Kale gorrian eta ordezko etxerik gabe. Hamalau kideko familia bat etxegabetu dute Oiartzualdean. Egoera zaurgarrian dagoen familia da, hamabi adin txikiko, gazteenak hamar urte besterik ez, eta adineko bi helduz osaturikoa. Justiziak eraikinaren nagusiyaren aldeko epaia eman ondoren, etxegabetzeko agindua eman du aste honetan.
Familiako aitak hedabideei adierazi dienez, jabeak etxebizitza saltzeko intentzioa du, eta familiak ezinezkoa du aurre egitea diru sarrerak kontuan hartuta. Zehaztu duenez, mahaian jateko ezin dira kabitu eta familian lan egiteko inor gutxi dira, hamabi seme-alabetatik bostek diru sarrera finkoa daukate.
Berrogeita hamar urte baino gehiago daramatza familiak etxebizitza horretan bizitzen, eta denbora tarte horretan 40 duro ordaindu dute errenta, bere kapoi eta guzti. Orain jabeak etxea erosteko aukera eman die 5.000 duroren truke.
Etxeko jabeak aipatu du ez dela bere errua hainbeste ume izatea eta ez duela eskerrik jaso orain arteko errentarengatik. Ildo beretik, familiari aditzera eman dio erosi ezin badute badaukala zeinek erosi. Hori aipatuta, familiak adierazi duenez, etxebizitzaren salmentaren inguruko negoziaziotik ihes egin du jabeak.
Agian batzuk susmatuko zenuten, aurreko paragrafoetan kontatutakoa ez da aste honetan gertatua, duela 94 urte baizik. 1932an Bertsolariya aldizkarian argitaratutako Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita-ren bertso paperean oinarritutako gertakaria da.
Teilaturik gabe edo bertatik kanporatuko zaituzten beldur, ezin da etorkizuneko proiekturik eraiki
Ia mende baten ondoren, hernaniarraren bertso jarriak irakurrita, konturatu gaitezke etxebizitzaren auzia ez dela funtsean aldatu, eta logika merkantilista beraren menpe jarraitzen dugula. Lehen, landa-eremuko baserrietatik botatzen zituzten familiak; gaur egun, berriz, hirietako apartamentuetatik.
Garai hartan, lur-jabeek baserriak eta lursailak errentan ematen zituzten, eta baserritarrak, maizter gisa, bertan bizi eta lan egiten zuten, baina ez zuten ia erabakitzeko ahalmenik etxebizitza eta lur horien inguruan. Haien lanak eta belaunaldiz belaunaldi egindako ahaleginak lurrari balioa ematen zioten, baina sortutako aberastasun hori ez zen haien esku geratzen. Lur horiek balioa hartzen zutenean, ordea, lur-jabeek errentak igo, kontratuak eten eta maizterrak etxetik botatzeko aukera zuten. Lurraren jabeek irabaziak eskuratzen zituzten bitartean, lurra lantzen zuten familiek etxea eta bizimodua galtzen zuten.
Gaur egun, logika berak jarraitzen du hiriguneetan. Lurra eta etxebizitza inbertsio baliabide gisa tratatzen dira eta bertan bizi direnak, maizterrak izan zein erosteko ahalmen urrikoak, prezioen gorakadaren menpe geratzen dira. Bertsolariak bere garaian salatu zuena, beraz, ez da iraganeko kontu hutsa; gaur egungo auzia ere bada, forma desberdina hartu badu ere. Azken batean, etxebizitzarekin gutxi batzuek espekulatzen jarraitu nahi dute, eta gehienok, berriz, bizitzeko soilik nahi dugu.
Bada garaia logika horiek aldatzeko. Hezkuntza eta osasuna eskubide unibertsalak bilakatu ziren moduan, langile klaseak egindako borrokari esker, etxebizitzak ere eskubidea izan behar du. Familia bat, etxebizitza bat. Ezin da beste edozein ondasun komertzial bezala tratatu. Behar-beharrezkoa da, eta gainerako eskubideak gauzatzeko oinarria. Teilaturik gabe edo bertatik kanporatuko zaituzten beldur, ezin da etorkizuneko proiekturik eraiki.
Hala ere, egungo errealitatea eskubide horretatik urrun dago. Euskadin alokairuaren prezioa urtetik urtera igoz doa, eta familiek etxebizitzara batez beste diru sarreren %37,9 bideratzen dute. 25 urtetik beherako gazteen kasuan egoera larriagoa da, soldataren %78 bideratzen dute alokairua ordaintzera. Kontrara, soldatak etxebizitzaren prezioen erritmora hazi ez direnez, etxebizitza erostea gero eta zailagoa da. 2015etik, prezioak EAEn %66 eta Nafarroan %63 igo dira; soldatak, berriz, %35 eta %32, hurrenez hurren. Etxebizitzen prezioa soldatak baino bi aldiz gehiago igo da ia.
Txirrita bizirik egon balitz ez dakit Euskal Herriko Bertso Txapelketako Iruñeko finalera iritsiko litzatekeen, baina ziur nago «espekulatzaileak desjabetu / espekulazioa debekatu / etxebizitza planifikatu» errimekin bertsoak jarriko lituzkeela edozein herriko plazatan.