Distantzia. Distantzia. Distantzia. Literatura teoriako hainbat adituk eta hainbat literatura ikertzailek adierazi izan dute gatazka soziopolitikoez literarioki eta estetikoki jarduteko, betiere eraginkor jarduteko, distantzia hartzea mugarri dela. Bortxazko gertakarien eta zapalkuntzen muinetik eta minetik idazteak ez duela nahikoa perspektibarik ematen. Teoria horretaz beste egin duten liburu mamitsuak topatu izan ditut, kalitate literario harrigarrikoak, eta, aldi berean, edo horregatik hain zuzen ere, gatazkaren tripa eta gihar askotarikoak zabaldu dituztenak. Horien artean bada bereziki harritu ninduen nobela bat, Patricia A. Janeiro galegoaren A perspectiva desde a porta (EdiciĂ³ns Positivas, 2009), gertakariak gori-gori zirela irakurri nuena. OperaciĂ³n Castiñeira (2005) delakoaren testuingurura garamatza, Assembleia da Mocidade Independentista (AMI) gazte mugimenduaren kontrako polizia-operaziora.
Gatazka. Gatazka. Gatazka. 2007an Xerais sari literario prestigiotsuko finalista izan zen A perspectiva desde a porta nobela. Distantzia hartu gabe perspektiba literario eraginkor bat hartu zuen idazleak. Distantzia ez hartzeak, ordea, nobelaren zirkulazioa oztopatu zuen. Finalista izan zela jakitean, marmarrak sortu ziren Galizako giro literarioan, bateko eta besteko iritziak bildu zituen auzi hark: tematikaren inguruko eztabaidek harrotu zuten marmar hori, nobela ez baitzegoen orduan guztien eskura. Nazio zapalkuntzaren gaia jorratzen zuen, baina, baita 1975eko erreforma politikoaren inguruko auziak edota borroka armatuaren inguruko eztabaidak ere. Horiek jorratzearen (des)egokitasun literarioaz aritu ziren marmarrak, baita zentsura literarioaz ere. Finalista bai, baina, liburua argitaratzeko prozesua trabaz beterik egon zen. Janeirok hara-hona ibili behar izan zuen, bi urtez, nobela nork eta non argitaratu. 2008an absolbitu zituzten gazte independentistak; 2009an egin zuen nobelak argitaratzeko bidea.
Memoria historikoaren ikuspegi hegemonikotik at kokatzen da [nobela], eta gatazka soziopolitiko isilduak lehertzeko ate berriak zabaltzen dizkigu
Izua. Izua. Izua. Nobelak gai askotarikoak jorratzen ditu, guztiak ere izuari loturikoak: amatasunek, bakardadeek, jazarpenek edo deshumanizazioek sortzen duten izua. Baita kolektiboaren barruko kontraesanek sortzen duten izua ere. Nortasun handiko pertsonaia baten bueltan txirikordatzen dira horiek guztiak: Nadia abokatua, ezustean, David gazte independentista artatu beharrean izango da, eta ekite horrek askotariko zauriak piztuko dizkio: bikotearena, amatasunarena, lanbidearena, komunitate politikoarena… Nadiaren barne-gatazka horien guztien bitartez bikain aletzen zaizkizu garai jakin bateko gizarte-ehunak eta nortasunen itzalak, baita komunitate politikoaren barruko kontraesanek, gatazkek eta tentsioek sortzen dituzten harreman sareak ere.

Memoria. Memoria. Memoria. Memoriaren zorrak ezin kitatzeak sorturiko izuaz ere mintzo da. Baita zapalkuntza historikoek gorputzetan iltzaturiko izuez ere. Halako zauri isilduek, isilduaren isilduaz, gordetzearen gordetzeaz, lehertzera jotzen dute. Begirada matxista edota hegemoniko batek keinu txiki histerikotzat hartu ohi ditu halako lehertzeak. Histeriaren oihartzunek zeharkatzen dute nobela, histeria hitza han-hemen ageri delako, baina, batez ere Charlotte Perkins Gilmanen Hormako paper horia aipatzen delako, histeriaren ikuskera matxistaz jardun zuen literatur lan klasikoa. Nobelak, zeharka bada ere, histeriaren ikuspegi matxista hori auzitan jartzen du. A perspectiva desde a porta-k memoria histeriko eta subalterno hori gorpuzten du, zentzurik askatzaileenean, tabu eta bortxa batzuei ahotsa zein gorputza jartzeak dakarren ezinegona, amesgaiztoa, zalantza agerraraziz, eta, aldi berean, erantzun lehertu horiek sorraraz ditzaketen bide urratuak zeharkatuz.
Irakurketa. Irakurketa. Irakurketa. Baztertu nahi izan zuten nobela ere, isilarazi, baina, 2017. urtean A Sega taldeak (kritika literario feminista jorratzen duenak) Janeiro omendu zuen DĂa das Galegas nas Letras ekimenean; omenaldia baliatu zen nobelaren ekarpen feministetan arakatzeko (1970eko emakume militanteen kontakizuna, ama onberatik urruntzen diren ikuspegiak, pertsonalaren eta politikoaren arteko hari finak, begirada intersekzionala…), eta, bide batez, euskal literaturako ekarpen feminista batzuekin elkarrizketan jarri zuten (Eider Rodriguez, Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta beste hainbaten lanekin).
Ispiluak. Ispiluak. Ispiluak. Euskal literaturarekin elkarrizketak sortzeko ispilu interesgarria da nobela. Memoria historikoaren ikuspegi hegemonikotik at kokatzen da, eta gatazka soziopolitiko isilduak lehertzeko ate berriak zabaltzen dizkigu. Barne-kontraesanak, barne-ezinegonak, barne-zalantzak, barne-gatazkak isilarazi gabe.