Heziketa fisikoko irakaslea eta militante transfeminista

Olinpiar Jokoak, transfobia eta intersexfobia

Maider Illarregi Fernandez
2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) publikatu berri du bere azken erabakia: emakume biologikoek soilik hartuko dute parte Olinpiar Jokoetan. Berehala sentimenduak pilatu zaizkit. Jo dut medioetara eta sare sozialetara. Kirol eremuko profesional gehienak, beti bezala, isilik daude. Eremu honetako profesionaloi kritikotasunak eta abangoardiak ez gaitu definitzen. Feminista batzuk suminduta agertu dira, beste askorentzat bigarren mailako kontua da faxismoaren tsunami erdian. TERFentzat eta bestelako emakume puruentzat garaipen txiki bat kolkora. Kirol arlo transfeminista, kritiko eta ireki baterako bidean, estropezu gehiegi.

Kirsty Coventryk hartu zuen NOBren lehendakaritza 2025eko ekainean. Zaila da pertsona bat definitzea hitz gutxitan, saia gaitezen hala ere sinpletasunetik irudi bat eraikitzen. Emakumea da, zuria, Zimbabwen jaioa, igerilari ohia, AEBetako igerilekuetan pasa zuen gaztaroa, medailak lortutakoa Olinpiar Joko ezberdinetan eta Kirol ministroa izandakoa bere herrialdean. Azken datu hau esanguratsua da, Emmerson Mnangagwa Zimbabweko lehendakariarekin elkartu baitzen. Gizon honek historia errepresiboa eta biolentoa du atzetik, hauteskundeetan iruzurra egin izana leporatu diote eta 2017ko estatu kolpearen arduradunetako bat omen. Dena oso aurrerakoia.

Coventryk NOBren lehendakaritzara iritsi aurretiko ibilbidean argi utzi zuen bere ikuspegia: kirola zaharberritzeko ahalegin ezberdinen artean, kirola eremu neutro modura identifikatu nahi du eta emakume trans eta intersexualek Olinpiar Jokoetako emakumezko kategorian parte hartzeko debekua bultzatu, besteak beste. Esan eta egin.

Tranposoa da kirola neutroa dela esatea. Despolitizatu eta kritikatua izateko aukera ukatzen du afirmazio honek. XIX. mendearen amaieran kokatzen da Olinpiar Joko Modernoen sorrera. Inperialismoak limiterik gabe ustiatzen zituen lurraldeak eta gizon zuri, heterosexual, garbi, indartsu, arrazional eta zibilizatuaren figura esportatu eta inposatu zen kirolaren bitartez. Heroi bilakatuak, eredu eta erreferentzia izango dira. Bere parean, beti subordinazio egoeran eta debekuz itota, emakumeak eta bestelako disidentzia zein pertsona ez zuriak. Garai haietan sortzen dira kirola erregulatuko duten instituzio eta federazioak, baita gorputz heziketako ikasgaia ere. Garai kolonialista, iluna eta banaketa sexuala zentroan ezarriko duena, dena oso neutroa.

Pareta bera jo dute behin eta berriz. Faltsuak diren positiboak gertatu izan dira maiz eta, zuritasun zientifiko batetik abiatzen direnez, emakume arrazializatuak kanpoan uzteko joera nabarmena izango dute

Biologikoki perfektuak kontsideratzen dituzten emakumeek hartuko dute parte beraz Olinpiar Jokoetan. Honek, 2021. urtean NBO berak hartutako erabakia gaitzesten du. Garai hartan, susmoa hartzen hasiak ziren hautagarritasun kriterio orokortu bat ezartzeko ezintasunaren aurrean kirola birpentsatzeko beharra zegoela. Ausardia gutxiko hasierako pauso bat eman zuen ildo horretan batzordeak eta federazio internazional bakoitzaren autonomiaren baitan utzi erabakia. Gaur egun, ate horiek itxi egin dira eta inoizko giro errepresiboenean aurkitzen gara. 

Atzera begiratuta, emakumezkoen sexu egiaztapenerako azterketak 50eko hamarkadatik aurrera izan dira erabiliak. Hasieran batean azterketa fisikoak izan zituzten hizpide, XX eta XY kromosoma sexualak identifikatzera pasa, ondoren SRY genea erabili zuten (berriki honen inguruko azterketak derrigortuko dira) eta azkenaldian, testosterona milimolak kontatzen ere aritu dira. Edonola ere, defendaezina dena defendatzea zaila denez, oro har, problematikoak izan dira azterketa hauek denak, begirada sinpleegia baitute gure gorputzak duen biologia konplexutasunari erantzun bat eta bakarra emateko. Pareta bera jo dute behin eta berriz. Faltsuak diren positiboak gertatu izan dira maiz eta, zuritasun zientifiko batetik abiatzen direnez, emakume arrazializatuak kanpoan uzteko joera nabarmena izango dute. Bibliografia oparoa aurkituko duzue sarean A. Fausto-Sterling edo L. Ciccia zientzialariak bilatzen badituzue.

Hutsune eta hutsegite hauek etengabekoak direnean, gorputza eta identitateak birpentsatzeko parada ere ematen digu, ezarriak ditugun kategoria mugatzaileetatik ihes egin eta epistemologiak berak zalantzan jarri. Zientziak ez du aurrera egiten, ez du eboluzio akumulatiboaren logika mantentzen, iraultza momentuz betea dago eta ihesbiderik gabe harrapatuko gaitu gu ere. T. Khunen paradigma teoriatik abiatuta, krisi epistemologiko baten aurrean gaude, betiko paradigma horretan anomaliak eta arazoak sortzen direnean eta aurrean dituen arazoei erantzuna ematen ez dienean, paradigma bera krisian sartzen da. Arretaz begiratzen badiogu Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hartutako azken erabakiari, erakutsiko digu marko teoriko batetik bestera jauzi egiteko tranpolinaren ertzean gaudela, ikusten ari garen biologiaren sinplifikazioaren joera, arautegiaren eta legediaren zurruntzea eta afirmazio hiperbolikoak, krisi horren azken adierazle nabarmen izango dira. Guda logika batean sartu da mundua, mendebaldeko hegemonia krisian dago, eta horrekin batera kirola ere bai. Hil aurretik, besteak akabatu nahi horretan, ez dira konturatzen etxeko alfonbra azpian ez dela hainbeste kontraesan sartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA