Samara Velte.

Munduaren eta gure arteko pantaila hori

2026ko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hor zaude: 33 urteko ama berria, orduak sofan ematen dituzuna titia ematen, eskuineko besoa lokartuta haurraren buruaren azpian, eta ezkerrekoarekin telefonoari scroll egiten. Edo 57 urteko andre jubilatu gabea, arratsaldeak gurasoetako baten ohe alboan pasatzen dituena, jada elkarri zer kontatu ere jakin gabe: «Begira zer igo duen Anek WhatsAppeko estado-ra». Edo izan zaitezke 24 urteko gaztea, lantokitik atera berri, burua makurtuta, kaletik telefonoari begira, gimnasiora bidean doana.  

Berdin da zein bakardade mota bizi duzun: telefonoa da kanpoko munduarekiko zure konexioa. Kaleko ehun metro horietan edo etxeko lau hormen artean ikus dezakezun edozer baino estimulagarriagoa zaizu pantailatik hel daitekeena. Itxaropen moduko batekin ateratzen duzu sakelakoa, Instagrameko irudi-zerrendak berritasunen bat ekarriko dizulakoan, lagun batek bere berri emango balizu bezala.

Aspaldi telebista ikusten genuenean filmen artean txertatzen zituzten iragarki-sortak pazientziaz ikusten genituen; haurrak ginenean, ikusminez ere bai, gure Gabonetako desioen zerrenda horietan oinarrituta egingo genuelako. Orain, uste dugu jada ez dugula iragarkirik kontsumitu behar, ez dugulako telebista linearrik ikusten eta dena daukagulako sakelakoan, nahieran eta nahi dugunean erreproduzitzeko. Baina gero gogoz kontsumitzen dugu sare sozialetako publizitatea. Instagramen zerbait saldu nahi dizuten post-en hurrenkera amaigabea da: batzuek produktu bat, beste batzuek bizi-estilo bat, eta azken batzuek, euren burua. Sofan dagoen amari, haurrentzako 70 euroko barefoot oinetakoak eta core-a indartzeko entrenamenduak agertzen zaizkio iragarrita: amatasunaren ziurgabetasun eta beldurren aurkako irtenbideak nonahi, ez zaitezen izan zure umeari behar besteko potentziala ateratzen ez dion ama desastre eta, gainera, fisikoki ahitua. Emakume zaintzaileari, menopausian ere bere feminitateari eusteko errezeta eta produktuak. Gazte langileari, segur aski ordaindu ezingo duen aisialdi-eredu baten postalak: «Alpeetan probatu beharreko hamar hotel onenak». 

Ez ditzagun sare sozialak komunikabideen zakuan sartu: ez dira informazio-kanalak, pertsuasiokoak eta hedapen masibokoak baizik

Menu hori baldin bada gure isolamenduan kanpoko munduarekiko daukagun konexioa, pentsa dezakegu mundu horri buruzko nolako irudia eraikitzen goazen gure buruetan. Iritsiko gara pentsatzera arazo oro konpon daitekeela kontsumoarekin; arrakasta sentadilak egiteko teknika egokiena topatzean datzala; edota badaudela derrigorrez egon beharreko ekitaldi masibo batzuk, bestela ez zaudelako inon. 

Ez ditugu ikusiko etxegabetzeak, ezta utopietan sinesten jarraitzen dutenen mobilizazio eta egitasmoak ere. Ez dugu topatuko gure iritzia kuestionatuz pentsaraziko digun argudiorik; eta ez dugu ezagutuko influencer-ez haragoko erreferenterik. Ez digute erakutsiko klase ertain edo altuko Mendebaldeko gizarteetatik harago gertatzen dena, eta, segur aski, euskara askorik ere ez dugu topatuko algoritmoek diseinatutako menu mediatikoan. Hori guztia kazetaritzan topatuko dugu. Horregatik, ez ditzagun sare sozialak komunikabideen zakuan sartu: ez dira informazio-kanalak, pertsuasiokoak eta hedapen masibokoak baizik. Ez gaituzte mundura zabaltzen, egunkari batek egiten duen bezala, kontrara: gure burbuila-munduetan ixten eta gotortzen gaituzte, aldez aurretik eraikitako usteak, interesak eta aurreiritziak indartuz.

Ez da kasualitatea eskuin muturreko burbuilek halako sareetan topatu izana loratzeko lurra. Sare sozialekiko dependentzia eta kazetaritza-komunikabideekiko desatxikimendua elkarren eskutik doaz; horregatik erasotzen dio eskuin muturrak kazetaritzari berari. Eta ez da behar egunkari batek egia ilustratua bera errepresentatzen duenik esatea, ezta gutxiago ere; hark ere baditu bere gabeziak eta akatsak. Baina pantailari itsatsita bizi garen garaiotan, ohar gaitezen badaudela gure errealitatearen pertzepzioa baldintzatzen duten eta, modu oso nabarmen eta intentzionatuan, pantaila bat aurrean jartzen diguten bestelako dispositibo batzuk, guk gogo onez onartzen ditugunak cookie bat irensten dugun bezalaxe.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA