Ausart, beste behin Pedro Sanchez. Arriskuen aurrean ez da kikiltzen. Moncloako maizterrak leiho bat ikusi du: azaroak 29. Hauteskundeak. Etxebizitzan paratu du soa.
Espainian aspaldian pozoituta zetozen urak erabat uhertuko dira orain. Polarizazioa ikaragarri haziko da. Gezur, bulo eta hiperboleen artean, zaila izango da egiaren antza duen zerbait topatzea. Kanpainaren ardatza, esandakoa: etxebizitza. Horretan saiatuko da bederen oraingo presidentea. Lortuko al du? Noraino du berak agenda politiko, mediatiko eta judiziala markatzeko ahalmena? Zergatik erabaki du hauteskundeetara deitzea hamar inkestetatik bederatzitan PP-Vox ententeari gehiengo absolutua ematen diotenean? Ba al du asteotan panoramari buelta emateko aukerarik?
Maricarmen efektua
Ivan Redondo donostiarra Pedro Sanchezen aholkulari nagusia izan zen urtaldi oso zehatz batean (2017-2021). Bera izan zen —itxuraz— 2018an Pedro Sanchezi agintera eraman zuen zentsura mozioaren egile intelektuala. Aldiro La Vanguardia egunkarian idazten du. Demoskopiaren zirrikituak ongi ezagutzen ditu. Inkesta ia guztiek diotenen kontrara, berak denbora dezente darama esanez PSOEk baduela —oso zaila badu ere— egoerari buelta emateko aukera. Bere kalkuluetan Estatuko boto progresista guztiak sartzen dira. Bere ustez (La Vanguardia, 2024/04/29), ezker guztiek 11,52 milioi boto dituzte. Eta eskuin guztiek, 11,33. Demagun estimazioa ona dela. Oso fina da marra. 200.000 boto baino gutxiago. Eta auskalo nola aldatu diren gauzak azken bi urte hauetan.
Redondoren hipotesi nagusia hau da: PSOEren arazoa ez dago soilik abstentzioan baizik eta PP-Voxera joan diren 600.000-700.000 —agian milioi bat— boto-emaileengan. Sarritan esan/idatzi du: PSOEk ezin du irabazi soilik jendeari esanez: «Emaguzue botoa, bestela PP-Vox etorriko da». Ez. Hori ez da aski. Jendeak arrazoi zehatz bat behar du zuri botoa emateko. Eta hori, une honetan, etxebizitza da. Azkenaldian ezkerra munduan bi tokitan soilik gailendu zaio eskuinari. Eta bietan etxebizitza izan da ardatz: Zohran Mamdani alkatea New Yorken eta Die Linke alderdia Berlinen. Horretan ikusi du Sanchezek bere aukera. Bere leihoa.
Iluntasuna gobernatzen duten indarrek, agintera iristen direnean, zein da debekatzen duten lehen gauza? Kultura. Zerbaitegatik izango da
Agenda politikoak emozioen inguruan ardazten dira gaur egun. Maricarmen Abascalen etxegabetzea bat izan da, egunero burutzen diren ehunkaren artean, beste bat. Baina, gertaera horrek —are gehiago bere heriotza gordina ezagutu eta gero— tsunami emozionala aktibatu du. Emakumearen tenorea eta erabakimena bihotzaren azken pleguetaraino iritsi zaizkigu. Bere heriotzak jota utzi gaitu. Birrinduta. Suminduta. Inpaktu izugarria izango du. Ezkerrak balio etiko eta datu fidagarrietan oinarritu behar du bere estrategia. Baina, jendearen gogoa konkistatzen ez badu, kale egingo du. Pentsatzen duena egin behar du. Bestela, jendearen bihotza izoztuko du.
