Irakaslea

Paradoxa krudela

Oiana Ortega Arin
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte igaro dira gure aitari, Miki-ri, Alzheimerra diagnostikatu ziotenetik. Azkenean, antzematen genizkion zantzu txiki xelebre horiek guztiek elkarren artean konektatu eta egun dagoen gaixotasun krudelenetako baten izena josi zuten.

Egun hartatik, nire beldur handienetako bat Miki gure seme-alabez ahaztea izan da, anaiaz edo nitaz ahaztea ezinezkoa iruditzen zitzaidan, gure ama ezagutuko ez zuenik ezin nezakeen irudikatu. Dagoeneko hasi da gure seme-alabak ez ezagutzen eta hilabeteak dira beldur berri bat sortu zaidala: nik, guk, Miki ahaztea.

Denbora pasa ahala aitaren apurrak esku artean irrist egiten didate, ezin eutsi aita izan zen horri. Hasieran, Mikik gauza txikiak ahazten zituen; baina bera zen oraindik ere. Espazioan eta denboran noraezean dantzan, baina tarte luzeetan eta nahiko sarritan bera zen. Bilobengatik; gugatik, izaten saiatzen zen: ahal zuen guztia egiten zuen bera izateko. Guk horri estu heltzen genion.

Pixkanaka, edonori izua ematen diona eta ezinezkoa dirudiena gertatzen hasi zen: azalean josita geratzen diren data garrantzitsuak ezabatzen hasi ziren, hezur muinetaraino sartzen diren bizipen ahaztezinak galtzen hasi ziren, baita ere bere umorea, bere bizipoza, bere rola familian, bere keinuak, bere kritikotasuna, bere begirada, bere ahotsa… hustuz joan zen: panpintzen.

Eta ni, guztiz etsita, aitaren zati txiki horiek xaxatu eta topatzeko egoerak bilatzen hasi nintzen: umetako eta gaztetako argazkiak, Pantxoa eta Peio, txokolate beltza, piruleta, Laboa, perretxikoak, mendiko ibilbideak, Alde Hemendik!, anis bolak, biloben bideoak, The Beatles, baratzea, almendrazko pastak, Benito Lertxundi, Errezil sagarra, jo ta ke, gaztainak, izozkia… baina heldulekuak murrizten hasi dira, eraginkor izateari utzi diote. Hemen dago aita, baina badoa. Hau ez da Miki, baina hemen dago.

Aitak gaixotu denetik askotan esan dit torturen ondorioz galdu duela burua… Eta hala balitz? Ezin da kasualitatea izan lehen isilik eta lotsaz zeramana, oso gutxitan kontatu zuena, azken urteetan modu obsesiboan aipatzea, behin eta berriz. Egunero

Ni ezagutzen nau gehienetan, baina gure aitak ez du bere burua ezagutzen; erabat ahaztu du —egiaz eta sakontasunez— nor den. Bere bizitza eraiki duten handitasunez betetako oroitzapen txikirik ez du gogoan. Non daude gure egunpasak, gure oporrak, gure mendiak, gure bazkariak, gure abenturak? Non dago gure aita? Azken urteetako zapore mingotsak lapurtuko al du bere bizitzaren goxotasun osoa?

Duela egun batzuk bihotza zanpatu zidan zerbait esan zidan: «Lo he perdido todo. Ya no me queda nada. No me acuerdo de nada, qué triste» (Dena galdu dut. Ez zait ezer geratzen. Ez naiz ezertaz akordatzen, ze tristea).

Galdetzen nion ea Txinara ezkon bidaia oroitzen zuen, ea gogoan zuen nire anaiak Gorizeko gailurrean rubeola nola hartu zuen, biloben jaiotza eta lehen urteak… berak ezetz erantzun zidan, jota: «Solo me acuerdo de las torturas» (Bakarrik torturez akordatzen naiz).

Eta nik amorrua sentitzen dut; errazagoa delako amorruan sutzea tristuran itotzea baino.

Aitak gaixotu denetik askotan esan dit torturen ondorioz galdu duela burua… Eta hala balitz? Ezin da kasualitatea izan lehen isilik eta lotsaz zeramana, oso gutxitan kontatu zuena, azken urteetan modu obsesiboan aipatzea, behin eta berriz. Egunero. Etengabe.

Mingarria da zoriontasuna eman diona nola ahaztu duen ikustea (bilobak ez ezagutzea, adibidez) eta muturreko beldurra sentiarazi ziona —1975eko irail amaieran jasandako torturak— xehetasun osoz deskribatzea.

Gerra, tortura eta muturreko indarkeria pairatu dituzten pertsonengan memoriarekin, arreta-gaitasunarekin eta beste hainbat funtzio kognitiborekin lotutako kalte iraunkorrak antzeman dira ikerketa batzuetan

Paradoxa krudela da: bizitza guztian zehar ahaztu nahi izan duena izatea gogoratzen duen bakarra.

Orain arte egin diren ikerketen arabera, trauma larria eta estres post-traumatikoa pairatu duten pertsonek dementzia izateko arrisku nabarmen handiagoa dute (GĂ¼nak et al., 2020).

Bi milioi pertsona baino gehiago aztertu zituen metaanalisi batek ondorioztatu zuen buruan jasandako kolpeek (traumatismo kraneoentzefalikoek) dementzia eta Alzheimer gaixotasuna garatzeko arriskua handitzen dutela (Li et al., 2017). Ikerketaren arabera, buruan kolpe bat izateak %51 handitzen du Alzheimerra garatzeko arrisku erlatiboa, eta dementziaren kasuan %63.

Gerra, tortura eta muturreko indarkeria pairatu dituzten pertsonengan memoriarekin, arreta-gaitasunarekin eta beste hainbat funtzio kognitiborekin lotutako kalte iraunkorrak antzeman dira ikerketa batzuetan (Rehman et al., 2021).

Eta hau guztia zientziak dio; ez da Mikiren harrikada.

Traumek eta torturek garunaren egituran eta funtzionamenduan uzten dituzten arrasto biologikoak dokumentatu dira erresonantzia magnetikoen, garunaren metabolismoaren azterketen eta proba neuropsikologikoen bidez (Zandieh et al., 2016).

Mikik bizitzan garrantzitsuena dena ahaztu du eta horrek ez du atzera-bueltarik. Alferrik da gaitzaren iturria zoroen moduan bilatzea. Hainbat faktore tarteko, alzheimerra du.

Orain gure txanda da: gure aitak ahaztu duena gogoan mantentzea dagokigu. Gure erantzukizuna da bizipenei eustea eta berarekin batera bizipen berriak sortzea.

Gure aitak ez du gogoratzen jan berri duena, baina momentua gozatzeko gai da. Badaki maite dugula eta horrek poza eta lasaitasuna ematen dio. Hori da Mikik duen aringarri bakarra: maitasuna.

Emango diogu, bada, maitasuna; tamaina, itxura, usain, doinu, testura eta zapore ezberdinetan. Batzuetan mingarria izan arren, erraza ez izan arren… hori da bidea. Baina aitortu behar dut beste gauza bat ere desio dudala gure aitarentzat: torturen zauria behingoz ixtea.

Ziur naiz aitorpen instituzionalarekin batera Mikiren atsekabea xamurtuko litzatekeela. Etengabe gogorarazi beharko bagenio ere, bihotzez eskertuko nuke bere mina arintzeko tirita txikia izatea. Bere errumiazioaren katea mozteko tresna nahiko nuke, behin eta berriz erabili beharko banu ere. Berandu baino lehen. Gogoratzen duen bakar hori ahaztu aurretik.

Barruan usteldu eta gorputza zein gogoa pozoitu dion arantza kendu nahiko nioke bakean bizi dadin eta lasai har dezan atseden.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA