Ceutan gaur egun gertatzen ari dena pairatzen ari garen migrazio krisiaren ispilu da: heriotzak bizpahiru egunez baino ez dira albiste; egungo migrazio politikak ez du funtzionatzen; buloek eta diskurtso xenofoboek tentsio soziala elikatzen dute; gizatasun falta nabarmena ageri da.
Askotan, migratzaileaz arazo bat balitz bezala hitz egiten dugu. Zenbat etorri diren, zenbat laguntza jasotzen duten, non bizi diren edo zer delitu egin duten galdetzen dugu. Baina gutxitan galdetzen dugu zergatik etorri diren, eta, agian, galdera hori da garrantzitsuena. Pertsona batek bere herrialdean etorkizunik ez duenean, gerra batetik ihes egin behar duenean, goseak harrapatzen duenean edo bere seme-alabei bizitza hobea eskaintzeko beste biderik aurkitzen ez duenean, alde egitea ez da beti aukera bat; askotan, azken aukera eta bakarra da.
Gutako bakoitzak ez du munduan non jaio hautatzeko aukerarik izan. Leku batean jaiotzeak hezkuntza, osasuna, lana eta segurtasuna ekartzen dizkizu, beste batean jaiotzeak, berriz, gerra, gosea, pobrezia edo aukerarik eza. Bigarren egoeran jaiotzea egokitu balitzaizu, zer egingo zenuke? Etxean geratuko zinateke, edo alde egingo zenuke? Galdera horrek migrazioari buruz dugun begirada aldatu beharko luke.
Horregatik, harrigarria da nola bihurtu dugun besteen sufrimendua hain erraz kontsumitzen dugun albiste. Gertuko tragediek hunkitu egiten gaituzte eta urrunekoak azkar ahazten ditugu. Baina distantziak ez du sufrimena txikiagoa egiten. Guk pantaila itzaltzen dugu; haiek, ordea, bizitzen jarraitu behar dute. Gure pribilegioetatik begiratu beharrean, tarteka besteen azalean jartzea ariketa ona litzateke.
Eta iristean zer aurkitzen dute? «Lanera etor daitezela», esaten dugu, baina paperik gabe ezin dute legez lan egin. Ez dugu nahi lanik gabeko etorkinik, baina ez diegu lan duinik eman nahi. Gurera egokitzea eskatzen diegu, baina ez diegu benetako inklusiorako behar duten espaziorik eskaintzen. Ikasi behar dute, baina beren ikasketak homologatzeko oztopo burokratikoak dituzte. Azkenean, bizirauteko lan egin behar dutenez, sistema bera da prekaritatera bultzatzen dituena. Hor dago gure kontraesan handienetako bat.
Badira laguntzak jasotzen dituzten pertsona migratzaileak, badaude migrazioarekin lotutako kostu publikoak. Baina, zergatik ez dugu zenbatzen lana egiten duena, zergak ordaintzen dituena, kontsumitzen duena?
Horrek dakar migratzaile batzuek laguntza behar izatea, hemen prekaritatera bultzatzen dituzten egoera juridiko eta sozial batean hasten dutelako bizitza. Laguntza jasotzea, beraz, ez da etorkina izatearen ondorio naturala, zaurgarritasun egoera baten ondorioa baizik. Baina laguntza publikoak ez du helmuga izan beharrik. Zuloaren eta irteeraren arteko zubia izan behar du. Hori da sistema publiko baten helburua: inor ez abandonatzea erortzen denean eta, aldi berean, pertsona horri bere kabuz aurrera egiteko aukerak eskaintzea.
Bai, badira laguntzak jasotzen dituzten pertsona migratzaileak. Bai, badaude migrazioarekin lotutako kostu publikoak. Baina zergatik zenbatzen dugu soilik laguntza jasotzen duen migratzailea? Zergatik ez dugu zenbatzen lana egiten duena, kotizatzen duena, zergak ordaintzen dituena, kontsumitzen duena eta, azken finean, gure ekonomiari ekarpena egiten diona? Eta hemen ere datuak oso esanguratsuak dira, esate baterako, 2025ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Segurantzako alta berrien %55 atzerriko jatorriko pertsonei zegokien. Hori da egiten duguna: laguntza jasotzen duen pertsona titular bihurtzen dugu, eta lan egiten duena, berriz, estatistika.
Baliteke gaur egun kanpotik etorritakoak deitzen diegun horietako askok bihar gure gizartearen zati nagusienetariko bat osatzea. Aditu batzuek diotenez, 2050ean, Euskal Autonomia Erkidegoan biziko diren pertsonen %35 edo %40 inguru etorkinak izan litezke. Orduan, bi aukera ditugu, ateak itxi edo errealitateari aurre egin eta gizarte inklusiboago bat eraiki. Lehen aukerak ez du migrazioa desagerraraziko; bigarrenak, ordea, gure etorkizuna hobetu dezake. Beraz, migrazioaren auzia ez da soilik migratzaileen etorkizunari buruzko eztabaida, gure etorkizunari buruzkoa ere bada.
Migrazioa gero eta garrantzi handiagoa duen osagaia da lan merkatua sostengatzen dutenen artean. Nork egingo du lan Euskal Herrian hemendik 20 edo 30 urtera? Zer gertatuko litzateke migranteak bat-batean desagertuko balira? Hor dago gure gizartearen kontraesana: migrazioa behar dugu, baina ez dugu nahi, eta hori da gure jarreraren laburpenik zintzoenetako bat.
Horrek ez du esan nahi migrazioak arazorik sortzen ez duenik. Jakina, sortzen ditu. Baina arazoak egoteak ez du esan nahi pertsonak arazo direnik, eta hori da bereizi behar dena. Pertsona asko batera iristen direnean, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak kudeatzeko erronkak sortzen dira, eta horregatik dira beharrezkoak politika publiko egokiak, giza eskubideekin bateragarriak. Baina legeek bakarrik ez dute gizarte inklusiborik sortuko, gizarteak ere bere begirada aldatu behar du.
Izan ere, gorroto eta beldur mezuek indarra hartzen jarraitzen dute sare sozialetan eta beste komunikabide batzuetan, eta iritzi publikoan gero eta gehiago eragin. Horrela, datuen aurretik aurreiritzia jartzen dugu, egiaren aurretik buloa eta pertsona baten aurretik haren nazionalitatea. Horrela, pertzepzio sozial horiek, indar erreakzionarioen tesi arrazistekin bat egiten dute.
Euskal gizarteak badaki zer den arrazoi ekonomikoengatik zein politikoengatik migratzea. Guk ere ezagutu dugu etxetik alde egin beharraren atsekabea, sustraiak atzean uztearen mina, beste herri batean arrotz sentitzearena eta bertakoen harrera egokiaren beharra. Horregatik dugu erantzukizun bat, gizatasunak berak eskatzen digun erantzukizuna.
Gaur gure herrietara heltzen diren horiek ez dira zenbakiak, ez dira estatistikak, ez dira besteak. Pertsonak dira, beldurra eta zauriak izateaz gain ametsak ere dituzten pertsonak. Orain guri dagokigu ateak zabaltzea, eskua luzatzea eta hemen bizitza duin bat eraikitzeko aukera eskaintzea.