Pantailak Euskaraz ekimeneko kidea

Pantailetan ez dagoen hizkuntza eta kultura galdu egingo da

Alex Aginagalde Lopez
2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Andres Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak 2013an egindako ikerketan hala ondorioztatu zuen: munduko hizkuntzen %5 bakarrik daude Interneten; gainontzekoak hiltzera kondenaturik daude. Gurean, Gaizka Aranguren kazetari eta ikus-entzunezko ekoizle ezagunak esaldi potolo hau bota zuen Jakin aldizkarian 2021ean: «Postmodernitatean, pantailak dira hizkuntza eta kulturaren transmisio bitarteko hegemonikoa. Pantailetan ez dagoen hizkuntza eta kultura galduko da».

2021eko ekainean, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko lanean genbiltzan hainbat elkarte eta mugimendutako kideek bat egin eta Pantailak Euskaraz ekimena sortu genuen. Izan ere, kezkaz ikusten genuen gure bizitzetan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari ziren pantailetan (smartphone, tablet, plataforma, smartTV,…) euskarak zuen presentzia urria. Ikerketa soziolinguistikoek diotenez, hizkuntza ohituretan berebiziko eragina dute gure aisialdian ditugun esperientziek. Batez beste, egunean sei ordu igarotzen ditugu Euskal Herrian mota ezberdinetako pantailen aurrean (hiru ordu sare sozialetan, eta beste hiru ordu telebista eta plataformetako edukiak kontsumitzen), eta, horietan ditugun erreferente ia denak erdaldunak badira, ze hizkuntza hautatuko dugu gure eguneroko bizimodurako? Sare sozialetan, streaming plataformetan, telebistan, zein zineman, erdaren itsaso zabalean ia ikusezina den uharte txiki bat da euskara. 

Euskararen kale erabileraren azken neurketaren arabera, 2006 eta 2021 bitartean %1,1 egin du behera euskarak, eta jaitsiera hori askoz nabarmenagoa izan da udalerri euskaldunetan. UEMAko euskara teknikari batek kontatzen zidan nola hainbat herritan gurasoak hika ari ziren bitartean haurrak gazteleraz jolasten ziren, telebistako pertsonaiak oinarri hartuta. Arrue ikerketek ere ikasleen euskara maila azken urteotan beherantz doala erakusten digute. 

Kasualitatea izan ala ez, 2006an smartphoneak sortu ziren, 2010ean Youtube sortu zen, 2016an Netflix iritsi zen gurera… Duela hamarkada batetik hona, mota guztietako edukiak une oro eskura ditugu euskarri desberdinetan, eta gehienak erdaraz dira. Hego Euskal Herriko gazteek Interneten 2024an ikusitako azken edukia %66k gazteleraz kontsumitu zuten, %22k ingelesez, %2k beste hizkuntzetan, eta %1ek soilik euskaraz, Ikusiker Panelaren arabera. Beste arrazoi batzuk ere badaudela ukatu gabe, euskararen kontrako faktoreetako bat pantailak eta hedabideak izan dira, izaten ari dira, halaxe dio Iñaki Iurrebasoren doktore tesiak ere (2023).

Pantailak Euskaraz-en lau urteko ibilbidean gauzak aldatzen hastea lortu dugu.Garaipen nagusia da euskarazko ikus-entzunezkoen gaia eztabaida sozial eta politikoan kokatu izana. Euskaldun gehienok normalizatua genuen streaming plataformetan, zineman, edo sareetan euskarazko edukirik ia ez egotea. Orain, ordea, hizkuntza komunitate gisa, eta baita kontsumitzaile gisa ere, ditugun eskubideak aldarrikatu eta defendatu beharraren kontzientzia piztu dugu.

Horrekin batera, aurrerapauso nabarmenak eragin ditugu streaming plataformen munduan: duela lau urte esku bakarrarekin zenbatu zitezkeen euskarazko edukiak. Gaur egun, merkatuan nagusi diren enpresak (Netflix, Primevideo, eta Max) euskaraz bikoiztu eta azpidatzitako edukiak txertatzen ari dira (jadanik 276 eduki ikus daitezke euskaraz bikoiztuta edo azpidatzita Netflixen, 262 Primen, eta 40 Max-en), eta garrantzitsuena dena, euskaldunok jadanik baditugu euskarazko edukiz, bertako zein nazioarteko, hornitutako streaming plataforma propioak: Primeran(2023tik) etaMakusihaurren plataforma (2024tik). Halere, 13/2022 Espainiar Ikus-entzuneko Lege Orokorrak ez zituen hizkuntza komunitate gutxituek nahi genituen xedapen eta kuotak jaso, eta oso zeharkako betebeharrak ezarri zizkien plataformei, zehapen mekanismo zehatzik gabe gainera. Hori dela eta, ikus dezakegu nola Disney+ plataforman, adibidez, ez dagoen eduki bakar bat ere euskaraz. Are gehiago, bere katalogoan duen euskarazko ekoizpen bat, Irabazi Arte, gazteleraz soilik eskaintzen du.Hori euskarafobia da. 