Ada Colau
PSOEk duen erronka makala da. Beste bat, agian, handiagoa da Espainian PSOEz harago —ezker aldean— dagoen espazioaren artikulazioa. Gakoen gakoa da. Sumar eta Podemos alderdiek egun gutxi dute adostasunera iristeko. Hil honen 16an amaituko da koalizioak aurkezteko epea. Bi sentsibilitate horiek bakoitzak bere aldetik aurkezten badira —Monica Garcia eta Irene Montero buru dituztela— jai dago: Feijoo aginte-makila. Eta Abascal, makilaren aginte.
Azken asteetan Ada Colauren aukera hauspotu da. Printzipioz, badirudi bi sentsibilitateen artean kontsentsuzko pertsona izan daitekeela. Demagun horrela dela. Oso aukera ona litzateke. Hala ere, hurrengo erronka izango litzateke autonomia erkidego eta lurralde guztietan zerrendak adostea. Esaerak dio:… goseak hagina zorrotz. Ea bada gai diren.
Polarizazioa ikaragarria izango dela esana dugu. Testuinguru horretan EAJ ez da eroso sentitzen; are gutxiago etxebizitzaren inguruko azken bozketan errentadunen ondoan hain gordin agertu eta gero. Aitor Estebanek EH Bildurekiko duen ezinikusia —kasik pertsonala ematen du— egunez egun handituz doa. Nago hauteskunde-gaueko emaitzek gehiago ilunduko dutela dagoeneko nahiko ozpindua duen bisaia. Gerrikoari beste zulo bat egin beharko dio gerria apur bat gehiago estutzeko.
Zure etxera noa
Agustin Gomez Arcos (1933-1998) idazle andaluziarra ezezaguna da Espainian. Frankismoak eta post frankismoak bazterretara zigortu zuten. Homosexuala eta errepublikanoa zen. Ez zen inoiz ezkutatu. Frantzian egin zen ezagun. Filmin plataformak bere memoria berreskuratu du duela gutxi (Un hombre feliz, Laura Hojman, 2025). Espainian Lope de Vega lehiaketa birritan irabazi zuen eta bietan zentsurak baliogabetu. Frantziara egin zuen ihes, Fraga Iribarneri gutun oso gogorra idatzi eta gero. Frantzian sari ugari irabazi zituen (Hermès, Livre Inter, Roland-Dorgelès eta Goncourt lehiaketan birritan finalista). Aipatutako dokumental horretan gogoeta hau uzten du: «gorrotoa ez da izan behar matxinadaren abiaburu, maitasuna baizik». Bihotza, mezuaren ardatz. Inpaktu emozionalak asko balio du.
Sanchezek, seguru asko, ez ditu PPk baino boto gehiago lortuko hurrengo hauteskundeetan. Oso zaila da —testuinguru makur eta manipulatu honetan— estatuko indar progresista guztiek eskuin guztiei irabaztea. Giltza mezuan datza. Poesia, artea, kultura, literatura, euskara, ederrak izateaz aparte, mundua aldatzeko tresnak ere badira. Iluntasuna gobernatzen duten indarrek, agintera iristen direnean, zein da debekatzen duten lehen gauza? Kultura. Zerbaitegatik izango da.
Etxebizitzaren bueltan hasi gara. Ruper Ordorikak dituen altxor preziatuen artean bada egoera honi primeran datorkion kanta: Zure etxera noa. Seguru inoiz entzun edo kantatu duzuela (isilean bada ere): «Zure etxera noa/ bidean gora noa/ babeslekura.// Emaidazu gakoa,/ behebarrukoa,/ han itxaroteko/ urrats ezagunen ttipi ttapa». Amaiera ezin poetikoagoa da: «Zure etxera goaz,/ bidean gora goaz/ hasiberrien pozaz,/ baratza da eder-eder,/ erreka aldea ere,/ munduak badu onik/ egin dezagun kantuan goxoki,/ egin dezagun kantuan goxoki/ munduak baitu onik».
Segi dezagun amesten. Maricarmen: kasu egingo dizugu. Borrokan arituko gara. Tori musu bat. Munduak baitu onik.