Euskal Herriko Gazte Feministetako kideak

Ordenaren kontra, desobedientzia feminista

Izaro Fuentes eta Laura Iparragirre
2026ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundua hankaz gora dagoen honetan, ziurgabetasunetik ihes egiteko tresna da nostalgia. Gazteok ezagutu ez dugun baina geurea baino are hobea izandako garaiaren nostalgiak jo gaitu. «Lehen hobeto bizi ginen» moduko esaldiak entzutea ez da kasualitatea. Bizi dugun testuinguruan, iraganaren idealizazioa bultzatzea ez da kasualitatea. Nostalgia bera ere ez da kasualitatea. Izan ere, biolentzia eta pobrezia izan zena ilusioz gogoratzearen iruzurrak ideia erreakzionarioei bide eman, eta horien gorakada bermatzen du.

Faxismoa iragan desiragarri horretara eramango gaituen irtenbidetzat saltzen digute. Baina badakigu iruzurra besterik ez dela; arrazismoa indartu eta feminismoaren garaipenak eraisteko helburua duela. Izan ere, faxismoak pertsona puruak nahi ditu; garbiak, obedienteak, ordena zalantzan jarriko ez dutenak, berau nahasiko ez dutenak, norbanako produktiboagoak izateko helburuarekin eguna lanean edo gimnasioan igaroko dutenak. Finean, askotariko klaseak ikusarazteko eta deuseztatzeko borrokarik egingo ez dutenak.

Feministok jakin badakigu zaharkituta dagoen ordena itxuraberritua gizon, zuri, zis, hetero eta burgesarentzat soilik dela onuragarria. Badakigulako saltzen diguten esfortzuaren bidez lortuko dugun arrakastaren ideia faltsuaren atzean emakumeek gizonentzat dohainik lan egitea dagoela; besteen bizitzak sostengatzeak egiten gaituela puru. Gainera, besteen bizitzak sostengatzeaz gain, besteentzat perfektuak izatea eskatzen zaigu: argalak izatea, sasoian egotea eta geure irudia heterosexual eta eder egitea.

Hori dela eta, ulertzen dugu araua egonkortzen duten praktikak desnormalizatu behar direla, normatibitate horiek faxismoaren sustraiak baitira. Purutasunetik aldentzea, hortaz, hautu politikoa da guretzat, badakigulako gure bizitzak eta gorputzak arautik ateratzea borrokarako gako zein estrategia dela. Desobeditzeak ordena heterosexualak ezarritako bikote antolamendua desegitea dakar; hargatik, lan-banaketa birpentsatzea; hargatik, bizi-ereduak kolektibizatu eta despribatizatzea; eta ordenaren izenean normaltzat ditugun, baina katean lotuta doazen beste hainbat eta hainbat errealitate zalantzan jartzea. Apurtzea. Normatibitatea baita, hain zuzen, faxismoak birfinkatu nahi duena.

Horregatik diogu normatibitatetik irteten garenok, praktika desobedienteak antolatzen ditugun feministok, faxismoaren aurka egiteko subjektu garela. Beraz, neskak, bollerak eta transak zaurgarritzat soilik gaituzten arren, borrokarako subjektu gara. Mundu berri bat eraikitzen gabiltzan subjektu politikoa gara.

Beraz, iragan idealizatura itzultzeko saltzen diguten irtenbide faxistaren aurrean, bestelako sistemak irudikatzen ditugu, eta horien alde egiten dugu borroka. Ez baitugu irtenbide horretan lekurik egiterik nahi, bertatik kanpo eraiki nahi baititugu gure bizitzak. Horregatik, faxismoaren kontra dihardugu, bere sustraiei erreparatu eta ordena patriarkala errotik hausten dugu eta. Azken batean, faxismoak ezinegona bereganantz bideratu nahi duen arren, argi daukagu haserrea sistema berrien aldeko borroketara bideratzea beharrezkoa dela. Noski, bidean beharrezkoa zaigu aliantzak eraikitzea, sistema zisheteropatriarkal kolonialista eta kapitalista eraistea guztion helburua delako. Gure borroka, feminista izateaz gain, antikoloniala eta antikapitalista ere badelako.

Euskal Herriko Gazte Feministok argi dugu ez dugula iraganera itzuli nahi, baina egun bizi dugunak ere ez digu balio. Euskal Herri feminista bateranzko bidean patriarkatuak, heteroarauak, kolonialismoak eta kapitalismoak sostengatutako egitura zaharrak desegin eta orainalditik eraikitzen diren sistema berrien alde borrokan dihardugu. Horregatik, antolakuntzaren bidez, haien normak eta ordena desobeditzen jarraituko dugu. Ordenaren kontra, desobedientzia feminista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA