Joseba Barandiaran Andueza.

Olatu osteko bainujantzia

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiak altutik mantendu ditu olatuak, joan-etorrian. Ekonomia bera ez du erabat ito, baina bistan da, ura parrastaka irenstetik gatoz. Olatu osteak bainujantziak bistaratuko ditu, edo larrugorritan gauden salatu.

Osasun gastuen itsasgoragaz, zorpetuago daude erakunde publikoak. Geureak nahiz etxekonekoak. Zenbait ondasun publikoren behar gorri eta garrantzia nabarmen gelditu da, ordea, hala nola osasun(gintza) publikoa, hezkuntza berdintasuna, bioaniztasuna, ur eta aire garbiak, oinarrizko ikerkuntza... Horiek bermatu eta ordaintzeko diru sarrerak handitu beharko dituzte erakunde publikoek etorkizunean. Bainujantzi dotorerik ez da berau ordaindu nahi ez duenarentzat; jakinik zenbaitentzat inoiz ez dela (izango) zergak igotzeko une ona. Baina pandemiak erakutsi du guztion ongizaterako jardun indibidualaz haragoko neurriak ezinbesteko direla; badirela funtsezko sektoreak eta bestelakoak; eta eskubide kolektiboak ere ez direla ahuntzaren gauerdiko eztula. Merkatu sistemak dituen ahuleziak bistaratu dira, ikusi nahi ez duen itsuaz harago.

Europar Batasunaren baitan gaudenez, lehenik, igeriketa baldintzatu dezakeen jantzi estuagoa edo malgugoa ezarri erabaki beharra du; neurri fiskal eta monetario nasaiak, edo estuak?! Mugez barrukoak itotzen ere ez gara ikusi zaharrak, zer esan kanpokoez. NGEU plan sonatuak sos franko bideratuko ditu, batik bat, ingurugiro eraldaketarako nahiz digitalizaziorako. Hor dira Euskadi Next, Nafarroa Suspertu, nahiz Navarra eta Basque Green Deal planak, milaka milioi inbertitzeko prest. Energia ekoizpen, kontsumo eta garraiotik hasita, deskarbonizazio erronka itzela du gure ekonomiak aurrez aurre. Energia intentsitatean, eraginkortasuna eta deskarbonizazioa, biak zaindu behar dira. Alta, iaz ikusi eta, agian, ikasi genuen A plan(et)ak deshazkundea zelan eragin diezaguken; baita B plan(etar)ik ez dela ere. Planotan bi kontu zaizkit deigarri: batetik, zenbait politika(ri)k (eta inbertsiok) lehengo lepotik dakarrela burua; nago uger estilo aldaketarik ezean urpera gintezkela. Eta bestetik, Europak funtsak baldintzapean emango ditu; neurri jakinen truke, alegia. Eta hemen ez gabiltza interes tasa negatiboez.

Garraio motak, salgai nahiz pertsonen joan-etorrien neurria, oro har, mugikortasuna birpentsatzeko une ona zirudien honek. Hala balitz, arreta lehen sektorera, osasunera eta hezkuntzara bideratzea lekarke, agian hurrenkera horretantxe. Baina adabaki itxura dute tarteka entzuten diren neurriek; karbonoa eta erregai fosilak zamapetu, bidesariak ezarri... hainbat modutan egin daiteke. CO2 isuriak murriztearena, kasu, legez ezarria dugu jada. Orain legea betetzea falta da, eta pizgarriak zein izango diren ikustea.

Pandemiaren estualdi honek lidergo mota ezberdinak ere bistaratu dizkigu: Brasil edo Madrilen hildako kopuru itzelak lepoan hartu eta segitu dute aurrera; AEBetan, Trumpenak egitearekin, txertoen patenteak kolokan jarri ditu Bidenek; keinu baino ez du ordea egin; kolperik ez, oraingoz. Gurean, auzokritika autokritikaren gainetik.

Sektoreka, aurrez aurrekotasuna oinarri duten sektoreen aldean, ostalaritza edo turismoa kasu, telelana oinarri har dezaketenek hobe gainditu dute itsasaldia. Honek hainbat jardunetarako dituen inplikazioak itzelak dira. Negozio bidaia, bilera, kongresu, nahiz edozein zerbitzuren jendaurreko arretarako, orohar. Zerbitzuak gure ekonomiaren bi heren dira, eta adimen artifiziala etxekotzen joango zaigu, gainera. Baina janaria, ura, botikak eta, akaso, musukoak izango ditugu, gero ere, oinarrizko behar.

Mikro mailan, hainbat familia eta enpresa pribatu (are) zorpetuago utzi ditu aurkiak; ifrentzua porrotez josia etor liteke. Ez mailegu eta ez maileguondo daudenak ere ez dira gutxi geurean: lehen bezain ikusezin, emakume eta etorkin. Zaharrak berri: ezberdintasun sozialek gora egin dute. Baina pandemian jende guztia aterpetzerik badela ere ikusi da; baita kirol pabiloiak baliatu behar badira ere.

Egoerak derrigorrezko aurrezkira bultzatu ditu hainbat familia, zorpetzera edo desaurreztera beste hainbat. Kontsumoak derrigorra behar ez duen seinale? Jendartean arrakala digitala txikitzen saiatu behar da, eta pandemiak datuen ezagutza eta erabilera itzela duten hainbat ahalguztidun indartu ditu, lehenaz gain. Hezkuntza hobetu eta (berdintasuna) bultzatu beharko da. Baita oinarrizko ikerkuntzaren oinarri delako ere; baina ez bakarrik. Hor dugun erronka aitortu ezean, geureak egin du.

Gure demografia eria ez du eritasun honek osatu. Kontrara. Inmigraziorik izan ezean, populazio galera bizia dugu. Belaunaldi arteko gatazkatik ere izan du pandemiak eta badu etorkizunak, pentsioen gaian, zahartzean, lan merkatuaren malgutasunean, behin-behinekotasun eta langabeziak eragin prekarizazioan. Euskal Herrian erretreta adina gertu edo gainditua dutenen kopurua itzela da; herria aurrera ateratzekotan, gazte gutxi horiek laguntza pixkat baino gehiago beharko dute.

Joan den mendeko egitura eta funtzionamendu moduak moldatu beharrean da geure sektore publikoa (pribatua ere bai!); baina kri-ki-kra-kateko handiak eragiten ditu oraindik, izan txertoak jartzeko SMSetara jotzean, izan errenta aitorpenaren digitalizazioan, izan oposizio gisako betiko eta betirako lan eskema zaharkituekin jardunda. Eztabaida potoloa bezain deserosoa azken hau. Herri ekimenek eta autoantolakuntzak euren indarra erakutsi dute zenbait unetan; ekintza zuzena. Ikerlari publikoen emaitzak baliatzen ere erkin ibili baita sektore publikoa, zer esan enpresa-marrazo erraldoien itsasoan uger egitea tokatu denean edo alarma egoera autogobernutik ezarri beharra gertatu denean: ostra, ze neke! Nago Madril maite dugula berri txarren eroale gisa. Soberana agertu den Kubak eta Sputnik baten abiaduran mugitu den Errusiak erakutsi dute, beti Txina aipatzen ez ibiltzegatik, sistema, jokamolde eta emaitza ezberdin posibleak dituela politika ekonomikoak. EBZk bere burua eta egitekoa bihurritu edo egokitu duen punturaino eramanbadu, geuk ere topatuko ahal dugu geure bainujantzia... nudismoa baztertu gabe.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.