Ez da arrazoirik falta greba orokor baterako. Kapitalismoak miseria sortzen eta pobretzea hedatzen jarraitzen du langile-klasean, zatiketarako mekanismo suntsitzaileak erabiliz: miseriazkoak eta bizitza duina izateko nabarmen eskasak diren soldatez gain, lan prekaritate iraunkorra, etxebizitza eskuratu ezina, gizarte-bazterkeria, arrazakeria instituzionala, etxegabetzeak, baliabide naturalen eta munduaren Hegoaldearen gainustiapena, krisi ekologikoa, inflazioaren bidez langileen aurrezkien arpilaketa, zerbitzu publikoen etengabeko kaskartzea, adibidez osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan, justizian… Horietaz gain, hor ditugu enplegua erregulatzeko espedienteak, lan-kaleratze masiboak eta enpresen itxierak, tartean Eskirotzeko BSHren, Altsasuko BSHren eta Tuterako Nano Automotive enpresen itxiera. Eta ezin ditugu ahaztu enpresariek aberasten jarrai dezaten lanpostuan eraildako langile horiek guztiak: Nafarroan 30 izan ziren iaz, eta, azken hamarkadan, 702 Euskal Herrian. Babes eta elkartasun osoa bidaltzen diegu hemendik haien familiei.
Bizi garen gizarte honetan, kapitalisten interes pribatuetara azpiratuta dago gure klasea, eta kapitalistak gure bizi- eta lan-baldintzak okertzearen kontura aberasten dira. Joera hori are nabarmenagoa da krisi garaietan, non klase menderatzaileak bere ofentsiba indartzen baitu fronte guztietan. Hori horrela, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore pobretuenen soldatak hobetzeko borroka, eta geure egiten dugu aldarrikapen hori. Baina hortik haratago, argi dago lanaldiak murrizteko, erretiro-adina aurreratzeko eta bizi- eta lan-baldintza egiaz duinak lortzeko ezinbestekoa dela sistema kapitalista zalantzan jarri eta gainditzea, eta pertsona guztientzat bizi baldintza unibertsal eta kalitatezkoak ziurtatzen dituen gizarte-eredu baterantz pausoak ematea.
Garaiotan, gainera, estatuen autoritarismoaren gorakada ari gara ikusten, eta horren adibide dira gerra-tentsioen goraldia, azken hamarkadatan aurrekaririk gabea, neurri errepresiboen areagotzea –adibidez mozal legearena–, antifaxismoaren kriminalizazioa, bai eta proletariotza migratzailearen jazarpena ere, bai Estatu Batuetan –ICE polizia odol hotzean ari da jendea hiltzen, inpunitate osoz–, bai Europan. Iruñean bertan ere, pertsona migratu ugariri errolda-eskubidea ukatzen zaie, eta ohikoa da poliziaren jazarpena ere. Paraleloki, neurrigabe ari dira igotzen aurrekontu militarra. Horrek, batetik, etekin izugarriak dakarzkio industria militarrari, eta, bestetik, oinarrizko zerbitzuak progresiboki kaskartzea dakar, tartean osasun zerbitzuak. Kontuan harturik pobretzearen eta autoritarismoaren agenda hori besteak beste Europar Batasunetik ari direla gidatzen, ezinbestekoa da ikuspegi internazionalistatik jardutea, Europan eta nazioartean borroken batasuna artikulatzera begira, alegia.
Beharrezkoa iruditzen zaigu estatuarekiko independentea den langile-mugimendu bat artikulatzea, estatuarekiko loturarik, zorrik eta klientelismorik gabea, gure bizi- eta lan-baldintzen okertzea eta haren erantzuleak salatuko dituena
Agertoki horretan, kezkagarria iruditzen zaigu sozialdemokraziak eta gure ingurune politiko hurbileneko gobernu progresistek oposizio argirik ez egitea langile-klasearen pobretzea azkartu eta frustrazio sozial gero eta handiagoa sortzen duten politika horiei. Horrek eskuin muturrari bide ematen dio haserre sozial hori itxuraz sistemaren kontrakoa eta konfrontaziokoa den diskurtso baten bidez kapitalizatzeko, diskurtso hori ideia erreakzionario eta baztertzaileak zabaltzera bideratutako Troiako zaldi gisa erabiliz.
Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu estatuarekiko independentea den langile-mugimendu bat artikulatzea, estatuarekiko loturarik, zorrik eta klientelismorik gabea, gure bizi- eta lan-baldintzen okertzea eta haren erantzuleak salatuko dituena, eta faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren kontrako antidoto izanen dena.
Hori dela eta, bizi eta lan baldintza duinen aldeko aldarrikapena ez denez bukatzen soldataren igoerarekin –beharrezkoa bada ere– eta salaketan harago joan behar duenez, heldu den martxoaren 17ko greba orokorrera dei egiteko batu gara zenbait erakunde sindikal, politiko eta sozial. Zentzu horretan, Iruñean goizeko 11:30ean Errekoleten Plazatik abiatuta antolatu dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Eragile hauek atxiki dira manifestazio honetara: Negu Gorriak, Ikasle Antolakunde Sozialista, Antikapitalistak, PIM, Dar Etxea, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Red de Autodefensa Laboral, Sindicato Socialista de Vivienda de Iruñerria, hARITU elkarlaguntza sarea, Itaia, Gazte Koordinadora Sozialista.