Hartzen duena zorduntzen da. Gaur, abenduak 3, hamar urte betetzen dira Pako Garmendia hil zela. Urteurren hori oinarri hartuta, omenaldia egingo diogu berak irakatsi zuen Deustuko Unibertsitatean (Donostian). Ekitaldi horretan Pako Garmendia (1946-2015): Burujabetza, Etika eta Elkarbizitza. Euskaldunon Egunkariako iritzi-artikuluak (1996-2001) liburua aurkeztuko dugu.
Liburu horretan, Pakok 1996ko irailetik 2001eko ekainera Euskaldunon Egunkaria-n, Seiko Urrea atalean, idatzi zituen 133 iritzi artikuluak aurkezten ditugu. Pako Garmendia Jose Antonio Agirreren ezpaleko abertzale gisa definitzen zen. Gernikako Estatutuaren defentsa sutsua eginez, Abertzale Gernikazale bezala ere aurkezten zuen bere burua. Euskara, lana, hezkuntza, bizitzarekiko jarrera etikoa, herri-erakundeekiko errespetua eta itunaren bidea ziren, bere ustez, herri burujabetza lortzeko baliabide eraginkorrenak.
Idatzi zituen iritzi artikuluek bere profileko abertzaleek XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasierako urteetan Euskal Herriaren egoera eta etorkizuna nola ikusten zuten ulertzeko aukera ematen digute. 1996. urtetik 2001era arteko garai gatazkatsua hobeto ulertzeko parada dira bere 133 idazlanak.
Iritzi artikulu gehienak momentuko egoera edo gertaera ekonomiko, sozial eta, bereziki, politikoei loturik daude. Baina, betiere, bere pentsamenduaren baitan etengabe agertzen diren hiru galderei erantzun nahi die: Zertatik bizi? Zertarako bizi? Eta nola bizi elkarrekin?
Zertatik bizi? Etorkizunera begira Euskal Herriak duen erronka garrantzitsua da zertatik bizi galderari behar bezala erantzutea. Zentzu horretan, ekonomia, teknologia, enpresa, hezkuntza, ikerkuntza, ezagutza, lana, ekintzailetza eta langabezia gai garrantzitsuak dira Pakorentzat. Izan ere, bere ustez, gai hauetan erabakitzen da, gehienbat, gure izanbidea, bai bizibideari dagokionez eta bai nor izateari begira.
Zertarako bizi? Pakoren ustez, gure bizitzari zentzua ematen diona da gure norabidearen jabe izatea. Maila pertsonalean zein Euskal Herria mailan, azken goiburu burujabetza izan behar da. Izan ere, burujabetzaren bidea galduaz gero, nor izateko aukerak (pertsonalak zein herri mailakoak) bukatzen dira. Berak dioen bezala: «(...) Ez gara ogitik bakarrik bizi. Bizitzari berariazko giza esanahi berezia damaiona, hain zuzen, bere norabidearen jabe izatean baitago».
Euskal tradizioari jarraituz, burujabetza edo gure buruen jabe izatea, geure buruaren arduradun izatea da; geure (eta ingurukoen) egoeraz eta etorkizunaz arduratzea. Zentzu horretan, burujabetzak eskubideak baino gehiago betebeharrak, erantzukizuna edo ardura esan nahi du.
Nola bizi elkarrekin? Pakok Euskaldunon Egunkaria-n iritzi artikuluak idatzi zituen garaia (1996-2001) oso nahasia eta gatazkatsua izan zen elkarbizitzaren ikuspuntutik. ETAren hilketak eta bahiketak, GALen ekintzak justifikatzen zituztenen adierazpenak, abertzaleen eta Euskadiko herri erakundeen aurkako eraso zikoitzak...
Pakoren ustez, herri izanbidean aurrera egiteko, ezinbestekoa da etikaren bidea hartzea. Gizakiak ez baitu bere buruaren nor izanari eusteko modurik, nolabaiteko ethos baten jabe izan gabe; alegia, bere jokatzeko ahalmenari mugaren bat edo beste ezarri gabe (hurkoa ezin da hil, torturatu edo bahitu). Pakoren iritzi artikuluak elkarbizitza ahalbidetzen duten printzipio, balio eta jokabideen aldarrikapenak dira. Eta ethosaren bidean, eredu dira, bereziki, Jose Maria Setien eta Jose Antonio Agirre.
Pakorekin asko gogoratzen garelako egin ditugu liburua eta omenaldia; bere oroimenak bizirik jarraitzen duelako gure artean; baina baita, gure ustez, bere iritziak, gogoetak eta pentsamenduak oso interesgarriak, iradokitzaileak eta baliagarriak direlako gaur egun ere. Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zuenetik 25 urte pasatu badira ere, bere lanek oraindik ere zer irakatsi asko dute, bereziki elkarbizitzari, etikari edo burujabetzari buruz.