Nafarroa osoan euskaraz bizi eta ikasi nahi dugulako, behingoz

2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ikasturte hasiera honetan, Sortzen elkarteko kideoi Nafarroako Parlamentuaren egoitza bisitatzeko aukera eman ziguten. Kasu honetan, Vascuencearen Legeak ezarri zuen zonifikazioa gaindituko duen Euskararen Lege berri bat idatz dezan sortutako batzorde berezian hitza hartzeko. Gonbita egin ziguten eta guk onartu, nola ez.

Hamar urte baino gehiago pasatu dira Gares inguruko familiek Sortzen elkarteko atean jo zutenetik. Geroago Lizarra ingurukoa. Beraien herrietan, zonalde diskriminatuan kokatuak daudenez (pasa den urtetik batzuk eremu mistora pasa diren arren), ezin zuten euskarazko murgiltze eredua aukeratu herriko eskolan, eta beraien seme-alabak, derrigorrez, Gareseko eskolara matrikulatu behar izan zuten, Gares eremu mistoan kokatua baita, soziolinguistikaren paradoxak, edo, hobeki esanda, lege baztertzaile batek sortutako diskriminazio baten adierazle argia, baina tira, aurrera egin dezagun. Astelehenetik ostiralera, goizero, autobusean ala bakoitzaren kotxean, seme-alabak hartu eta eskolara, euskaraz ikasi nahi zutelako beraien herriko eskoletako ateak itxiak zituzten. Herri batzuetan egoera horrekin jarraitzen dute: Bilatorta, Mendigorria, Larraga, Puiu, Oteiza... Zorionez, beste herri batzuetan, beraien seme-alabak herriko eskolan eta euskaraz matrikulatzea lortu dute: Kaparroso, Lodosa, Tafalla, Erriberri, Antzin, Allo, Barasoain, Azkoien eta Sesma.

Bai, azken hamar urte hauetan zenbait egoera aldatu dira, MaƱeruko eskolan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde itxialdia egin zenetik hiru gertaera nabarmendu nahiko nituzke. Alde batetik, 2015eko otsailean Vascuencearen Legearen aldaketa Nafarroako Parlamentuan; ordutik, Hezkuntza Departamenduak D eredua eskaintzen du lurraldeko eskola guztietan. Urte bereko maiatzean, euskarafobia zuen gobernu bat hauteskundeetan garaitu genuen, euskararen kontrako kanpaina ofizialen garaiak atzean utziz, eta euskararentzat, orain arte itxiak zeuden ate berriak irekitzen hastea. Eta azkenik, pasa den ikasturtean Nafarroako berrogei udalerrik baino gehiagok hartutako erabakia: nafarren hizkuntza eskubideak denontzat berdin izan daitezela, beraien herrietan berdintasunaren aldeko urratsa eman nahi izan zuten.

Hau guztia mahai gaineratu genuen lehen aipatu dugun Parlamentuko Batzorde Berezi horretan egindako agerraldian, baita aurrerapauso horien guztien ondoren, oraindik gelditzen zaigun bidea marraztu genien foru parlamentariei. Bide horretan, berdintasunaren aldeko bidean, hezkuntza sistemak ardura handia dauka, jendarte kohesiorako tresna ezinbestekoa baita.

Bide horretan, Nafarroako herrietako haur eskoletan euskaraz matrikula egiteko gelditzen den tartea gogora ekarri nahi genuen, edota Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea lortzeraino gelditzen zaiguna ere. Norabide honetan, argi dago, gaurko Hezkuntza Sisteman, D eredua da gure ikasleak hobeki prestatzen dituena, elkarbizitzarako tresna gehien eskaintzen dituena, alegia. Horregatik, hauxe da guk zonifikazioaren gainetik proposatzen dugun elkarbizitzarako tresna garrantzitsuena: hezkuntza-hizkuntza eredu bakarra Nafarroa osoarentzat, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eredua, alegia. Eta horrela adierazi genien alderdi ezberdinetako parlamentariei: Nafarroako jendartea prest dago, gure hezkuntzasistema prest dago... zuek prest al zaudete?

Pilota Nafarroako Parlamentuko teilatuan dago. Parlamentariei dagokie neurriko erantzuna ematea, eta onartzea behingoz, nafarrak berdintasunez gobernatuko gaituen lege bati bidea ematea. Bidea egin dezagun, euskarari bidea eman dezagun behingoz, gero ikusiko dugu abiadura egokia zein ote den, baina behingoz, onar ezazue euskararen ofizialtasuna, behingoz, behingoz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.