Matxismoa garantismoaren izenean

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
La Manadaren inguruko sententziak agerian utzi du oso tarte handia dagoela, batetik, zigor prozesu osoaz eta gai honi buruzko azken ebazpenaz dagoen pertzepzio sozialaren eta, bestetik, zenbait arlo juridiko eta politikok eman duten erantzunaren artean —auzitegiak berak sententzia bidez emandako erantzunaz gainera—. Pertzepzio sozial horrexek jarri dizkie izena eta ahotsa erreibindikazio guztien oinarrian dauden errealitateei. Herritarrek adierazitako mobilizazioez ari naiz, eta pertsona partikularrek eta kolektiboek foro publikoetan eta sare sozialetan egindakoez, baina ez komunikabide masiboek eta horien bozeramaileek adierazpen horien inguruan egindako interpretazioez, zeinak oso bestelakotzat jotzen baititut funtsean.

Mobilizazio horien bidez, batetik, ikusarazi nahi izan da gizonak emakumea menderatzeko darabilen baliabide bat dela emakumearen gorputzarekiko sexu batzea haren onespenik gabe, eta halaxe baliatu izan dela historiaren joanean. Horregatik, integritate sexualaren kontrako delituak genero indarkeriatzat jotzea aldarrikatzen da nagusiki, nahiz eta ez den baztertzen gizonak eta mutikoak ere egotea zapalkuntza harreman batean edozein sistema patriarkaletan, ez eta halako delituen biktima izatea ere.

Bestetik, beste errealitate bati ere jarri diote izena kalean: halako delituetan nola gauzatu behar den proba, integritate sexualari zerk eragin diezaiokeen eta zerk ez zehazteko orduan, zer den abusu eta zer eraso, eta abar. Funtsezkoa da genero ikuspegia. Funtsean, mahai gainean jarri da zuzenbidea generoduna dela, eta zuzenbideak balio izan duela eta balio duela bere hartan iraunarazteko eta erreproduzitzeko genero rolak eta gizonen pribilegioak.

Jakina, erreakzio hori ez da gertatu halabeharrez, eta abagunea aspalditik eratuz joan diren bi fenomenok elikatzen dute, eta horiek gabe mobilizazioak ezin ulertuko lirateke. Bata da mugimendu feminista sendo baino sendoagoa, aurtengo M-8an ezin hobeto antzeman ahal izan zen moduan. Bestea, jendea oro har aspertua egotea sistema judizialaren egoera labainaren inguruan: Auzitegi Konstituzionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren judizializazioa, herritarren askatasunak gero eta zapalduagoak egoteak ekarritako egoera delikatua eta justizia pertsona guztientzat berbera ez delako irudipena. Hala ere, mobilizazio horiei aurre egiteko eta sententzia babesteko, juristek eta politikariek atzo arte espetxealdi iraunkor berrikusgarria aldarri zuten horiexek zigor zuzenbide garantista bat eta errugabetasun presuntzioa aipatzen dituzte, eta kontzeptu horiek instrumentu gisa baliatu, genero ikuspegirik ez duten begiradak sendotzearren justizia tradizionalean. Beste batzuek, ordea, eta proposatzen duten zigor ereduarekiko koherentziaz, zigor gehiago baino ez dute eskatu delitu horientzat.

Baina oker daude. Galdekizunak ez dira horren ingurukoak. Justizian generoa jartzen: horretan ahalegindu dira manifestazioak. Horregatik, hain zuzen, eztabaida horrek auzi sakonagoa dakar berekin: kontzeptu eta zigor horietaz harago, feminismoek zer zigor-justizia eredu babestu nahi dituzten eta, pixkanaka, eraiki.

Feminismoen erronketariko bat da, izan ere, nola jarri erdigunean genero auziak eta arauetan ispilatu beharreko beste hainbat zapalkuntza, desberdinkeriak ez daitezen betikotu, pertsonak (eta, batik bat, emakumeak) benetan babestuak egon gaitezen, errefortzutzat erabili behar izan gabe gaur egungo zigor sistema, zeinak, Angela Davisek ohartarazia duenez, patriarkatua bera baino ez baitu sendotzen.

Horretarako, nahiz eta mobilizazioak berebizikoak izan diren, uste dut patxadaz proposatu beharra dugula justiziari sakon begiratzea ere, kasu horretan gertatu denari buruzko eztabaida horietara mugatzeaz harago: hots, egon zen edo ez zen egon biktimaren onespenik, hark jasan zuena abusu bat edo sexu eraso bat izan zen, ea erreformatu behar diren delitu horien ingurukoak eta erruduntasun presuntzioari buruzkoak.

Besteak beste, honako hauetan sakondu behar da:

—Zigor prozesuan ez dago mekanismorik non pertsonek, akusazioaren eta defentsaren logikaz harago, toki bat aurkituko baitute alde humanorako eta, kasuan-kasuan, erreparaziorako.

—Epaitze egintza bera auzitan jarri beharra dago, gatazkak konpontzeko bestelako formulek ordezka dezaten, zigorraren logikatik urrun, zeinak indarberritu egiten baitu menderakuntzaren funtsa bera.

—Biktima zaindu beharra dago; izan ere, zigor prozesuetan, errudunari zigor bat ezartzearren egiaztatu beharreko egintzak direla-eta, nekeza gertatzen da, eta, holako prozesu ezinago mediatikoetan, agerian geratzen da jendaurreko plazan.

—Zalantzazkoa da hala ezarritako zigorrak konponduko ote duen edozein gatazka, prebenituko duen etorkizunean pertsona horrek berak —edo beste edozeinek— deliturik egitea, edota aintzat hartuko duen baketze sozialik.

Genero eta sexu indarkeriaz ari garelarik, aurpegi eman behar diogu oso sakonekoa den eta historikoki ondo erroturik dagoen zerbaiti, sexuan edo gizartean rol batzuk egokitze hutsarekin erauzi ezingo dugun zerbaiti. Beste horrenbeste gertatzen da eskura dugun zigor justiziarekin: bizitzaren ezaugarri bat dirudi, eta delituari heltzeko modu bakarra. Jakina, baldin eta presente badago nozio kolektibo hau, alegia, emakumearen gorputza eskuragarri dagoela, objektu bat dela, edo merkaturatzeko gai bat izan daitekeela pentsa litezkeen alderdi guztietan, gure gizartean ere presente egongo da menderakuntza eta, beraz, integritate sexuaren kontrako erasoa. Eta, aldi berean, ezinbestekoa da mozorroa kentzea bizitzeko eta harremanetarako dugun sistema honi, zeinaren parte baita oraingo zigor justiziaren sistema: hori da modu bakarra erantzun zintzoak eman ditzagun, sistema patriarkalaren emaitza diren egitura eta formez bestelakoak —gaur egungo zigor prozesua eta presondegi sistema ez bezalakoak—, eta askoz ere justuagoak izango direnak den-denontzat, askoz ere erabilgarriagoak sozialki eta askoz ere atxikiagoak giza eskubideei.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.