joan ez daitezen kanpaina eginaz. Horren guztiaren helburua erreferenduma loteslea ez izatea da; izan ere, italiar araudiaren arabera erreferenduma loteslea izateko erroldaren %50+1ek parte hartu behar du .

Bidea trabaz betea izan denez, Eguzki talde ekologistak italiarrak are ozenkiago zoriondu nahi ditu hartutako erabakiarengatik, eta espero dugu horrelako adibideak —erreferendumarena— zabalduz joatea, ziur baikaude lehen ere ugaria den nuklearren aurkako kontzientzia zabalduz joango dela.

Bide horretan, duela aste pare bat Sardiniako erreferendumarekin egin genuen bezala, Eguzkikook ez dugu lotsarik inbidia — sanoa, noski— sentitzen dugula adierazteko, guk ezin dugulako, egun behintzat, horrelako erabakirik hartu, ez nuklearrei dagokionez eta ez beste hainbat gaitan ere.

Aipatu beharra dago galdeketan beste bi gai ere erabaki direla: uraren kudeaketaren pribatizazioa bat eta «Legitimo Impedimento» deritzon legea, kargu politikodunei nolabaiteko babesa ematen ziena bestea. Denak galdu ditu Berlusconik, eta deigarria da lehen aldia dela azken 16 urteotan erreferedum bat loteslea izatea.

Garbi dago, Fukushima-Daichii zentral nuklearraren istripuaren ondoren —zeina izenburuetatik ezkutatu arren, gero eta kontrolpetik urrutiago dagoen eta ezin den baztertu oraindik egoera okertu daitekeenik— marea antinuklearra zabaltzen ari dela munduan. Ondorioz, hankaz gora jarri du «nuklearren berpizkundea», eta alemaniaren politika aldaketak, nuklearrak ixteak ekologiston aspaldiko ametsa egia bihurtu du , gutxienez hain sentibera, «zorrotza» eta orain arte nuklearzalea zen Alemanian.

Alemaniak jada zentral nuklear gehiago ditu itxiak (19), egun martxan dituenak baino (17). Itxi diren zentral horien amaiera, aurreikusita zegoena baino lehenago gertatu da (batez beste, 20 urteko bizia, batzuk soilik 3) industriaren nahien arabera 40 urteko bizia baitzuten eta Fukushimako gertatu aurretik espero zituzten luzapenekin 60 urtera iritsi nahi zuten. «Gure» Garoñak, aldiz, 40 urte daramatza martxan, beste bi urtez jarraitzeko baimena du, eta enpresaren asmoa gutxienez 2019 arte jarraitzea da.

Azkenik, Eguzkitik gogorarazi nahi dugu energiaren eztabaida ezin dela oinarritu onartzeko prest gauden zentral nuklearren kopuruan, aurrezpen energetikoa, efizientzia eta bide alternatiboetatik lortutako energia ekoizpenean baizik. Alemanian hartutako erabakia ikusita, energia nuklearraren eztabaida mahai gainean jarri, eta seriotasunez landu behar da, eta energia ereduaren aldaketa eta bereziki Garoñako zentral nuklearraren ixteko exijitu, zaharra eta arriskutsua delako, amortizatua dagoelako, hauteskunde promesa bat delako eta gizarteak eskatzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.