Pello Zabala

2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Pelloren heriotza dela eta ondoren bizitako guztiak nire barrenak zerbaiten faltan kezkati aurkitzen ditut, ase gabeak, eta gogoeta batzuk egiteko nahia sortu zait. Izugarria izan da Euskal Herri osoko medioek nola goraipatu duten Pelloren bizitza, jarduera eta emana. Merezimendu osoz, noski, ez da gutxiagorako izan bere presentzia Euskal Herrian. Bere azken agurrean jendetza bildu zen Arantzazuko basilikan, oso maitatua baitzen.

Baina nire barrenak zera esaten dit: hori dena beharrezkoa eta merezimenduzkoa izanik ere, Arantzazuko basilikako –nahiago dut eliza hitza erabili– elizako kanpoaldea da, kanpotik ikusten den eliza, azalekoa alegia, ederra eta berezia. Baina elizak barru bat ere badu eta Arantzazukoaren kasuan handia, gainera. Pelloren barruko elizaz gutxi hitz egin da. Hala ere, esan behar da Arantzazuko elizak eta Pellok desberdintasunak bazituztela, nahiz eta Pellok izugarri maite Arantzazu eta bertako eliza. Arantzazuko elizak itxura berrikoa, modernoa ematen badu ere, egituraz eta formaz nahiko klasikoa da. Hasteko, planta gisa gurutze latindarra du, Lucio Muñozek landutako abside borobila eta erdiko habeartearen sabaia erromanikoaren kanoi-ganga itxurakoa, ez berdina. Presbiterio aldean, aldare inguruan, argi asko badago ere, berez, XX. mendeko eliza izateko iluna da. Kanpoaldea aztertuz gero, fatxada klasikoa dauka, erromanikoko eta gotikoko eliza askok duten antzekoa: bi dorre ezker-eskuin, behealdean Txillidaren ate nagusiak, Oteizaren apostoluekin egindako frisoa, erromanikoetan eta gotikoetan egongo litzatekeen leiho borobila edo arrosa leihoaren gainaldean Oteizaren Pietatea. Konposaketa honetako fatxadak erromanikoan eta gotikoan leku askotan aurki genitzake, Oteizaren eta Txillidaren lanak kenduta, noski. Dorre handia elizatik aparte kokatzea ere erromanikoetan eta gotikoetan ohikoa da; beraz, antolaketako estrukturaz berririk ez. Dorreetako piramide puntak, Arantzazun arantzak direnak, erabiltzearena ez da berria. Italiako Ferrera hirian bada XVI. mendeko palazio bat, Palazzo dei Diamanti izenekoa, bere horma guztiak piramide puntadun marmolarekin eraikiak dituena.

Pelloren eliza, oinarri sendoetan eta klasikoetan eraikitakoa bazen ere, ez zen hain iluna, argitsua zen, eta batez ere irekia, oso irekia. Horregatik Frantziskotarren Arantzazuko Probintziako Nagusiak egindako sermoiak ez ninduen bete, ezta Euzkitzek botatako hiru bertso ederrek ere. Euskadi irratiko igande goizetako mezetan Pellori sermoia egitea noiz tokatzen zitzaion ongi zaintzen nuen, ez baitzuen beti berak egiten, txandatuz baizik. Arantzazun bertan ere, igande batzuetan, bere sermoiak «belarri prest» entzuten nituen. Bere hitzek askatu egiten ninduten, beste batzuenak, errukiaren izenean, lotzen, kezkatzen, beldurtzen ninduten bezala. Elizetan marmolezko arantzak gehiegitan aipatzen dira eta Jainkotasunaren eguraldi goxoaz gutxi hitz egiten da. Pellok Arantzazuko elizaren berritasuna baino buru eta bihotz askoz ere gaurkotuagoak zituen eta ahalegintzen zen hori adierazten, baina ez da erraza. Hau askotan gertatzen da. Nola eskatu askatasuna goitik zigorrarekin zain daudenen aurrean. Herri honetan horretaz asko dakigu. Hala ere, ahaleginik ez zen falta. Adibide gisa esan dezaket, Frantzisko Aita Santu egin zutenean (2013-03-13), urte horretan bertan publikatu zuela Pellok, aurrez bere BERRIAKO blogetan idatzitako Joan XXIII.aren Kontzilioari buruzko lanak. Frantzisko Aita Santuan zituen jarrita bere esperantzak. «Esperantzari leiho bat ireki omen diote...», zioen Gandiagaren poema batek ere. Askotan pentsatu izan dut Pello ere ez ote den Arantzazun Frantzisko Aita Santua Erroman bezala sentitu.

Pellok elizako pareta bat gustura botako zukeen argi gehiago sar zedin bertara, baina eliza gainera erortzeko arrisku handia zegoen eta dago. Ez dira urte asko beste Arantzazuko fraide batek elizako horma zati bat bota zuela eta eliza erori zitzaiola gainera: Joxe Arregi teologoari, hain zuzen.

Pena bat daukat. Gaztetatik harreman oso ona izan nuen Pellorekin eta urteak joan eta urteak etorri ez nuen nik gaur nahiko nukeen sakontasunez bere ikuspegi Jainkotiar eta Jainkotasunezkoa edo Jainkoa, bizia eta naturaren arteko bere jakinduria dastatu. Irakurle bikaina zen eta ondo ezagutzen zituen gaur egun Jainkotasunaren inguruan mugitzen den guztia. Ez zen «nik badakit» edo «hau horrela da» esanez bizi diren apaiz edo fraide horietakoa, duela 5000 urteko mitologian geratutakoak. Beste pena bat. Pello Zabalaren izatea bere kanporako jardunean bakarrik geratzea. Fraide frantziskotarra zen, apaiza eta argi bilatzailea eta argitua ere bai. Lastima berarekin eraman duela barnean zuen altxor ederrena!

Betirako lagunak, Pello.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.