Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Mendebaldeko Sahara tinko

Jon Argintxona Badiola
2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haiek puztutako hainbat sute piztu dituzte gaur egun gupida gabeko munstro zeken harrapakariek munduan. Ondorioz hainbat jende, herri eta lurralde izugarrikeriak sufritzen ari dira. Gure gogoa, beti, ahal dugun neurrian, Gernikatik beste Gernikei begira jartzea da, eta egunotan, beste behin ere, alarma sirenari eragin behar diogu, askatasunaren bila hamarkadak daroaten sahararren alde. Zenbat urte daroate askatasunaren aldeko borrokan! Espainiar kolonialismoaren kontra lehenengo; 1975etik —israeldarrak hemen ere inperialismoaren laguntzaile— Estatu Batuek sostengatutako marokoar estatu piramidalaren erasoari aurre eginez gero… Gainera, mendebaldar demokraziek haien interes ekonomikoei eusteko, okupazioa eta garbiketa etnikoari ez ikusiarena egin izan dioten bitartean, lurraldea arpilatzen ibili dira urtetan: mineralak, itsasoaren errekurtsoak… Espainiar enpresak, frantziarrak eta gureak, euskal herritarrak, ere bai. 

Sahararrek borroka armatuari eutsiz hor diraute, askatutako lurraldetan, erbestean, errefuxiatu kanpalekuetan, nazioarteko fronte diplomatikoan, tinko. 1963tik Nazio Batuek deskolonizazio prozesuan dauden herrien zerrendan dago Mendebaldeko Sahara. Baina, 1975-1976 tartean marokoar inbasioari lekua utzita, espainiarrek lurraldetik ihes egin zuten, nazioarteko zuzenbidearen arabera haien ardura zen autodeterminazio prozesua eratu barik. 1976ko otsailaren 27an, ordea, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu eta borrokan jarraitu zuten sahararrek. Ez da txantxetakoa nazioartean lortu izan dutena ere, Saharako Errepublika, 1982tik Afrikako Batasunaren kidea da eta 84 herrialdek onartzen dute haien goi mailako ordezkaritza diplomatikoa, Nazio Batuek barne. 

Gerra hark 1975etik 1991 arte iraun zuen; urte horretan su etena sinatu eta Nazio Batuen erreferendumerako misio berezia eratu zen, Minurso, baina, marokoarrek beti oztopatu dute erreferenduma egiteko prozesua, eta, 2007an, beste aukera bat aurkezten dute, lurralderako autonomia estatutua. Ordutik Estatu Batuetako ordezkariak aukera hura saltzen ahalegindu dira nazioarteko topagune diplomatikoetan. 

Antonio Guterresek azpimarratu duen bezala, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubideak jarraitzen du, nazioarteko legediaren barruan, saihetsezinezko oinarri bakarra izaten. Kostatutako garaipena, itxaropenezko garaipena

2020an tregoaren haustura behartzeko asmo argiz, marokoar armadak anabasa militarra probokatu zuen eta Fronte Polisarioa borroka armatura itzuli zen. Asmoak argia zirudien: sahararrak marokoar plana onartzera behartzea. Bitartean, Nazio Batuen autodeterminazioaren bideak blokeatuta zirudienez, Trumpen lehen agintaldian jadanik, baina bereziki bere bigarren agintaldi honetan, estatubatuar ordezkaritzak ofentsiba diplomatiko orokorrari ekiten dio Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan. Urriko azken asteburu honetan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Minursoren luzapena eztabaidatu denean, estatubatuarren asmoa misioa amaitzea eta marokoar plana konponbide bakartzat hartzea izan da. 

Aliatuak dira AEBak eta Maroko. Afrikako Ipar Mendebaldean Estatu Batuen base militar eta logistiko nagusia bihurtu da aspalditik, eta gero eta handiagoa da zona horretan duten presentzia; ekonomikoa eta militarra. Bestalde, lurraldea eskaintzeaz gain, Marokok aliantzaren trukean Israeldar estatua onartzeko Abrahamen hitzarmenak sinatu, arabiar kausa albora utzi, palestinarren sufrikarioa ahaztu, eta Jerusalemen enbaxada zabaldu du. 

Ez zaizkie, ordea, estatubatuar-marokoar bikoteari (eta beren atzetik datozen frantziar eta espainiar interesdunei) dena borobil irten. Segurtasun Kontseiluan Errusiak betoa jarri dio estatubatuar proposamenari eta ez da onartu. Minursoren jarraipenari dagokionez gauza bera gertatu da Estatu Batuen aldetik. Ondorioz, Minursok ez du bere horretan jarraituko, baina, Antonio Guterresek azpimarratu duen bezala, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubideak jarraitzen du, nazioarteko legediaren barruan, saihetsezinezko oinarri bakarra izaten. Kostatutako garaipena, itxaropenezko garaipena. Horregatik, Gernika Memoriaren Lekutik diogu haien borroka gurea ere badela, haien askatasuna gurea ere badela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA