Gizarte antropologian doktorea

Mutazio antropologikoa

2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pier Paolo Pasolini zinemagile eta idazle italiarrak mutazio antropologikoa izendapena erabili zuen gizakien izateko, pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko moduen eraldaketa sakona eta erradikala adierazteko. Nago egungo mundukerak mutazio horren esangura leherrarazi egin duela, ezen hondoramen antropologiko baten argi-itzaletan bizi gara, gure zibilizazio patroiaren tolestura aldaketa okerrerantz doala.

Hori gutxi balitz bezala, mundu birtualaren bikoizketa kezkagarria da, eta adimen artifizialaren garabide arduragarriaren inpaktuak ez dira txikiak, gure izateko moduetan eragin latza baitute, hots: egungo subjektibitate digitala, mundua ulertzeko eta egituratzeko giza bide baten ondorioa baino ez da. Orotariko gailu teknologikoen bitartez barneratu eta gorpuztu ditugun portaerek mutazio baten bidea erakusten digute, giza mutazioa muturreko neoliberalismoaren azelerazio basatiari josita baitago.

Hasieran, kontsumismoaren hazkundeari lotutako bizi-taiukerak identitate haustura bat ekarri zuen bezala, gaur mundu digital-zibernetikoaren sare erraldoiek gure bizieraren gobernatze era berria ekarri dute. Boteretsuen esku dagoen Plataformen kapitalismoa (N.Srnicek) edota Teknofeudalismoa (Y. Varoufakis), horiek arautzen dute gizarte eraketa. Gure existentziaren administrazio robotizatua (E.Sadin) egunetik egunera zabaltzen doan errealitate bat bihurtu da.

Subjektu digitalaren identitate-haustura, hala, gizatasuna birsortzeko baldintza sozialen higaduratik sortzen da. Giza harremanak birsortzeko baldintza sozialen deskonposaketa muturreko gizarte neoliberalaren premiak eta bizi beharrak arautzen baitute, identitate birtual bikoitz kezkagarrien sorrera ahalbideratzeko, influencer-ak esaterako.

Mundukera digital-zibernetikoak, orotariko gailuen bidezko asistentzia hiperbanatua ekarri du, konplexutasun altuko sistema robotizatuen gidaritza derrigortua, sistema konputazionalen zurrunkeria edo adimen artifizialaren argi-ilunak. Horrez gain, orotariko erantzuna duten Chatbootek gure arreta bereganatu dute, eta app-en plataforma sorta zabalek, estrategia algoritmikoak hedatu, eta begiak pantailan itsatsita denbora luzeagoan iraunaraziko digute, menpekoak bihurtu arte.

Humanismoaren tradiziotik jasotako subjektua ito eta desegin duen garaia da. Bizitza duina birsortzeko giza baldintzak itzulipurdikatu dituen aroa

Gure garaia Humanismoaren tradiziotik jasotako subjektua ito eta desegin duen garaia da. Bizitza duina birsortzeko giza baldintzak itzulipurdikatu dituen aroa. Isilpean, iraunkor, irmo, aro zibernetiko eta digitalak giza portaeraren subjektibotasun berri bat birdefinitzen dihardu: gailur neoliberalaren subjektu digitala. Konfigurazio hori mutazioa antropologikoaren muinean dago, eta eskala desberdinetan baldin bada ere, denok bustitzen gaitu. Subjektu mota hori, bere askatasun haizea, sistemari saldu dion subjektua da, etzanagoa, otzanagoa, bakartuagoa, isolatuagoa, bihurtzeko tenorean bizi da, diruzko trukean.

Datu bat: Osasunaren Mundu Erakundeak 2025eko ekainean zabaldu zuen ikerketaren arabera, planeta honetako biztanleen artean seitik batek bakardadearen eragina jasaten du: «Nahi diren gizarte-loturen eta lotura errealen arteko arrakalatik sortzen zaio sentimendu mingarri hori». Bakardadearen ondoeza gazteen artean gehiago nagusitzen bada ere, 13 eta 29 urte bitartekoen artean %20 inguru bakarrik sentitzen da.

Hainbeste pairatzen den bakardadearen ondoeza, hala, deskribatzen ari garen mundukeraren ondorioa baino ez da. Izan ere, gure garaiak norbanakoaren autonomia eta Ni-aren gorazarrea sustatzen ditu, baina aldi berean, zailtasun harrigarri bat agertzen da besteekin lotzeko. Paradoxikoki, ordezko teknologikoen sorta zabala eskaintzen zaigu pairamen horien aringarri, baina zoritxarrez, liluratzen gaituzten ispilu nartzisistak baino ez dira. Lilura eta euforia bezainbeste, gogaitasuna, babesgabetasuna eta isolamendua sustatzen dutenak.

Jakina da darabilkigun gailuek inoiz pentsatu gabeko hartu-emanak errazten dituztela eta hori ikaragarri ona dela guztiontzat. Baina kontrazalean alde iluna dago eta horixe da egungo paradoxa itogarria: isolamendu-makinak ere badira.

Ondo egoteko, beste inoren beharrik ez izatearen fikzioa ontzat jotzen denean teknologia bitartekaritzaren nahikotasuna dela medio, besteekin elkarbizitzea bihurtzen da arazorik handiena; alabaina, bestearen presentzia ezabatzeko premiak ezin lezake mundurik goberna

Halere, benetan kezkagarriena hauxe da: tresna horiekin dugun sinbiosiari esker, besteen presentzia fisikoa desagerrarazi nahiko genukeela, aitortu ala ez, horretarantz garamatzate. Gailur neoliberalak ekarri duen subjektu digitalaren muineko gaitza da: bestearen presentzia ez dugu beti estimatzen, edota ez dugu hainbeste maite. Bestea, hala, gogaitzen gaituena bihurtu dugu. Mundu birtualaren bikoizketa kezkagarrria, haustura gainditzen duen aukera eroso gisa aurkezten zaigu. Errealitateak eta munduak sendotasuna galtzen duten bitartean, deskonposaketa antropologikoa nabarmendu baino ez da egin.

Hemen galdera derrigorrezkoa da: besteak alde batera uztea benetan posible edo desiragarria al da? Zibilizazio eredu bat agortze bidean dago, bain, ondoeza eta osasun gabezia dakarren beste unibertso okerrago baterantz al goaz?

Ondo egoteko, beste inoren beharrik ez izatearen fikzioa ontzat jotzen denean teknologia bitartekaritzaren nahikotasuna dela medio, besteekin elkarbizitzea bihurtzen da arazorik handiena; alabaina, bestearen presentzia ezabatzeko premiak ezin lezake mundurik goberna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA