Maravillas gaztetxea izandako Marques de Rozalejo eraikina berriro ireki da: Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza da orain. 2019an hustua izan eta urte luzez hutsik egon ostean, espazioa memoria instituzionalaren erreferente bihurtzeko aurkezten zaigu. Berrirekiera honek, ordea, memoria instituzionala erdigunean jarri, eta aldi berean langileon memoria lurperatzen du, instituzioek egungo ordena politiko eta sozialari eusteko funtzioari erantzuten baitiote, eta horretarako iraganera modu interesatuan jotzen baitute. Egoera honen aurrean, langileon memoria aldarrikatzea beharrezkotzat dugu, iraganeko borrokak gogora ekarriz eta militante asko eta askoren lana aitortuz. Izan ere, Maravillas gaztetxea antolakuntzarako, formakuntzarako, memoria egitarauetarako, doako kirol, zinema eta aisialdi eskaintzarako, eta langile elkartasunaren milaka adierazpenetarako esparru izan zen.
Guretzat Maravillas ez da oroitzapen hutsa. Beharrezkoa deritzogu bizipenen eduki politikoa berreskuratzea eta gaur egungo borroketarako baliatzea. Bide horretan, Maravillas gaztetxea irakaspen garrantzitsuak eskaintzen dizkigun antolakuntza esperientzia garrantzitsua da: Maravillas gaztetxea antolakuntzarako eta borrokarako kultura hedatzen lagundu zuen tresna bat izan zen, agenda kultural zabal zein aldarrikatzaile bat izaten eta injustizien aurrean koiunturari erantzuten. Gainera, desalojoari aurre egiteko Euskal Herri osoan elkartasuna antolatzeak ekarri zuen ekarpena argi ikusi zen. Horrez gain, gazte belaunaldi berrientzat eskola politikoa izan zen, desmobilizazio garai batean askotariko problematiken inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat zen, hain zuzen.
Merkatuaren logiketatik kanpo, belaunaldi berrietan balio askatzaileetan oinarritutako kultura eredu alternatibo bat hedatu nahi dugu; aisialdia autogestionatuz, babesguneak eraikiz, dauden gaztetxeak defendatuz eta berriak irekiz
Gaur egungo testuingurura ekarrita, gazteriaren artean ideia erreakzionarioek gero eta eragin handiagoa dute; horren baitan, arrazakeria, matxismoa, LGTBfobia eta pobreen aurkako kriminalizazioa indarra hartzen ari dira faxismoaren eskutik. Urgentziazkoa da ideologia zapaltzaileen aurka antolatzea, eta bide horretan, despolitizazio eta desmobilizazio garaiotan gaztetxeak irekitzea. Merkatuaren logiketatik kanpo, belaunaldi berrietan balio askatzaileetan oinarritutako kultura eredu alternatibo bat hedatu nahi dugu; aisialdia autogestionatuz, babesguneak eraikiz, erreakzioari forma guztietan aurre eginez, dauden gaztetxeak defendatuz eta berriak irekiz. Gazte langileok geure kabuz antolatzen eta gure gaitasun propioak eraikitzen jarraitu behar dugu, instituzioen eraginetik kanpo.
Izan ere, instituzioak dira proiektu hauek amaitzea helburu dutenak, ordezkatzen duten ordenarekin zuzenean kontraesanean sartzen baitira gaztetxeak. Horren adibide izan ziren Maravillas gaztetxea eta Arrotxapekoa. Azken urteotan, okupazioaren kriminalizazioa ez da eten, eta gaztetxeak desagerrarazi nahi izan dituzte. Hala ere, gaztetxeen beharra ez da desagertu, areagotu baizik. Iruñerrian hainbat kasu ditugu: Txantrean M1 gaztetxea eta Arrotxapean Subegi gaztetxea. Hau da, espazioen beharrak eta, ondorioz, okupazioaren zilegitasunak, eta langileon antolakuntza zein mobilizazioaren premiak erabateko gaurkotasuna dute. Horregatik dakarkigu Maravillas gogora, gazte langileen mobilizazio zabalak eta determinazioak mota horretako espazio politikoen potentziala erakutsi zigulako. Langileontzat politizaziorako, aisialdirako eta borrokarako espazioak behar ditugulako eta iraganeko proiektuek horretarako irakaspenak eskaintzen dizkigutelako.