Euskaltzaleen foroko kideak

Migrazioaz, integrazioaz eta elkarkidetasun internazionalistaz

Edurne Alegria eta JJ Agirre
2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIAn (2026-04-17) Maitane Arnosok eta Leire Amenabarrek idatzitako Euskara eta bizileku baimena: integrazioaz hitz egiteko zenbait hausnarketa artikuluak hainbat gogoeta iradoki dizkigu.

Hasteko, Euskal Herriko bertako administrazioek ez dute immigrazioren gaineko eskumenik. Beraz, Madrilen edo Parisen erabakitzen dute zenbat etorkin (eta zein jatorritakoak) etor daitezkeen gurera, baina geure erakundeek ez. 

Bigarrenik, gaur egun gure herrian bizi dugun errealitate soziolinguistikoa ez da bere buruaren jabe den edozein herrirena. Euskaldunok historian zehar eta gaurdaino pairatu dugun zapalkuntza da gaurko errealitatera ekarri gaituena. 

Etorkinek espainolez edo frantsesez jakin beharrak ez du hautsik harrotzen, berezkoa da, naturala. Bitxia da, baina arazoa euskaraz integratu behar ditugula esaten dugunean sortzen da. Inoiz ez da eztabaidatzen etorkinek espainiera ikasi behar dutenik Bilbora badatoz, edo frantsesa Baionan bizi nahi baldin badute. Baina Euskal Herrian euskara ikasi beharra aldarrikatzeak sutan jartzen ditu gaztelera eta frantsesa inposatu dizkigutenak eta horien aldekoak. 

«Bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikastea ez da lehentasun berehalakoa (etorkinentzat)», diote artikuluaren egileek. Baliteke, espainiera eta frantsesa baitira hizkuntza inposatu-hegemonikoak. Baina hori inolaz ere ezin da aitzakia izan euskaldunon hizkuntz eskubideak areago murrizteko. Euskal Herriko erakunde publiko guztietan lan egiteko beharrezkoa behar luke euskarazko maila nahikoa izateak, eta beste esparru askotan ere bai, inposatutako gaztelera eta frantsesa diren bezala. Bestalde, euskara bertokotze-tresna bikaina da oraindik ere, euskaldunek bereziki, baina gizarte honen gehiengo zabal batek ere oso begi onez ikusten baititu euskarara gerturatzeko egindako ahaleginak.

Etorri berriei azaldu behar zaie euskaldunok hizkuntza propioa dugula, eta haiek ere lagundu behar digutela zaintzen eta garatzen. Pedagogia linguistikoa egin

Hizkuntzaren gaiarekin jarraituz, artikulugileek diote «integrazioa noranzko biko prozesua dela» eta migratzaileen hizkuntzek aitortza merezi dutela. Bistan da! Hizkuntza guztiak dira errespetagarriak. Baina jakin nahiko genuke zertan datzan aitortza hori, zeren gurera datozen horietako askoren hizkuntzen egoera euskararena baino askoz osasuntsuagoa da, estatu batek babesten ditu eta ez zaie baliabiderik falta garatzeko, eman dezagun espainiera, frantsesa, arabiera, errumaniera, ukrainera, wolofera eta abar. Guri ez dagokigu hizkuntza horiei babesa ematea, hiztunak errespetatzea baizik, eta hizkuntza horietako hiztunei dagokie gurea aitortzea eta errespetatzea Euskal Herrian daudenez gero, baina hainbati ez zaie halako jarrerarik nabari. 

Ipar Euskal Herrira datozen etorkin gehien-gehienak frantses hiztunak dira. Hego Euskal Herrira datozen etorkinetatik gehienak latinoamerikarrak dira, gehientsuenak gaztelera hiztunak. Ez batzuek ez besteek ez dute gure hizkuntza zapalduaren beharrik, eta horregatik, gutxi dira ikastera animatzen direnak. Euskaldunon minorizazio edo bazterketa egoerak okerrera egingo du neurri egokiak hartzen ez badira. Guk gure herriko eremu euskaldunetara etortzen direnek lehenik euskara ikastea nahi dugu. Eta horretarako, noski, euskal administrazio publikoak era guztietako erraztasunak eman behar dizkie: ongietorriko protokoloa, doako euskara ikastaroak, kontziliazio eta ordutegi malguak, haien hizkuntza aurrerapena aitortzea, eta abar.

Etorri berriei azaldu behar zaie euskaldunok hizkuntza propioa dugula, eta haiek ere lagundu behar digutela zaintzen eta garatzen. Pedagogia linguistikoa egin. Eta justizia linguistikoaren kontzeptua ere azaldu behar zaie, bai hizkuntza minorizatuak (amazigera, kitxua…) dituzten herrialdeetatik datozenei, bai hizkuntza hegemonikoetako hiztun direnei ere. 

Bukatzeko, «elkarkidetasun internazionalista horrek egiten gaitu euskaldun» diote. Barka, baina euskaraz hitz egiteak egiten gaitu euskaldun, batez ere. Eta behar bada bai, euskaldunon artean ohikoa da elkarkidetasun internazionalista. Bada, horixe eskatzen diegu geuk ere beste nazio batzuetatik datozkigunei: gure nazioarekiko elkarkidetasuna eta begirunea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA