Pentsioduna

Pentsioen lege ekimena: ukatze bikoitz baten ondorioak eta irakaspenak

Iñaki Bernaola
2025eko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit harridura, etsipena edo zer sortu duen Pentsiodunen Mugimenduak bultzaturiko herri ekimen legegileari gobernuak eta beraren aldekoek emandako arbuiatze bikoitzak. Denetarik, seguru asko. Agian batek baino gehiagok itxaropena zuen; lege proposamena, behinik behin, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran eztabaidatuko zelakoan.

Jakina da zein izan den herri ekimenaren muina: gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ezagunak dira, baita ere, arbuiatzea justifikatzeko emandako arrazoiak. Ez da beharrezkoa, beraz, jadanik horretan luzatzea. Nolanahi ere, nik uste dut merezi duela ekimen legegileak duen benetako helburuaz hausnartzea. Zertarako aurkeztu zen ekimena? Zer lortu nahi zen hilabeteetan bildutako 145.000 sinadura baino gehiagorekin? Erantzuna argia da: txiro batzuek txiro izateari uztea, edo behintzat lehen bezain txiro ez izatea.

Zeren eta gure herrian txiroak badaude. Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), gure herrian txirotasuna lehen mailako arazoa da, beste herri askotan bezalaxe. Orain arte zeharo konpondu gabe dagoen arazoa, gainera. Eta txiro horien artean, pentsiodun ugari dago, emakumeak batik bat. Lege ekimenaren proposamena ontzat eman izan balitz, pentsiodun askok txiro izateari utziko zioten, behar den bezalako lege bermearekin gainera. Pentsio batek lege berme sendoagoa ematen baitu unean uneko DSBE bezalako laguntza batek baino, laguntzarik izatekotan.

Laburbilduz: txirotasuna desagertzeko edo, behintzat, gutxitzeko asmoz egindako ekimen handi bati ezezko biribil eta bikoitza eman berri zaio gobernua osatzen duten bi alderdien aldetik, eskuin muturreko beste batek lagunduta, gainera. Zer dela eta, horren portaera zital bezain zikoitza? Zilegi bekit zenbait erreferentzia aipatzea, besteak beste:

Azken hamarkadetan munduko aberatsak aberatsago bihurtu dira; eta txiroak txiroago. Fenomeno horretan gure herria ez da salbuespen.

Azken urteotan Lehendakaritzaren eta enpresarien arteko harremanak ohikoak eta, oro har, hurbilak eta atseginak izan diren bitartean, langile sindikatuekin, ordea, hotzak, eskasak eta maiz istilutsuak izan dira.

Beste herri batzuen egoerarekin alderatuta, ohartu gara jokabide politiko desberdinak erabiltzen direla. Esate baterako, duela ez asko Txinako lehendakaria den Xi Jin Pingek iragarri zuen historian lehenengo aldiz herri osoan txirotasuna desagerraraztea lortu zutela; herri kapitalista gehienak helburu hori lortzetik urrun baino urrunago dauden bitartean.

Azken adibide hau irakurritakoan, baten batek pentsa dezake Txinarena egia balitz ere ezin konpara daitekeela demokrazia batean gozatzen dugun askatasuna gizartea zapaltzen duen diktadura anker eta gupidagabe batekin. Norberaren esku dago gure demokrazian fede gehiago edo gutxiago izatea, baina, hala ere, niri deigarri —eta susmagarri— egin zait txiroen mesederako eginiko proposamen bati gure herriko demokrata batzuek —gobernuak eta legebiltzarkide batzuek kasu— zein jaramon eskasa egin dioten, nahiz eta hamarnaka mila herritarrek eskatua eta sinatua izan zen.

Legebiltzarrean, eta Gobernuan lehenago, hartu duten jarrera itxia ikusita, galdera bat sortzen zait ezinbestean: ba al dago gure demokrazia horretan txiroen arazoak benetan tratatzeko eta konpontzeko tokirik? Zoritxarrez, esan beharra dago oraingoz ez dirudiela gure demokrazia txiroen demokrazia denik.

Ustez «txarrak» diren erregimen politiko guztien artean, demokrazia «txar» gutxien dakarrena dela baieztatu du batek baino gehiagok. Nik neuk zalantzan jarriko nuke baieztapen hori. Areago: ez dut uste erregimen politiko bat guztientzako ona edo txarra denik era berean. Eta pentsio urriak jasotzen dituzten pentsiodunen aldeko herri ekimen legegilearekin gertatu dena ikusita, ez dakit gure demokrazia baino hobeak ez ote ziren izango beste erregimen batzuk: Sozialismoa beharbada?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.