Emazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Ipar Euskal Herriko hauteskunde dinamiketan hautetsi eta engaiatu gisa ari garen emazteok irmotasunez salatu nahi ditugu egun ere gure lurraldeko bizitza politikoan emazteek pairatzen ditugun zailtasunak.
Azken asteetan, biziki hunkitu gaitu Maite Pitrau Atharratzeko auzapezaren eta baita herri horretako herriko kontseiluko emazte guzien lekukotasunak ere. Emazte bat auzapez karguan izan duen lehen agintaldia bereziki gogorra izan da, beste agintaldi baterako aurkeztea bera zalantzan jartzeraino. Hori ez da hutsala. Azken sei urteetan pairatutako gutxiespen, etengabeko zalantzan jartze eta jarrera sexisten ondorio da, generoagatik ez ezik, jatorri sozial xumearengatik ere.
Egoera jakin horren gibelean, politikan ari diren emazte guziek ezagutzen duten errealitate bat dago: etengabe beren zilegitasuna frogatu behar izatea, funtsaren gaineko eztabaiden ordez eraso pertsonalak jasatea, mespretxu edo etsaitasun ageriko zein sotilagoen menpe izatea. Giro horrek higatu, ahuldu eta akitzen du. Pertsonei kalte egiten die, eta, aldi berean, instituzioak ere ahuldu.
Alta, Atharratzeko egoera ez da kasu isolatua. Herri kontseiluetan, zuzendaritza egitura ezberdinetan, edota Euskal Hirigune Elkargoaren baitan ere, iraunkorra den berdintasun ezak emazteen lekua oztopatzen du. Inposatutako kuotak ez dira aski botere harremanen errealitatea estaltzeko. Oraino, gehiegitan, emazteen hitza etena da edo rol jakin batzuetara mugatua, haien hitza gutxietsia, karikaturizatua, edo, besterik gabe, ez da kontuan hartua. Oraino, gehiegitan, haien engaiamenduak talka egiten du beste garai batzuetatik heredatutako praktika politikoekin.
Mespretxu horrek ondorio politiko eta humano sakonak ditu politikan engaiatutako emazteentzat. Batzuk zalantzan izatera eramaten ditu, beste batzuk beren burua mugatzera, eta batzuetan, baita erretiratzera ere. Gogoaren kontra egindako urrats bakoitza galera bat da gure lurraldearentzat, demokraziarentzat eta emazteen eta gizonen arteko berdintasunentzat. Beharturiko uko bakoitza sistema honek emazteek ardura postuak betetzeko duten zilegitasuna aitortzeko duen ezintasunaren sintoma da.
Indarrez eta ahizpatasunez, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Maite Pitrauri eta Atharratzeko herriko kontseiluko emazte guziei. Haien engaiamendua, lana eta ausardia eredugarriak dira beren herriarentzat eta bertako biztanleentzat jardun nahi duten emazte guzientzat
Guk, jendarte berdinzale bat eraikitzeko engaiatuak izanik, ezin ditugu halako egoerak onartu. Ez dugu onartzen biztanleriaren gehiengoa ikusezin bilakatzea boterea metatu eta atxikitzen duen gutxiengo baten ondorioz. Baieztatzen dugu demokrazia ez dela osoa izanen emazteek bertan parte hartu ezin badute indarkeriarik, presiorik edo diskriminaziorik jasan gabe.
Beraz, indarrez eta ahizpatasunez, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Maite Pitrauri eta Atharratzeko herriko kontseiluko emazte guziei. Haien engaiamendua, lana eta ausardia eredugarriak dira beren herriarentzat eta bertako biztanleentzat jardun nahi duten emazte guzientzat.
Gure engaiamendua ez da hemen gelditzen, askorentzat lehen agintaldia izan den honekin ez baita bidea bukatzen; aitzitik, martxoaren 15ean eta 22an hautagaitza aurkezteko pausoa emanen duten emazte guziei esker jarraituko du. Mila biztanletik beherako herrietan hauteskunde sistemaren bilakaerari esker, etapa berri bat ireki daiteke.
Erabakitasuna dugu 2026-2032 agintaldian politikan emazteen lekuaren aldeko borrokan urrats sendoak egin daitezen, eta baita jatorri sozial edo geografikoagatik, generoagatik edo sexu-orientazioagatik gutxietsitako pertsona guzien eskubideen alde ere.
Gaur egun engaiatzen diren emazte guziei mezu argi bat bidaltzen diegu: adorea eta ahizpatasuna. Ez zaudete bakarrik. Gu hemen gaude, eta beti egonen gara.
Mila esker, Maite. Mila esker gure aitzinekoei eta bidea ireki zuten emazte guziei. Zuei esker, espero dugu azkenean heldu direnen engaiamendua berdintasunean eta askatasunean garatu ahal izanen dela.
Euskal Herrian posible da.
Artikulu hau beste hauek ere izenpetu dute: Annie Poveda, Urruñako herriko kontseilaria eta departamenduko kontseilaria; Argitxu Hiriart-Urruty, Kanboko herriko kontseilaria; Françoise Gallois, Uztaritzeko axuanta; Laëtitia Navarron, Hendaiako herriko kontseilaria; Leire Larrasa, Ziburuko lehen axuanta; Maitena Diribarne, Donibane Garaziko herriko kontseilaria; Sabrina Berrouet, Ziburuko herriko kontseilaria.