BERRIAn argitaratutako pazienteen eta medikuen arteko gutunen harira, hausnarketa batzuk plazaratzea gustatuko litzaidake.
Ezin dugu ahaztu Osasuna zainduz planarekin, 1993an hasi zirela indartzen elkar elikatzen duten bi estrategia: murrizketak Osakidetzan eta bultzada pribatizazioan.
Orduan hasi ziren kontratu prekarioak, baztertu ziren lanpostu finkoak eta areagotu ziren behin-behineko kontratuak. Lehen Arreta baztertu eta desprestigiatu egin zen, ospitaleetan peonadak hasi ziren —itxaron-zerrendak murrizteko aparteko ordu boluntarioak—, eta hori gutxi balitz bezala, 2006az geroztik, Osakidetzan itxaron-zerrendak handitzen baziren gaixoak medikuntza pribatura desbideratzeko agindua onartu zen.
Zilegia da pazientearen galdera: egoera horren aurrean zergatik ez genuen medikuok grebarik egin? Batetik, nahiko kolektibo kontserbadorea garelako, eta, bestetik, umezurtz geundelako: sindikatu mediko korporatiboek inoiz ez dute pribatizazioaren aurkako ezer egingo, eta klase sindikatuentzat medikuak ez ginen langile klasea, eta ez ginen haien lan eremuan sartzen.
Dena den, inork ez du ukatzen medikuek bizi duten egoera tamalgarri eta jasanezina, ez eta estatutu berrituan mediku lanbidearen berezitasunak —prestakuntza luze eta exijentea, artatzeko lanetan duen erantzukizuna eta erantzukizun juridikoa— aitortzeko duten zilegitasuna ere. Baina honek guztiak ez du esan nahi estatutu propio bat behar denik. Langile guztiontzako estatutu bakarrak nahikoa izan beharko luke, kategoria guztien interesei eta baita mediku lanbidearen berezitasunei lekua eginez.
Zer esan Osakidetzaren aldeko mobilizazioetan «Osakidetza publiko eta kalitatezkoaren alde»-ko pankarten atzean jartzen garen herritarrei buruz? Inork sinesten al du hau medikuak kontuan hartu gabe lor daitekeela?
Medikuek sobera arrazoi dituzte greba egiteko. Hau argi daukagu bai medikuek eta baita herritarrek ere.
Baina greba hau bultzatzen duten sindikatu medikoek eta mediku-elkarteek osasun sistema publikoaren eta pribatuen arteko lotura sustatzen dute. Eta horren aurrean medikuek «Nik ez dut pribatuan lan egiten» esatea ez da nahikoa.
Eta zer esan Osakidetzaren aldeko mobilizazioetan «Osakidetza publiko eta kalitatezkoaren alde»-ko pankarten atzean jartzen garen herritarrei buruz? Inork sinesten al du hau medikuak kontuan hartu gabe lor daitekeela?
Medikuek herritarren babesa nahi badute, beharrezkoa da Osakidetzan eta eremu pribatuan lan egitearen bateragarritasunari/bateraezintasunari buruzko azalpen argiak ematea
Honekin lotuta, egoera honek dilema batzuk sortzen ditu: zein izan behar da instituzio publiko batean —Osakidetzan, adibidez— lan egiten duen klase-sindikatu baten lehentasuna: langileen eskubideak defendatzea edo gizarteari zerbitzu publiko eta kalitatezkoa ematea? Argi dago kategoria guztietako langileen lan-baldintza duinak bermatzea ezinbestekoa dela, baina gure helburu nagusia herritarrok Osakidetza publikoa eta kalitatezkoa lortzea izan behar da.
Hortaz, Osakidetzari buruzko edozein erabakik edo ekimenek galdera honek planteatzen duen galbahetik pasatu behar du: gerturatu edo urrundu egiten gaituzte kalitatezko Osakidetza publiko batetik? Eta, kalitatezkoa izatea nahi badugu, kategoria guztietan langile onenak eta eraginkorrenak behar ditugu, eta horrek eskatzen du kategoria guztietan langile horiek lagundu eta babestu behar ditugula, euren lan eskubideak bermatuz. Bikaintasuna bultzatu behar dugu inor atzean utzi gabe.
Honelako egoerek etsipena, haserrea eta frustrazioa sortzen dituzte eta denbora luzez ondorio kaltegarriak ekar ditzakete nahi dugun Osakidetza eraikitzeko bidean.
Egoera konplexua da, baina zerbait asmatu eta egin beharra dago, ez badugu eskuina indartuta ateratzerik nahi.
Osasun publikoaren aldeko sindikatu, erakundeek… kontuan hartu beharko lukete mediku barik ezin dela osasungintzari buruz hitz egin, eta horretarako euren lanbidearen berezitasunak defendatu eta lan baldintzen hobekuntza aldarrikatu behar dutela.
Bestalde, medikuek herritarren babesa nahi badute, beharrezkoa da Osakidetzan eta eremu pribatuan lan egitearen bateragarritasunari/bateraezintasunari buruzko azalpen argiak ematea.
Pauso horiek medikuen eta pazienteen aldarrikapenei bide emango liekete, eta posible egingo lukete denok, herritar eta medikuok, eroso sentitzea pankarta berberaren atzean: kalitatezko Osakidetza publiko baten alde.