«Beethovenen bosgarren sinfonia bezala tinbal kolpe handi batez hasten da manifestua: mamu bat dabil Europaren barrena: komunismoaren mamua!». Horrela mintzatzen da Umberto Eco Karl Marxek eta Friedrich Engelsek idatzitako Manifestu Komunista-ren agiriaz ikuspegi literariotik gorazarre eginez.
Denboraren joan-etorrian, mundua likido bihurtu omen den garaiotan mamuak desagertzen joan dira. Jadanik ez dira existitzen gotikoaren imajinarioan hain bizirik zeuden era guztietako mamuak; oraingoak fantasia-literaturan edo zineman irudika daitezke soil-soilik. Eta komunismoa, Errusiako Iraultzak sortu eta egituratu zuen erregimena, usteltzen joan zen Lenin hil ondoren, eta azkenean amildu da. Harrezkeroztik mamua espektro bihurtua alderrai dabil.
Non dabil, baldin badabil?
Jadanik komunismoak ez du kolore bakarra, eta ez da erraza ezagutzeko, mila gorputz eta kolore ditu: Errepublika Unibertsalaren bandera gorriarena, libertarioen gorri-beltza, ekologismoaren berdez ere janzten da, feminismoaren morez ere bai, eta sexu disidentziaren ortzadarra presente dugu toki guztietan.
Mamutzar baten itxura baino gehiago, iratxo edo gure inguma edo galtzagorri bihurrien antza dauka. Tokiz toki, borrokaz borroka dabilena.
Azken hamabost urteetan munduko ia herrialde guztiek izan dute masa borrokaren bat; batez ere, Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Mundu zabalean mila zantzu daude mila borroka komunismoak bizirik dagoela, nahiz eta mila izen desberdin izan. Izan zapatista komunitate indigenen lurraldean; ekologista suediar neskatilen aldarrikapenean edo Sumud itsas flotillaren Gazako bidean gerrak zigortutako herrien sufrimenduan; izan Pennsylvaniako herritarrek Trumpen ICEko paramilitar faxistatik etorkinak defendatzen dituztenean; Rojavako lurralde kurduetan konfederalismo demokratikoaren defensan borroka ari direnean; Irango edo Afganistango emakumeek talibanen edo aiatolen jazarpenen aurka ari direnean; Frantzian lurraren altxamenduko kideak natura babestuz; Argentinako piketeroak; Brasilen elikadura burujabea aldarrikatzen duten nekazariak, eta Mediterraneon itotako gorputzen biluztasunean.
Jadanik komunismoak ez du kolore bakarra, mila gorputz eta kolore ditu: Errepublika Unibertsalaren bandera gorriarena, libertarioen gorri-beltza, ekologismoaren berdez ere janzten da, feminismoaren morez ere bai, eta sexu disidentziaren ortzadarra
Gurean ere bizirik dirau. Nahiz eta mamuaren ulua baino gehiago sorginen irrintzia izan: langile borroketan, gazte independentista, komunista eta antifaxisten borrokan, emakumeenean, Euskal Herria bizirik! aldarrian...
Marxen ustez, komunismoak ez zuen proiektu integral bat izendatzen, baizik eta epe luzerako ahalegin bat, klase-menderatze oro ezabatzeko, gure gizarte jarduerez sortuko duen emantzipazioaren aldeko mugimendu zabal eta transbertsala, mundu guztia hankaz gora jarriko duena.
Hortik gure iratxoak.
Komunismo hitzak, batez ere, asmakuntza kolektibo iraunkor bat adierazten du, gizakiei beren bizitza sozial eta indibidualaren kontrola itzuli nahi diena. Ildo beretik, komunismoa jarduera sozial guztien eraldaketa sakonaz ari da, eta ez sortutako aberastasunaren berdintasunezko banaketa soilaz: kapitalismoak klase nagusien mesedetan desbideratzen dituen funtzioen birjabetze prozesu bati ekitea da kontua. Birjabetze hori helburu bat da, baina iraultzaren funtsezko baldintza ere bai, ez badugu gau handi bat bezala ulertzen, batzuetan motel eta besteetan prozesu azkarragoa eta konplexuagoa, bizitza ekonomiko eta sozial osoaren berrantolaketa kolektibo eta arrazionala bezala. Beste era batera esanda, norberaren bizitza berreskuratu nahi da berehala, eta horixe da borroka eta mobilizazioen berehalako erronka eraikuntza zail horri ekiteko.
«Iraultza komunista, beraz, beharrezkoa da, ez bakarrik klase nagusia boteretik kentzeko beste biderik ez dagoelako, baita iraultza baten bidez soilik lor dezakeelako ere klase subertsiboak traste zahar guztiak kentzea eta gizartearen fundazio berri bat egiteko gai izatea», ziozkun Manifestua-ren egileak.
Duela mende bat, Rosa Luxemburgek sozialismoa ala basakeria kontsigna zabaldu zuen (irudi dialektikoa ere bazen). Lehen Mundu Gerran gizateriak zuen dilema laburbiltzen zuen eslogan hark. Lehen Mundu Gerratik sortu zen Errusiako Iraultza, eta borroka iraultzaileak gertatu ziren herrialde askotan, gehienak militarki zapuztuak. Eta zikloa, zenbait tokitan, faxismoaren garaipenarekin bukatu zen, II. Mundu Gerrari bide emanda, non faxismok galdu zuen.
Ia mende bat geroago, oraindik ere dilema horri —sozialismoa ala basakeria— aurre egin behar diogu (ahaztu gabe sozialismoa bera, bertsioaren arabera, basakeriaren aurpegi bihur daitekeela; sozialismo erreala zeritzona, esaterako).
Beraz, emantzipazioaren bidea ez da garaipen martxa bat, oso bide zaila, gorabeheratsua eta bihurgunez josia baizik. Hala ere, historiak erakusten du aldian-aldian zirt edo zart egiteko aukerak eta abaguneak sortzen direla non komunismoaren mamuak burgesiaren beldurra berpizten duen. Eta prest egon behar dugula aukera leihoak irekitzen direnerako.
Halabiz!