Paziente agurgarria. Osakidetzan lan egiten dugun bi mediku gara. Zure gutuna irakurri ostean galdera batzuei erantzuteko eta puntu batzuk argitzeko beharra sentitu genuen.
Alde batetik, ez duzu ulertzen zergatik ez garen kalera atera azken 23 urteetan. Izan ere, gaur egungo gobernuak erabaki du orain dela 23 urteko estatutua berritzea, baina horretarako ez ditu medikuak kontuan hartu eta ez dugu estatutu berria negoziatzeko aukerarik izan. Honen ondorioz, beste osasun langileen lan baldintzak hobetuko badira ere, gureak aurreko estatutuko egoera antzekoan geratuko dira. Kontuan hartu behar da, era berean, azken bi hamarkadetan lan gainkarga areagotu dela eta gero eta paziente gehiago artatzen direla anbulatorioetan, ospitaleetan eta larrialdi zerbitzuetan. Beraz, lehengo estatutua ona ez bazen, gaur egungo egoeran adostu dutena okerragoa izango da medikuontzat, eta aski dela esan dugu.
Bestalde, gure aldarrikapenen artean ez dago osasun publikoan eta pribatuan lan egitearena. Greba egiten ari garen mediku gehienak ez dugu osasun pribatuan lan egiten. Horregatik eskatzen ditugu lan baldintza duinak, osasun publikoa erakargarriago bihurtzeko eta mediku gehienak bertan geratzeko. Izan ere, medikuokin negoziatu gabeko estatutu berri hau ondo datorkio osasun pribatuari, gero eta lankide gehiago ari baitira pribatura joaten lan baldintza hobeagoak eskaintzen dituztelako.
Arrazoia duzu osasungintza autonomien menpe dagoela esaten duzunean. Eta, bai noski, eskatu behar zaio Eusko Jaurlaritzari diru gehiago bideratzea Osakidetzara eta ez itundutako zentro pribatuetara. Aldi berean, osasun langile guztien lan baldintzak hobetzeko ere eskatu behar zaio. Baina lan baldintza horiek negoziatzeko, lehenik lege orokorrak Madrilen negoziatu behar dira estatutu berriaren bitartez. Horrela Madrilen muga guztiak ondo zehazten badira, gero autonomietan negoziatzeko orduan Eusko Jaurlaritzak ezingo du egin nahi duena. Gauza bat da medikuen estatutu propio bat aldarrikatzea eta beste bat bertoko gobernuari erantzukizuna eta hobekuntzak eskatzea, bai egiturazkoak bai langile guztion lan baldintzetan.
Langile bezala pena handia ematen digu bai Espainiako ezkerrak bai Hego Euskal Herriko ezkerrak eta sindikatu gehienek gure lan baldintzen abusua ez salatzeak. Medikuak ez al gara langile klasea?
Bereziki harritu gaitu adierazten duzunean ez dugula diru gehiago eskatzen osasun publikoarentzat, hori baita hain justu eskatzen ari garena. Ezin dugu jarraitu hiru pertsonaren lana egiten, kontsulta labur eta azkarrekin, agendak gainezka eta zerbitzu gero eta eskasagoa eskainiz. Egoera hau hobetzeko mediku gehiago kontratatu behar dira, pazienteak ondo artatzeko, beste langile guztiek dituzten lanordu berak edukitzeko eta gure lana medikuak ez diren beste osasun langileek egin behar ez izateko. Hori guztia egiteko, dirua behar da, eta asko, gainera.
Badirudi ez duzula ondo ulertzen zergatik eskatzen dugun medikuon estatutu propio bat. Izan ere, medikuok ez dugu errepresentazio zuzenik izan estatutu berria negoziatu den mahai sektorialean, hain justu medikuak garelako osasun publikoko langileen artean gutxiengoa. Gauzak horrela, gure lan baldintzak beste osasun langileen sindikatuek negoziatu dituzte eta hemen dugu emaitza. Nahiz eta denok garen osasun langileak, talde profesional bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta berezitasun horiek kontuan hartu behar dira bidegabeak ez izateko. Horregatik, Europako herrialde askok daukaten bezala, medikuon estatutu propioa eskatzen dugu, guk zuzenean negoziatutakoa.
Azkenik, ez gaude ados esaten duzunean gure eskaeren atzean eduki politiko alderdikoiko beste interes batzuk daudela. Langile bezala pena handia ematen digu bai Espainiako ezkerrak bai Hego Euskal Herriko ezkerrak eta sindikatu gehienek gure lan baldintzen abusua ez salatzeak. Medikuak ez al gara langile klasea? Astero lan egiten ditugun 80 orduak ez al dira edozein langilek egiten dituen berak? Zoramen honengatik eskuina ari da gatazka honen aldarrikapenak kentzen ezkerrari, eta gure ustez egoera hau lotsagarria da eta gaur egun dagoen balioen krisia erakusten du.
Espero dugu gutun hau irakurri ostean gurekin batera borrokatzeko nahia piztea.