Futbol analista

Mikel Etxarri Sasiain: futboleko azken erromantikoa

Gorka Etxeberria Casquero
2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EHUren Udako Ikastaroak Fundazioaren urteroko mezu elektronikoa jasotzean irakurri dut zure azkeneko urtea izango dela udako ikastaroa antolatzen eta bertan omenaldi bat egingo zaizula hitzaldiarekin batera. Hemendik egun batzuetara zure deia edo zure mezua jasoko dudala badakit, esanez: «Gorka, oraindik ez duzu izena eman, zeren zain zaude?».

Omenaldiaren harira, nigan utzi duzun arrastoa aipatu nahi nuke, Mikel. Oroitzen dut hitz egin genuen lehen aldia, telefonoz hots egin nizun kolaborazio baten eske; ordura arte ez genuen elkarrekin hitz egin. Zure hitz egiteko era goxo eta maitekorragatik elkarrekin askotan hitz egin genuela zirudien, eta akaso konfunditu zinela pentsatu nuen. «Mikel, barkatu, ez naiz Real Unionen dagoen Gorka Etxeberria», esan nizun; zuk tonua igo, eta, «zer uste duzu, ez dakidala zein zaren?», erantzun zenidan. Zur eta lur utzi ninduzun, eta nola ez, kolaborazioarekin aurrera egin genuen. 

Futbol mundua hermetiko eta isilunez betea bilakatzen ari den honetan, zu beti prest futbolaz solastatzeko, dauzkazun ezagutzak banatzeko eta zabaltzeko gogoz. Informazioa gutxiago banatzen den honetan, zu beti kolektiboan pentsatzen, gu-an ipintzen duzu arreta beti ni-an beharrean; bakoitza bere zilborrari begira dagoen honetan, Gipuzkoako futbolaren inguruan daudenak prestatuagoak egoteko zure esku dagoena egiten beti. Oroitzen dut Imanol Alguacilek 1-4-4-2 erronboa erabili zuenean, eta, telefonoz hortaz astelehenean hitz egin ostean, gaueko hamaiketan ordenagailua pizteko eskatu zenidala Skypeko bideo dei bat egiteko. Bayern Leverkusenek horrela jokatzen zuela, eta prestatuak zenituen bideo zati batzuk ipini zenizkidan, eta aipatu genituen Leverkuseneko mugimendu taktikoak... Klase partikular izugarria jaso nuen gaueko hamaiketan. Beti prest futbolaz hitz egiteko. 

Baina erraza da ulertzen egiten duzuna, maisu: 78 urte dituzun honetan, gazte batek duen ilusio bera duzu, eta hori da futbolaren zirrikituak aztertzen jarraitzen duzulako. Ez dakizun hori ulertzeko saiakera egiten jarraitzen duzu. Big data eta scouting-a uztartzen dituen masterra egiten ari nintzela, metrikak eta probabilitatea azaltzea nahi zenuen, nahiz ematen ari zaion garrantziarekin kritiko izan; Antiguan hartu genuen kafea zoragarria izan zen. Ikuspuntua ez zizun askorik aldatu, baina zuretzat berria zen hori ulertu nahi zenuen, eta futbola zer norabide hartzen ari den hausnartu. PPDA eta Xga albo batera uztean, urruneko jokalarien garrantziaz ibili ginen, prestatzen ari zinen hitzaldia azaldu zenidan. 

Nire formakuntzan eta futbola ulertzeko moduan garrantzia handia izan duzu, Mikel. Uda batean, futbola ea antzeko ikusten genuen ikusteko, 21 urtez azpikoen Japoniako partidu bat ikusi nuen, zuk hango aldizkari batentzat analisia egin behar zenuen eta. Partidua amaitu eta telefonoz hitz egitean gauza antzekoak aipatu genituen, eta bide onetik nindoala esan nion neure buruari. 

Adibide eta pasarte asko ekarri ditzaket hona nigan izan duzun eragina aipatzeko, baina horretaz kafe baten eta pintxo baten laguntzaz hitz egingo dugu beste batean. Gipuzkoako futbol entrenatzaileen goi mailako etapa honen harira askotan hitz egin duzu, eta beti gipuzkoarron balio eta kooperatibak jarri dituzu mahai gainean, lan egiteko moduan garrantzia ipiniz. Ez naiz ni izango kontra egingo dizuna, baina entrenatzaile horietan guztietan zuk izan duzun garrantzia aipatu nahi nuke: oso prestatua eta langilea da entrenatzaile gipuzkoarra zuk egin duzun lanagatik eta Gipuzkoako Entrenatzaile Eskolak izan dituen profesionalengatik. 

Lesio batek jokalari gazte haren ametsak zapuztu zituen Michelinen jokatzen ari zela, baina lesio horrek asko eman dio euskal futbolari. Beti esan dizut zure herrialdeko hautatzaile izatea izan daitekeela entrenatzaile baten puntu gorena, eta zu urte luzez izan zara euskal selekzioaren hautatzailea, konpromiso eta profesionaltasunez betea, amesten dudan selekzioaren ofizialtasunaren alde lanean, inurri eta fin. Eskerrak ematea ezinbestekotzat ikusten dut, Mikel, bai zuri eta baita Jabo, Iribar, Iñigo Juaristi, Juanjo Arregi eta konpainiari; baita Jagobari ere. 

Gipuzkoako zelaietan zure izena aipatzean jendeak hamaika pasadizo kontatzen ditu, zure Taktika edo Estrategiako azterketak ere ateratzen dira lau haizeetara. Denek pasarte horiek kontatzeko garaian irribarre handi bat dute aurpegian, zurekin bizitako momentuak oroitzapen ederrak direlako guretzat. Seriotasun horretan beti ateratzen duzulako irribarre bat, alaitasuna zure bidelagun duzulako beti. 

Denboraldi zaila izan da aurtengoa niretzat, eta nahi baino gutxiagotan egon gara. Taldeak denboraldi borobila egin du, baina motxila kargatuegia izan dut, eta une askotan luze egin zait; eskerrak emaitzek bidea errazten zuten sarri. Baina aurten ez dut izan zu partidu batera eramateko aukera edo kafe bat hartzeko denbora nahikorik. Gabon zoriontsuak opatu ez izana ere arraro egin zitzaidan, usadio bilakatu baitzen zure krismasa jaso eta bertso bat bidaltzea bueltan. Pentsa zein arraro egin zitzaidan ez jasotzea, zure alabari deitu bainion ea ondo zinen galdetzeko; mobila puskatu eta berria erosi zenuela, besterik ez, baina badaezpada hots egin nion, lasai geratzeko, badakizu. 

Bueno, Mikel, ohore izugarria da nire bizitzaren parte zarela sentitzea, futbol munduak eman didan harreman zoragarria. Ibiltzea kostatzea normala da, duzun bihotz handi hori zurekin eramatea une oro pisutsua izango da eta. Hermetismo itxiko eta bakoitzak berean pentsatzen duen futbol mundu honetan, garrantzitsua da eta hauspotzen du zu bezalako profesionalak aurkitzea. Goraipatzekoa da futbolaren pasioa nola maite duzun eta nola maitarazten duzun; ez da erraza aurkitzen hori; futbol munduko azken erromantikoa zara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.