Berriozarren jokatu zuten emakumezkoen aizkolari txapelketako irabazlea Nerea Arruti da. Azal dezadan:
Berriozarren izan ziren gehienek diote Nereak irabazi zuela. Epailearen denbora da, ordea, datu zehatza: 19:30:36, Nerearen denbora ofiziala.
Hiru bideo aztertu ditut, Xaloa Telebistaren emanaldi osoa, ETBk egin zuen grabazioa eta eskuko telefono batekin grabatutakoa. Nerea eta Oihana batera lanak bukatzen ikusten den planorik ez dago, Nereak seigarren egurrean bukatu zuelako eta Oihanak seigarrenetik aurrenekora joan behar izan zuelako lanak bukatzera. Irudiak aztertuta, baina, zantzu batzuk badaude Nereak irabazi zuela adierazten dutenak. Bideoetako batean, Oihanak aurreneko egurrean azken aizkorakada jo aurretik, Nerearen epailearen txistua entzuten da lanak bukatu dituela adieraziz. Xaloaren emanaldian ikusten da Nereak lanak bukatuak dituela Oihanaren epaileak kronometroa gelditzen duenerako. Emanaldi berean ikusten da Oihanaren loteko bigarren egurra (lehenengoari josita dagoena) Nereak bukatu ondoren erortzen dela. Bideo horiek hartuta neur liteke denbora gehiago pasatzen dela Oihanak seigarrenetik lehenengora joan eta hura erdibitzen duen arte, une beretik Nereak seigarrena bukatzen duen arte baino. ETBko albistegietan irudiak sinkronizatuta egin zuten bideoan ere argi ikusten da. Kronometroak agindu zuen, ordea.
Eta okerra Nerearen denboran badago? Bost aldiz aztertu dut Xaloaren emanaldia, kronometroa eskuan. Epailearen hasierako txistuarekin batera kronometroa anerebian jarri eta Nereak seigarren egurra erdibitu zuen arte behar izan zuen denbora hartu dut. Beste laurenak ere hartu ditut. Atzekoz aurrera, Lucia Orberi, Irati Astondoari eta Uxue Ansorregiri nik hartutako denborak bat datoz epaileek hartutakoekin; nik hamarren bat edo bi gehiago, normala den bezala. Nerea Sorondoren kasuan, segundo bat gehiago nik. Izan liteke kronometroko denborak paperera eskuz pasatzerakoan okerren bat egin eta 20:53:88 behar zuen tokian 20:52:88 idatzi izana. Ez da erabakigarria eta ez du garrantzirik. Erabakigarria Nerearen denbora da, ordea. Nik, bost aldiz hartuta, eta beste lau aizkolariekin ez bezala, epaileek baino segundo bat gutxiago: 19:29: 26/33 artean. Epaileak 19:30:36.
Ariketa hori edozeinek egin dezake, baina, batez ere, han izan ziren zazpi edo zortzi epaileek egin behar dute. Nerearen epaileak huts egin zuen denbora hartzerakoan. Zantzuak daude, eta, zorionez, Xaloa telebistaren emanaldia dago okerra non dagoen argitzeko.
Bakarren batek esan du Berriozarreko plazakoa epaituta dagoela eta ezin dela ezer egin. Badaude kontrako adibideak.
2002, Salt Lake City, Neguko Olinpiar Jokoak. Izotz gaineko patinaje artistikoan, bikotekako finalean, epaile batek merezi ez zuen puntuazioa eman zion Errusiako bikoteari, Kanadakoaren kaltetan. Errusiarrek eraman zuten urrezko domina. Helegitea jarri zuen Kanadako delegazioak eta NBOak frogatu ahal izan zuen, handik egun gutxira, epaile frantziarrak oker jokatu zuela, puntuazio gorena eman baitzion huts egindako ariketa bati. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak errusiarrei domina kendu ez, baina beste urre bat eman zien kanadarrei.
Gurera etorrita, 2014ko sega txapelketan, Juan Joxe Lizasori eman zioten txapela epaileek. Gauean, Igor Esnaolak batuketa guztiak gainbegiratu zituen eta akatsa topatu. Helegitea jarri zuen eta pisaketa aktak eta gertatutakoa berrikusi ondoren, federazioak akatsa zuzendu zuen.
2026ko aizkolari txapelketako txapela ez dago behar zuenaren buruan. Txapel batekin ezin dira bi buru estali, bi behar dira. Epaileei dagokie umiltasunez akatsa onartzea, eta federazioari 2026ko aizkolari txapeldunari dagokion txapela Nerea Arrutiren buru gainean jartzea, zauri guztiak itxiko badira.