Helduak Adi! elkarteak EHUren 2026ko Uda Ikastaroetara eramango duen galdera argia da: nola eraiki bizitza bete-betea adin guztietan, baita zahartzaroan ere. Gizarte osoari eragiten dion galdera da, gero eta pertsona gehiago bizi garelako urte gehiagoz eta zahartzaroa bizitzeko moduak ere asko aldatu direlako. Horregatik da garrantzitsua aniztasunaz, komunitate-inguruaz eta belaunaldien arteko harremanez hitz egitea.
Belaunaldien arteko harremanen kontuak ez luke ideia polit bat bakarrik izan behar. Benetan garrantzitsua da harreman horiek eguneroko bizitzan nola garatzen ditugun pentsatzea: nola bizi garen elkarrekin, nola laguntzen diogun elkarri eta elkarrengandik nola ikasten dugun. Gaur egun, zahartze prozesua bera eta zahartzaroak sortzen dituen egoerak –bakardade eta mendekotasun arazoak barne– modu askotakoak dira. Ezberdintasun eta konplexutasun horien aurrean, gizartearen erantzunak eta politika publikoekiko eskakizunak ezin litezke zaintza-zerbitzuetara bakarrik mugatu. Ezinbestekoa da gizarte eraikuntzan komunitate-zentzua, pertsonen arteko loturak, belaunaldien arteko interakzioak eta adinekoen benetako parte hartzea aintzat hartu eta sustatzea.
Horregatik da interesgarria guretzat azken urteotan garatu dugun Bizitza Betea kontzeptua. Besteak beste, zera esan nahi du: zahartzaroa ezin litekeela izan norbanakoaren gainbeheraren edo mendekotasunaren sinonimo hutsa. Aitzitik, bizi-etapa horretan ere pertsonak aukerak izan behar ditu bere gaitasunak garatzeko, harreman-bideak sendotzeko, gizarte-proiektuetan parte hartzeko eta norberaren bizitzari zentzu osoa emateko. Mezu hori garrantzitsua da, oraindik ere adineko pertsonak modu oso murriztuan ikusteko joera maizegi nabarmentzen delako.
Gizartearen erantzunak eta politika publikoekiko eskakizunak ezin litezke zaintza-zerbitzuetara bakarrik mugatu. Ezinbestekoa da gizarte eraikuntzan komunitate-zentzua, pertsonen arteko loturak, belaunaldien arteko interakzioak eta adinekoen benetako parte hartzea aintzat hartu eta sustatzea
Bizitza betearen aldeko aldarria egiten dugunean –gure ikastaroaren muinean dago–, lau ideia azpimarratzen ditugu: beti pertsona erdigunean jartzea, gaitasunak ez direla adinarekin desagertzen ulertaraztea, ingurune sozialak eta komunitarioak eragin handia dutela aintzat hartzea, eta pertsona nagusiek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzea. Lau zutabeok lagungarri dira zahartzaroa modu zabal, integratzaile eta errealistagoan ulertzeko. Norabide horrekin antolatu dugu egitaraua aurtengo topagunean. Lehen jardunaldian gaiaren oinarri teorikoak landuko dira: zahartzaroaren ikuspegi historikoa, aniztasunari eta zahartzaroari buruzko gogoeta eta belaunaldien arteko harremanei buruzko ikuspegi instituzionala. Bigarren ekitaldian hiru esperientzia praktiko ezagutuko ditugu: Debagoienean Aizmendiarrrieta Ikastolarekin bideratutako belaunaldien arteko esperientzia, BIBE-Lezo proiektua, longebitate berriaz, eta ALTXOR ekimenaren zerbitzuak erretiroa hartzeko zorian dauden pertsonentzat. Jaurlaritzako politika publikoen ikuspegitik, 2026-2029 Adinekoen Euskal Estrategia azalduko digute hirugarren ekitaldian.
Erretiroa hartu ondoreneko zahartzaro prozesuari bizitza betearen ikuspegitik aurre egiteak ezinbesteko baldintza du administrazioa, profesionalak, gizarte-erakundeak eta herritarrak ikuspegi partekatu batean lerrokatzeak, estrategia publikoen eta herritarron arteko hausnarketarako, elkarlanaren oinarri. Erretiro ondorengo garaiak ez baitu nahitaez geldialdi pasibo baten bidea hartu behar. Pertsona askorentzat, etapa horrek aukera berriak zabaltzen ditu bizimodua antolatzeko, metatutako esperientzak partekatzeko, gauza berriak ikasteko eta gizarteari ekarpen onuragarriak egiteko. Horregatik da beharrezkoa zahartzaroari buruzko estereotipo murriztaileak gainditzea eta bizi-esperientzia pertsonal bakoitzari bere lekua ematea.
Gogoeta honek ez die adinekoei bakarrik eragiten. Belaunaldien arteko etengabeko harreman eta elkarrizketaren bidez eraikitako gizarte-eredu bati buruz ari gara. Gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa nahi badugu, pertsona nagusien eskubideak, gaitasunak eta ekarpenak benetan aitortuko dituena. Horregatik da eraldatzailea ikastaroak planteatzen duen gogoeta: nola zabaldu adin guztietara, zahartzaroa barne, bizialdi bete-bete baten helburua.
Â