Euskal Herrian egiten den ikus-entzunezko ekitaldi nagusian ere, Donostia Zinemaldian, Sail Ofizialak euskarazko azpidatziak eskaintzen ditu 2023tik, eta horrek, euskaldunok jaialdi honetan bizi genuen diskriminazio egoera amaitzeko inflexio puntu bat ezartzeaz gain, gure hizkuntza nazioarteko erakusleiho horretan ikusgarri egiten du.  

Baina lortutako garaipenez gain, hainbat erronka potolo ere baditugu parez pare: euskarazko zinemak eta zinemetan euskarak bizi duen egoera, esate baterako. Azken urteotan, bolo-bolo dabil agintari eta komunikabideen ahotan «euskal zinemaren loraldia». IBAIA euskal ekoizle elkarteak, ordea, kontrakoa salatu zuen 2023ko maiatzean Eusko Legebiltzarrean: euskarazko zinema hilzorian dagoela esan zuen. Ez baita gauza bera cine vasco eta euskal zinema. Egia da azken hamarkadan, arloko profesionalek egindako aparteko saiakerari esker, euskarazko zinemak ale zoragarriak utzi dizkigula, nazioartean ere ibilbide oparoa egin dutenak. Baina hori nahikoa al da «loraldiaz» hitz egiteko? 

Aztertu ditzagun datu objektiboak: 2022an, euskarazko fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu zinemetan: dokumental bat eta hiru animaziozko pelikula besterik ez. 2023an, berriz, euskarazko fikziozko lan bat izan genuen, Irati, hiru dokumentalekin batera. 2024an ere, Azken erromantikoak, Bizkarsoro, eta Negu hurbilak izan ditugu euskarazko fikziozko bakarrak. Euskal Herriko zinemetan%2koa izan da euskarazko estreinaldi kopurua, eta, filmen emanaldi kopuruari erreparatzen badiogu, %1 baino gutxiago izan da euskaraz. 

EAE eta Nafarroa azken putzak izan dira azken urteetan Estatuan hizkuntza koofizialeko ikus-entzunezkoen ekoizpenera bideratutako aurrekontuetan: Katalunia, Valentzia, eta Galizak diru gehiago inbertitu izan dute. Zorionez, 2024an, Jaurlaritzak ekoizleen eta herri ekimenen eskaerei erantzun positiboa eman, eta ekoizpenerako diru-laguntzak 2,4 milioi eurotik 7,3 milioira igo zituen, horietatik erdia baino gehiago euskarazko edukientzat izango dela bermatuz. Jakin berri dugu aurtengoan ere kopuru horrek gorantz jarraituko duela, eta ia 9 milioi euro bideratuko direla EAEn zinema ekoizpenera, horietatik 6 milioi euskarazko edukietara. Beharrezkoa zen halako apustu bat euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza biziberritzeko, hau bideragarri egiteko, eta haien aldeko apustua egiten duten profesionalen ziurgabetasuna gutxitzeko. Espero dezagun honek zinemetan (eta zeharka, plataformetan) euskarak bizi duen egoera hobetzen laguntzea. Badirudi 2025ean eta 2026an euskarazko ekoizpen gehiago iritsiko direla zinemetara. 

Kontuan izan behar dugu, hizkuntzaren aferaz gain, ikus-entzunezkoek duten garrantzia iruditeria kolektiboa elikatzeko, kultur erreferente amankomunak sortzeko, alegia, gure herri nortasuna indartzeko. Beharrezkoa da gure historia eta istorio unibertsalak guk geuk gure hizkuntzan eta gure mundu ikuskeratik kontatzea, eta nazioarteko istorioak ere gure hizkuntzara ekartzea. Ikus-entzunezko kontakizun propiorik ez duen herria ez baita existitzen.   

Baina euskarazko ikus-entzunezkoek bizi duten egoera benetan iraultzeko, ezinbestekoa izango da gure lurraldeetan araudi propioak garatzea eta ekoizpen eta bikoizketarako baliabide eta aurrekontuak biderkatzea. Bitartean, herritarrok euskarazko edukiak kontsumitzen, zabaltzen, gehiago nahi ditugula aldarrikatzen eta erakundeak interpelatzen jarraitu behar dugu, maiatzean Euskaraldiaren bezperan antolatu dugun #Pantailaldia bezalako ekimenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.